Teknologia albisteak

Uxue Alberdirekin elkarrizketa (idazle gazteentzako Igartza Sariko irabazlea)

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Elkar
2005-09-15 : 12:09

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) izan da 2005eko Igartza Sariaren irabazlea, "Aulki bat elurretan" izeneko proiektuarekin. Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar-ek idazle gazteentzako zortzigarrenez antolaturiko beka honetan Suedian azken ikasturtean ikasi, ikusi eta bizitakoak aprobetxatu ditu idazleak. Hona haren hitzak.

"Insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa… era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz"

"Insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa… era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz"

Bekara aurkeztu duzun egitasmoa ipuin bilduma bat da, baina ipuin solteek badute elkarrekiko lotura, ezta?

Bai, ipuinek hainbat eratako loturak dituzte beren artean. Dena den, nire asmoa ez da izan ipuinak, pertsonaiak edo lekuak korapilatzea. Istorio guztiak negu berberaren azpian eta elur beraren gainean gertatzen direla adierazteko modu bat dira loturak. Lotura gehienak detaile txikiak baino ez dira, agian oharkabean pasako direnak, baina idazterako orduan niretzat asko esan nahi dute. Asko gustatzen zait detaileei kasu egitea, dibertitu egiten nau gauza txikiak letren artean ezkutatzeak eta, egia esan, askotan idazten dut detailerik txikienetik abiatuta. Gauza handiak kontatzea askoz gehiago kostatzen zait. Baina, bestalde, badira ipuin batzuk liburu osoan jarraipen bat izango dutenak, eta horiek bai, horiek lotura narratibo bat izango dute.

Suedia eta suediarrak erakutsi nahi bat nabari da. Hain berezia egin al zaizu herri hori?

Beste guztiak bezala, pentsatzen dut. Baina besteak ondo ezagutzeko denborarik ez dut izan. Gainera, herrialde eskandinaviarrek badute zerbait berezia: klimak asko baldintzatzen du haien izaera, eta paisaiak ikusgarriak dira. 20 orduko gauak bizi izan ditugu neguan, eta 20 orduko egunak udan. Bakarrik eta isilik ere ez dut sekula horrenbeste denbora pasa, etxetik urrun ere ez, inor ukitu gabe ere ez… Sekulako esperientzia izan da, eta pentsatzeko denbora asko eduki dut. Dena den, Suedia eta suediarrak ere zeharo estereotipatuta dauzkagu, eta estereotipo horiek apurtzen ere saiatu beharra dago.

Neurri batean, mendebaldeko gaur egungo gizartearen ispilu bat ere egiten duzu, ezta?

Bai, Suediak badu halako nahasketa arraro bat. Alde batetik, amerikanizazio nabarmen bat igartzen da hirietan, hezkuntza sisteman, muturrera eramandako indibidualismoan… Baina, bestetik, oraindik oso barneratua du ongizate sistemaren ideia, sexuen arteko berdintasunari izugarrizko garrantzia ematen diote… Immigrazioa ere Euskal Herrian baino askoz nabarmenagoa da eta oso interesgarria da Suediako kurduen, palestinarren, bosniarren, indiarren eta hainbat eta hainbat herrialdetako jendearen bizitzak gertutik ikustea. Mendebaldeko herrialde aberatsetako gaitzak eta gaixotasunak ere inoiz baino gertuagotik ezagutu ditugu: insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa, itxurari ematen zaion muturreko garrantzia… Hala ere, gai hauek guztiak nahiko era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz.

Zure Erasmus urtea emankorra izan dela ematen du; beste inon eman bazenu, zer uste duzu izango zela desberdina?

Desberdina, dena. Segur aski Suedian bezain emankorra izango zen munduko beste edozein txokotan ere; urtebete etxetik kanpo ikasten ematea, askatasun osoarekin, lagun, paisaia, hizkuntza, usain eta kultura desberdinekin… Hori beti da pasada bat. Baina Suediak bere usain eta kolore propioak ditu, eta esperientzia hori nirekin batera bizi izan duen jendeak ere bai, eta horrek egin du berezia nire esperientzia.

Bertsoa, gutunak, ipuinak, kazetaritza... Zeure arloa aukeratu nahian ari zara, ala denean segitzeko asmoz zabiltza?

Aukeratu nahian ez, gozatzen ari naiz! Bertsoa eta literatura nire pasiorik handienak dira, ezingo nituzke inoiz albora laga. Kazetaritza gustuko dudan jarduera bat da, kuriositate handiko pertsona naiz eta kazetaritzak istorioak, historiak, pertsonak, lekuak eta abar ezagutzeko aukera ematen du. Dena den, ez dut nire burua ikusten erredakzio batean zortzi orduz lanean; denbora luzean ez, behintzat. Sortzea da betetzen nauena, zentzua ematen dio bizitzen dudanari.

Erantzun

Sartu