Enpresa-sustapenerako SPRI elkarteak eta EAEko hiru foru aldundiek ETB2n izango den programa berri bat aurkeztu zuten atzo: Generación XXI. Antolatzaileen iritziz, enpresa ideia baloratu eta saritzeaz gain, ideia berritzailea enpresa (enplegua eta aberastasuna sortuko duena) bihurtzeko behar diren oinarrizko teknika eta mekanismoak erakutsiko dira. Gaztelaniaz izan beharko da, ematen du.
Programa hau hamahiru astez emango da ETB2-n eta 27 lehiakidek parte hartuko dute. Lehiakide hauek hasiera fasean edo garapen bidean dagoen ideia berritzaile bat aurkeztu beharko dute. Parte-hartzaileak euren artean lehiatuko dira eta epaimahai baten aurrean defendatuko dute beren ideia edo proiektua. Enpresa eta erakundeen munduko profesionalek osatuko dute epaimahai hau.
Parte-hartzaileek enpresa munduko hainbat proba gainditu beharko dituzte eta euren proiektua defendatu eta aurrera atera beharko dute. Lehiaketan, enpresa ideia baloratu eta saritzeaz gain, ideia berritzailea enpresa (enplegua eta aberastasuna sortuko duena) bihurtzeko behar diren oinarrizko teknika eta mekanismoak erakutsiko dira, antolatzaileen iritziz. Urrian abiatuko da programa. SPRIk honela azaltzen du programaren funtsa:
Ekimen hau ekintzaile berriei laguntza publikoak eskaintzeko eta espiritu berritzailea sustatzeko erakundeen arteko hitzarmen baten emaitza da, eta euskal erakundeetan indarrean den edo laster aurkeztuko den laguntza multzo baten barruan dago; hartara bada, laguntza horiei esker, enpresa bihur daitezke berritzaileak izanik oraindik abian jarri ez diren ideiak. SPRIren kasuan, ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak sustatzen duen "Euskadi Gizarte Ekintzailea" Planaren barruan kokatzen da.
Generación XXI programak bi helburu ditu, batetik, lehiakortasuna bultzatzea eta, bestetik, didaktikoa izatea. Lehiakortasunaren osagaia formatuan bertan ikus daiteke, kanporaketak izango direlako astero; horretarako, epaimahaiak zera ebaluatuko du, nola sortu, kudeatu eta saldu duten parte-hartzaileek (hasieran 27) beren proiektua. Osagai didaktiko eta zabaltzailea, aldiz, telebistaren bidez ikusiko dugu, bertan azalduko baitira zeintzuk diren EAEn ekimen berritzaileak bultzatzeko dauden tresnak, alegia, administrazio publikoak kudeatzen dituenak.
Proiektu honetan parte hartzen duten erakundeek telebista aukeratu dute, ahalik eta ekintzaile potentzial gehienengana iritsi nahi dutelako, berdin diolarik zein den berauen adina, sexua, egoera ekonomikoa edota maila kulturala. Izan ere, helarazi nahi den mezua da ideia bideragarriak dituzten pertsonei edo pertsona taldeei laguntzak (hain zuzen ere, ideia hori abian jartzeko laguntzak, laguntza finantzarioak, tutoretzakoak, komertzialak, kudeaketakoak, eta abar) eskainiko zaizkiela.
Lehiaketaren mekanika
SPRIren albistean ez dugu aurkitu nola eman behar den izena.
Erantzun
Sartu