Teknologia albisteak

Poesia-egunak, Ea

Erabiltzailearen aurpegia
gotzon - Larrabetzuko Literatura Eskola
2005-07-14 : 09:07

Uztailaren 15, 16 eta 17an poesia-egunak Ean. Poesiaren prestigioa sozializatzea da gure asmoa. Poesia ulertezina dela diote askok baina guk ez dugu hori uste.

Larrabetzuko Literatura Eskolaren lehen urtean Gabriel Arestiri buruz berba egitera ekarri genuen Koldo Izagirre. Egun berean Bilbon, Arestiren ibilibidea egin genuen, askok behin eta berriz desagertarazi gura badute ere, Aresti Unamuno bezain idazlea izan zela aldarrikatzeko eta geuretzat daukagulako Unamuno ez bezala. Eta Bilboko agintariek Aresti Bilbotartzat ez dutenez, bere azken egunetan aterpe izan zuen Ea aukeratu gendun, bertara eroan genituen Bilbon desagertarazi zituzten arbola eta harria. Aresti Eguna antolatu genuen eta herritarren artean ilusioa eta jakinmina eragin zituen. Horiez gain, Euskal Herriko hainbat literaturazale ere bildu ginen. Zertaz berba egin badagoelakoan antolatu ditugu hiru eguneko jardunaldiok eta poesia salba gaitzakeela uste dugulako, noski.

Gu literaturazaleak gara, ikasi egin gura dugu eta gure iritzia eman eta Euskal Herrian idazle eta literaturazale asko dago. Hartuemanean jartzeko beharra daukagu, gogoeta egin behar dugu gure literaturaz. Gure literaturaren historia idazteko aukera dugu baina horretarako beharrezkoa da jarduera akademikoetatik apartekoa izatea. Euskal literaturaren historia ezin da tesi doktoraletan mututu. Egitarauean formato bat baino gehiago sartu ditugu.

Mahai-inguruetan iritzi bat baino gehiago jaso gura ditugu eta autore bakoitzaren jardunaren ahalik eta alde gehien azaldu. Moderatzaile batek mahaikideen arteko eztabaida bultzatuko du eta bertaratutakoek ere berba egiteko aukera izango dute.

Poesiaren prestigioa sozializatzea da gure asmoa. Poesia ulertezina dela diote askok baina guk ez dugu hori uste. Beste edozein generotan legez, norbere gustuko liburua aurkitzea da kontua. Poesia ulertzeko aparteko gaitasuna duen irakurleentzako baino ez dela esaten da eta gu horren kontra gaude. Poesiak irakurle gehiago izango baditu gazteen ondoan jesarri beharko du eta eurekin luzaroan berba egin.

Lehenengo egunean hiru poetaren poema bana hartu eta sorkuntza prozesua aztertuko da poetak bertan daudela. Zelan, noiz, non, zergatik, zertarako, zer idatzi zuten aitortuko diete poetek bertaratzen diren gazteei.

Bigarrenean Joseba Sarrionandiaren Literatura eta Iraultza poemaren irakurketa egingo du Txili Lauzirika poeta lekeitiarrak.

Zapatua Arestiren eguna izango da eta goizeko mahai-inguruaren ostean, arratsaldeko kafe-tertulian, Arestiren eragin literarioez arituko gara Edorta Jimenez eta Jose Fernandez de la Sotarekin batera.

Gurea ez da jarduera akademikoa da, literaturazaleen artekoa da. Kontua da literaturazale horien artean idazleak, editoreak, irakasleak eta kultur eragileak daudela eta horrek lar serioa izango dela eman lezakeela, baina gure asmoa erabat ez-formalak izatea da. Berba egin eta elkarrengandik ikastea da xedea.

Poesiak beste jarduera artistiko batzuekin zelan konpontzen den erakutsi gura dugu. Oraingoan batez ere musikarekin duena erakutsiko dugu. Eta batez ere gaur egun poeta gazteek egin duten lanari errekonozimendua eta begirunea adierazi gura diegu. Lan handia egiten ari dira poesia aintzat hartua izan dadin proposamenak egiten.

