Teknologia albisteak

Liburuak tag edo etiketekin sailkatzeko tresnak

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2005-09-07 : 13:09

Liburuak etiketatzeko hiru aplikazio deskubritu nituen atzo. Tag edo etiketak ezarri, sailkatze pertsonal eta kolektiboa egiteko, folksonomia deitu izan duten hori.

LibraryThing abuztuan hasi zen, eta Reader2 aste honetan bertan, nonbait. Reader2 erakargarriagoa egiten zait, nolabait.

Aurreko biak proiektu pertsonal edo ia pertsonaletatik abiatu direla ematen du, baina beste honek itxura sendoagoa du: Listal (hau ere fresko freskoa, aste honetakoa). Ez liburuak bakarrik zure media elementu guztiak katalogatzeko balio behar omen du: DVD-ak, musika, liburuak... Honetan kontua sortu dut, luistxo.listal.com

Hala ere, gauzak eskatzen hasita, musika diskoetan barik, kantuetan antolatuko balitz, praktikoago ikusiko nuke. Nire musika CD eta disko gogor desberdinetan barreiatuta... hura katalogatzeko modu txarra ez litzateke etiketatze sistema bat, nire mp3 indibidual guztiak online kontsultatzeko moduarekin. Baina horretarako, unitatea kantua beharko litzateke izan, ez diskoa.

Liburuei dagokienez, hiru aplikazioak daude lotuta Amazon-ekin. Amazon amerikarrarekin, zehazki. Ez dut ikusi modurik Amazon frantseseko liburu bat kargatzeko Listal-era. Akaso egongo da, baina... Amazonek aukera interesgarriak ditu liburuen inguruan, ez bakarrik erostekoa, baina hala ere, beste web batzuekin integrazioa izatekotan, beste norabide batzuetan ere luzatu beharko lukete integrazioa webgune hauek.

Tagzaniako mapak GoogleMaps-ekin estuki lotuak daude gaur, baina etorkizunean seguru nago ez dela horrela izango, beste fondo eta ikusmira batzuk egongo direla nork bere mapak ikuskatzeko. Beharbada liburuen etiketatze sistema hauetan ere berdintsu gertatuko da: Amazon giltzarri orain, baina etorkizunean, OAI, liburutegiak oro har eta beste aukera batzuk...

Erantzun

Sartu