Euskal kulturaren esportazioaz
2005-07-11 10:07
Kultur esportazioaz hitz egin nahi nuela esan dut. Agintari jendeari inoiz edo behin entzun diot, publikoki baino gehiago pribatuan, euskal kulturako enpresek gure produktuak kanpora saltzen saiatu beharko genukeela, geure zilborrari begira egon beharrean, makina-erramintagintzan dabiltzanek egiten duten bezala.
Printzipioz ulergarria da argudioa: euskaldunak oso gutxi gara; euskaldunentzat soilik egiten baditugu geure sorkuntza-lanak, publiko txikia lortuko dute eta, galerak berdintzearren, instituzioen laguntza beharko dugu, horrek dakarren menpekotasun guztiarekin. Ikuspegi liberal batetik, ondo pentsatua dago.
Hala ere, arrazoibide horrek koxka bat dauka: euskal kulturako produktuak euskaraz eginak badira, horien esportazioa ez da makina-erramintakoena bezalakoa. Makinak, nik dakidala, berdin hitz egiten du Ulan-Bator-en eta Mogadiscio-n; Joseba Tapiaren kantu bat ulertzeko, berriz, euskaraz jakin behar.
Kultura eta hizkuntzaren arteko harremanen gaia korapilotsuegia da hemen trenkatzeko: ea Toti Martinez de Lezearen liburuak euskal literatura diren, Juanma Bajo Ulloak euskal zinema egiten duen edo non sailkatzen dugun Oteizaren lana. Gaur eta hemen arazo tekniko bat plazaratu nahi dut, soil-soilik: Alex Ubago, euskal kultura izan edo ez izan, esportatzeko errazagoa da Ken Zazpi baino, arrazoi linguistiko hutsengatik, eta alde batera utzita beste mila inplikazio.
Ados antzerki-konpainiak hamar urte daramatza hemen lanean, lan txukuna eginez, ikuskizunak erdaraz sortuz baina gehienetan ele bitan emanez (gogoan eramango dut luzaro "John Wayne-ren laguna" hunkigarri hura). Obra hau, berriz, argi eta garbi da erdalduna: hizkuntzaz, edukiz, mundu-ikuskeraz... Hala ere ez zaigu arrotza: gizarte honetan bizi den jende askoren bizikizunak kontatzen ditu, eta zelako grazia egiten diguten, nonbait, kubatarren ateraldiek...
Esportatzeko moduko lana da "Las mujeres..." hau, suerte pixka batekin Espainian arrakasta polita lortu dezakeena, lehenago "El florido pensil"ekin gertatu zen bezala. Eta, makina-erramintarekin gertatzen den moduan, hemengo jende askori jaten emango diona, produkzio oso-osoa, musikatik inprimategira, hemen egin baita. Hala ere, betiko galdera: esportazioari begira hemengo kultur enpresek horrelako produktuak egiten baditugu, zertan geldituko da euskal kultura?
Erantzunak kargatzen...