Gerra aurretik gaur egunera arte euskal poetek naziotasunaren, aberrigintzaren, herri kontzientziaren, identitatearen aurrean izan duten jarrera aztertu gura dugu. Horregatik hasi gura dugu Pizkundearekin eta bereziki Lauaxetarekin eta gaur eguneko poeta gazteekin amaitu. Joan diren 75 urteotan poesiak bete dituen leku eta funtzioez egin gura dugu berba. Jarrera aldaketak, pentsakerak, eraginak, ondorioak hausnartzea dugu helburu.

Ea herri txikia da eta dituen azpiegitura guztiak aprobetxatu gura izan ditugu. Bedarona eta Natxitua Eako parte dira eta kafe-tertulietarako oso leku aproposak, lasaiak bezain erosoak. Koldo Izagirreren berbak hartuz, poesia ez da minoritarioa, minorizatua baino, txikitua baino. Dena dela, ez dugu aurreikuspenik egin, ez dugu dirurik irabazteko asmorik. Datozenak pozik hartuko ditugu. Ez gara gutxi izango.

EGITARAUA

gabriel arestiren etxea

poEsiA mailu bat da ?

uztailaren 15,16, 17a Ea (Bizkaia)

egitaraua

Uztailaren 15a, barikua:

• Mahai-ingurua arrastiko 7etan Beletxen: “Lauaxeta, poesia eta nortasun nazionala”. Hizlariak: Juan Luis Zabala, Igor Estankona eta Pako Sudupe Moderatzailea: Xabier Mendiguren

• Iluntzeko 9etan , Beletxen: “Poesia gaztea”tailerra-1: gazteei zuzendutako proposamena.

• Gaueko 11etan: Kantaldia moilan: Bide-Ertzean taldeko Imanol eta Joni Ubeda eta Karlos Aranzegi eta “Arean” taldea

Uztailaren 16a, zapatua:

• Mahai-ingurua: goizeko 10:30etan Beletxen: “Arestiren mailuma” Hizlariak: Jerardo Elortza eta Bernardo Atxaga Moderatzailea: Karmelo Landa

• Bazkaria: eguerdiko 2:30etan Bedaronan

• Kafe-tertulia : arratsaldeko 5etan Bedaronan. “Arestiren Etxean / En la casa de Aresti “ Hizlaria: Edorta Jimenez eta José Fernández de la Sota

• Poesia irakurtaldia. 7:30etan Bedaronan

• Iluntzeko 9etan , Beletxen: “Poesia gaztea”tailerra-2 : gazteei zuzendutako ariketa poetikoa

• Gaueko 11etan: Errezitaldiak moilan: "HITZEN ITZALAK"Parte hartzailiek: Jose Luis Otamendi, Jon Benito, Arantxa Aldalur, Kepa Urbieta, Aitor Bengoetxea, Igor Aranbarri eta Xabi Borda.

  • egunean zehar, Polikiroldegian:

    Alex Mendizabalen” gabrielen eromatik”.

Uztailaren 17a, domeka:

• Mahai-ingurua goizeko 10:30etan Beletxen. “Jon Mirande eta nazionalismo ortodoxoa: Euskaldun zintzoen balada” Hizlariak: Xabier Olarra, Txomin Peillen, Txema Larrea

• Bazkaria eguerdiko 2:30etan Natxituko Bolatokian

• Kafe-tertulia: Arrastiko 5etatik aurrera Natxitun. “Aberriaren galera: 1975-2005” Hizlariak: Jon Benito eta Urtzi Urrutikoetxea Moderatzailea: Gotzon Barandiaran • Poesia irakurtaldia. 7:30etan Natxituko Bolatokian

• Gaueko 11etan : Errezitaldiak moilan: Mikelazulo / Icarus Jazz Trio, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe eta Txili Lauzirika

ANTOLATZAILEAK: • HEA “Herrijeri emon arnasa” Kultura-Taldea. Ea • Larrabetzuko Literatura Eskola • Eako Udala

Erantzun

Sartu