Baionan eta Euskal Herri osoan! lelopean elkarretaratzea egingo du EHEk Baionako bestetan. Abuztuaren 7an, goizeko 11.30ean da hitzordua, San Andres plazan. Iruñeko zein Baionako herriko etxeetako ordezkariak izango dira bertan
Uda gure artean da eta horrekin batera bestak heltzen zaizkigu Euskal Herriko txoko guztietara. Euskararen etsaiek ere ez dute sasoi honetan hizkuntza zapalkuntzan atsedenik hartzen eta noski, euskararen aldeko borrokak, ezin ditu oporrak egin.
Hainbat administraziok egiten duten hizkuntza politika euskararen normalizazioa helburu izatetik urrun, euskararen aurkako hizkuntza politika egiten dute. Baionako zein Iruñeko herriko etxeak ikur nagusiak dira jokaera honetan, ez bakarrak ordea.
Euskararen normalizazioa helburu, hau gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta indarrean jarri behar dira. Baionako eta Iruñeko herriko etxeetan bezala, gainontzeko herriko etxeetan eta administrazio guztietan. Euskarak lege babesa behar du. Lege berri bat, zeinak Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duena, lege bakarra beraz Euskal Herrirako. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideen bermea izango dena. Euskarak bere lurraldean, edozein hizkuntzak bere lurraldean behar duen bezala, ofizialtasuna behar du.
Baionako bestak ate joka ditugula, beraz, urteko beste sasoietan egiten duen bezalaxe, hizkuntza eskubideen urraketak salatzea ezinbestekoa ikusi du EHEk. Ildo honetan, eta kontuan hartuta, gainera, Iruñeko udaleko ordezkaritza batek Baionako bestetan parte hartzen duela, bi herriko etxe hauen hizkuntza politika salatu asmoz ekimena egingo du EHEk Baionan.
Zehazki, agorrilaren 7an goizeko 11.30ean elkarretaratzea egingo dugu San Andres plazan, Baionan eta Euskal Herri osoan, euskara ofiziala lelopean. Ondoren, jende katean herriko etxera joango gara. Egun hori aukeratzearen arrazoia argia da, beraz, Baionarekin anaituak diren beste hirietako ordezkariak bertan izango dira, tartean Iruñekoak.
Greneti eta Barcinari euskaldunok gure hizkuntzaren normalizazioa lortu arte lanean jarraituko dugula adierazi nahi diegu. Zu ere, euskaltzale hori, bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu.
Erantzun
Sartu