Teknologia albisteak

Kultura ez baita dirua, yankiek esana gainera?

Erabiltzailearen aurpegia
iñaki olano arrese
2005-07-05 : 12:07

Kultura eta dirua... Guggenheimeko kalapita aspaldi dago isilik geurean, baina merezi du agian Chrysler Museoko zuzendari WJ Hennesseyk egindako hausnarketari erreparatzea.

Dirurik gabeko kulturak itolarria galanta. Ta dirudunak zergatik maitatu, babestu behar du kultura berak profitatzeko modurik izan ezean? Ta kulturgintzak zergatik hartu behar du bere gain "intangiblea" ez baina oso "kontablea" den garapen ekonomikoa? Badakit Guggy eta enparauen inguruko kalapita aspaldi isildu zela. Baina nolako bueltak dituen bizitzak. AEBetako Norfolk, Virginia kasik aristokratikotik, 5 milioi dolarretik gorako aurrekontua duen Chrysler Museoko zuzendari William J. Hennesseyk begira zer dioen, guztion hausnarketarako ere, geure uste apalean "perogrullozko" arrazoia baitakar, baina arrazoia finean, katua eta arratoia!

Ahal genuena itzuli dugu... Ea ba... hau ere "Ameriketatik badator" eta gugandik 40 urteko aldez mintzo bazaizkigu, "tortillari buelta" eman ezkero ere kasu egin beharko, ala?

Honatx euskaratuta gehientsuena:

BENETAKO KONTUA EZ BAITA DIRUA

Udaberrioro Amerikar kultur erakundeak aurrekontu balantze deritzon urtez-urteko erritualean sartuko dira buru-belarri. Hots, nork bere zereginari eusteko eta lanean segitzeko lain izango diren diru-iturriak bistaratzen, ahalegin frenetiko samarrean.

Gehienontzat -dirulaguntza handien bedeinkazioa hartzen duten erakunde bakanak salbu- zera da koxka: Erakundeak berak sortutako diru-sarrerak eta babesleenak era dinamikoan orekatzea.

Babesa nagusiki norbanako, gorporazio, fundazio eta gobernuko agentzietatik dator. Hoietako bakoitzak ere ikuspuntu pittin bat desberdinetik egiten die so kultur erakundeei eta dituzten balioei. Azken urteotan arte komunitatean iruipen bat nagusitu da: Diruz babesten dituzten gorporazio eta gobernu agentziei benetan inporta zaiena “inpaktu ekonomikoa” dela.

Teoria honen haritik museo eta artelangintza erakundeek gero eta xehetasun gehiago duten, gero eta landuagoak diren txostenak idazteari ekin diote. Zenbakitan frogatu nahi dute euren komunitatean arteak duen garrantzi ekonomikoa. Emaitzak zinez txundigarriak izan dira (...) Teoria horrek zera ematen du aditzera: emaleek estatistika harrigarri hoiek ikusten dituztenean berehala ulertzen dutela artea inbertsio ona dela... beraz segituan ematen dutela aurrerapausua, hain premiazkoa den dirulaguntza ekarriz.

Halabaina berriki galdezka hasi natzaio neure buruari, estrategia honek ze atarramendu ote duen. Badut kezka, arte erakundeak benetan zertarako diren eta garrantzitsuak zergatik diren... ez ote duten xede hoietatik gure arreta urruntzen.

Esate baterako: Unibertsitate edo erietxeek babesa lortzerako garaian “inpaktu ekonomikoa” azpimarratzen dute ala? Ez dute bada horren ordez aldarrikatzen hezkuntzak jendea nola trebatzen duen bizimodu osobete, aberats eta emankorrerako.... edo mediku-arrreta egokiak bizitza luzatu eta sufrikarioa nola arintzen duen?

Arte erakundeok ere ez al genuke hobe jendearen bizi-kalitateari nolako aldea damaiogun azpimarratzea? Chrysler museoan horretarako ari gara lanean, lagunarte eta sendiekin batzeko leku gisa ongietorria emateko; mundua eta nork bere burua deskubritzeko leku gisa.

William J. Hennessey, Chrysler Museoko Zuzendaria

Erantzun

Sartu