Artez Euskara Zerbitzuak 15 urte bete berri ditu euskararen normalizazioaren alde lanean. Hori dela eskuartean dituen proiektuen berri zabaldu nahi izan du jendartean.
Artez Euskara Zerbitzua orain dela 15 urte jaio zen, 1990eko irailean hain zuzen ere, eta gogoratzeko moduko urtemuga dela iritzi diogu.
Historia apur bat egiteko, ARTEZ Euskal Papergintzan aritzen zen enpresa moduan sortu zen, baina laster hasi zen ere lan munduan euskararen normalizazio planak sustatzen eta garatzen, eta arlo honetan Euskal Herriko enpresa aitzindarietako bat da.
Hamabost urte hauetan egoera hau irauli egin da eta, gaur egun, euskara planen aholkularitza alorrean enpresa gehiago aritzen gara. Gure laguntzarekin edo eurek zuzenean, 120 enpresa eta erakunde baino gehiagok euskara plana ezarri dute gaur egun. Horrekin batera, euskaraz zerbitzua emateko edo lan egiteko konpromisoa hartu duten erakunde, profesional, enpresa edo merkatariak
1.000 baino gehiago dira jadanik.
Euskara normalizatzeko helburuarekin, Artez kooperatibak laguntza, aholkularitza teknikoa, prestakuntza eta bestelako laguntzak eskaintzen die, enpresa, erakunde eta udalei, eta gaur egun lau zerbitzu mota eskaintzen ditu helburu hauek betetzeko: Erabilera planak, Itzulpengintza, Euskal papergintza eta Internet bitartez ematen diren zenbait zerbitzu.
Euskara normalizatzeko zerbitzuak
Gaur egun, normalizazioari begira, lau zerbitzu mota eskaintzen ditu Artezek:
Erabilera planak.
Erabilera planei dagokionez, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzen laguntzeko, diagnostikoak, aholkularitza, prestakuntza, jarraipena eta laguntza teknikoa eskaintzen zaie enpresa, udal,
erakunde, dendari eta profesionalei. Laguntza hau erakunde hauetako bakoitzari egokituta ematen da eta horretarako Eusko Jaurlaritzako Biziberritzeko Plan Nagusia,Kontseiluko Plan Estrategikoa eta, jakina, Artezeko metodologia uztartzen ditugu.
Gure langile kualifikatuek erakunde hauetako langileekin batera lan egiten dute euren lana euskaraz egin dezaten laguntzeko: erabiltzen duten idatzizko materiala itzultzen, euren eguneroko lanean agertzen diren hitzekin hiztegi bat osatzen... Behar duten guztian.
Kasu batzutan bultzada bat baino ez dute behar izaten eta, zentzu horretan, motibazioa lantzea ere garrantzitsua izaten da. Horretarako barne aldizkariak argitaratzen dira, taldean egiteko ekimenak antolatu eta beste hainbat gauza.
Alde ekonomikoa ere garrantzitsua izaten da enpresa askorentzat eta horregatik gu, planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz gain, finantzaketaz ere arduratzen gara. Eta erakundeen aurrean egin beharreko lanen kudeaketa burutzen dugu: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Hobetuz, Udalak... eta baita Kontseiluko "Bai Euskarari" akordioarekiko hartutako konpromisoen jarraipena ere egiten dugu.
Itzulpengintza eta testuen egokitzapena.
Itzulpengintza arloari ere garrantzi handia ematen diogu. Gure helburua ez da bakarrik testuen itzulpen hutsak egitea. Euskaraz lan egiteko, ezinbestekoa da erabiltzen diren testu, inprimaki eta mota guztietako komunikazioak ulergarriak izatea. Horregatik, Artezek testuak itzuli ez ezik egokitu egiten ditu eredu erabilgarri eta ulerterrazak eginez.
Sarritan ikusten ditugu, adibidez inprimaki administratiboak, hizkuntza korapilatsuarekin eta testu luzeekin egiten direnak. Ulertzeko zailak direnak. Guk egiten duguna izaten da informazioa garrantziaren arabera antolatu, eskematizatu, laburtu, betetzeko errazak egin... Azken baten, erabilgarri egin.
Euskal Papergintza.
Bulego materialaren inguruan, euskarazko mota guztietako produktuak sortu eta banatzen ditugu: agendak (orrialde eguna, astea bista, mahai takoa, poltsiko agenda, irakasle eta ikasle agendak), kautxu zigiluak, errotuluak, krismak, zorion postalak, postalak, liburu ofizialak, etab.
Internet zerbitzuak.
Euskaldunon Gida eta Posta Kodeak, euskaraz atenditzen duten 27.000 enpresa, denda, profesional eta erakundeen inguruko kontsultak egin daitezke bertan: telefonoak, helbideak,
. Horrela pediatra, abokatu edo iturgin euskaldun bat bilatzea ez da hain zaila (www.euskaldunongida.net).
Artezen papergintza denda (www.artez.net/denda). Euskal Herriko mota honetako lehengo sareko dendan euskarazko 1000 produktutik gora aurkitu daitezke bertan
Interneteko euskara hiztegiak elkartzen dituen web gunea (www.hiztegia.net). Bertan atal ezberdinetan banaturik 90 lotura aurkitu daitezke. Orrialde honek hilero 3000 erabiltzailetik gora ditu.
Artez kooperatiba handitzen joan da 15 urte hauetan eta, enpresa sortu zuten 2 pertsonetatik, 17 langilera pasatu gara gaur egun.
Artezen 15 urtetako uzta
Hamarkada eta erdi honetan, lan handia egin du Artezek euskararen erabilera laguntzen. Gaur egun 6 enpresa eta erakunde handi, 37 enpresa txiki, 310 denda eta 53 elkartek Artezen laguntza jasotzen dute euskara normalizatzeko. Guztira 406 erakundek gure zerbitzuen erabiltzaile dira. Papergintzako produktuak ere gaur egun Euskal Herri osoko liburu denda eta merkataritza zentro ezberdinetan aurkitu daitezke eta baita ere
Zerbitzu berriak
Irailean www.ikaSare.net indarrean jarri du Artezek. Honen bidez, euskaraz lan egiteari begira dagoen prestakuntzan aurrerapauso handi bat eman da, urrutiko prestakuntzan atal hau sartu dugulako.
Honela, enpresa bakoitzari egokitutako ikastaroak eskaintzen hasi gara: finantza arloko langileek terminologia ikasteko ikastaroa, enpresa baten estilo liburua lantzeko ikastaroa, etab.
Bestetik kolektibo zehatzei zuzendutako ikastaroak ere eskaintzen hasi gara: merkatariak, kiroletako begiraleak.
Une honetan, udal batzuekin egindako elkarlanari esker, Gernika-Lumo, Txorierri, Amurrio, Ugao, Zeberio, Orozko eta Arrankudiagako 300 dendari eta zenbait erakundeek ere, aukera dute programa honen bidez euskara komertziala lantzeko edota kirol arloko terminologia ikasteko.
Horrekin batera, eguneroko harreman sozio-ekonomikoetan eta eguneroko bizitzan erabili ohi diren dokumentuak bildu ditugu www.agiriak.net atarian: lan kontratuak, elkarte mota ezberdinak legeztatzeko estatutuak, etxe bat alokatu edo erosteko kontratua, besteak beste. Inprimaki estandarren fondo honekin, euskaraz lan egiten duten edo saiatzen ari diren erakunde eta pertsonei lana erraztu nahi zaie.
Erantzun
Sartu