Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostenaren aurkezpen berezitua egin du Lapurdiko hiriburuan Iparraldeko egoera salatzeko xedearekin. Paul Bilbao, Behatokiko Zuzendariaz gainera, Maixan Merkapide, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko lehendakariordeak ere parte hartu du.
Azken lau urteotan Behatokiak landu eta jorratu dituen espedienteen berri eman du. 2004 urtean Ipar Euskal Herrian Behatokiak 9 espediente kudeatu ditu. Guztiek elementu larrigarriak agertzen dituzte, azaldu dute. Frantziako Administrazioak euskararen ezagutza bermatzen duen irakaskuntzari jarritako oztopoak azpimarratu ditu Merkapidek.
Kasu horretaz gainera, Lehendakariordeak Frantziako Justizia Administrazioaren eta SNCF erakundeen jarrerak gogor salatu ditu. Lehenari dagokionez, euskaldunekiko inolako begirunerik ez duelako eta hizkuntza-eskubideaz gainera, babes judizial eraginkorrerako zein defentsa eskubiderako eskubideak urratzen dituelako. SNCF erakundeari dagokionez, Maixan Merkapidek hainbat euskaldunek hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeagatik izandako ondorioak izan ditu hizpide.
Era berean, Behatokiko Zuzendariak Frantziako Administrazioaren jarrera gogorki kritikatu du. Askotan, Frantziako Administrazioak hizkuntza gutxiagotuekiko tolerantzia izan duela esan da, baina hori berresteko elementurik ez dago.
Paul Bilbaok gogora ekarri du 1992tik aurrera Frantziak modu bortitzagoz eutsi diola bere izaera jakobinoari: Konstituzioaren bigarren artikuluaren aldaketa, Toubon legea edota Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna ez berresteko 1999an hartutako erabakia dira lekuko.
Behatokiko Zuzendariaren ustez arras paradoxikoa eta esanguratsua da hizkuntza bakarra aldarrikatzen duen gobernuak hizkuntza hori arautzeko legea abian jarri izana. Bestalde, 1999an Euroituna ez berresteko hartutako erabakiari dagokionez Bilbaok honako hau gaineratu du: Nola uler daiteke Europar Batasunean sartu nahi duten Estatuei hainbat estandar berresteko agindu, eta Europar Batasuneko beste Estatu batzuek horiei muzin egitea?.
Frantziako Estatuak ordenamendu juridikoan aldaketak eman izan ditu azken urteotan herritarrak hizkuntza-eskubideez are gehiago gabetzeko, kritikatu du Behatokiko Zuzendariak. Bilbaok gogora ekarri du UNESCOk desagertzear dauden hizkuntzen atlasean Ipar Euskal Herriko euskara jaso zuela, eta beraz, egoera horri iraulia emateko hizkuntza-eskubideen bermea ezinbestekoa izan beharko luke, adierazi du.
Lehendakariordeak, Maixan Merkapidek, Behatokia sortzearen beharra eta egun aurrera daramatzan lan ildoak eta proiektuak aurkeztu ditu. Behatokia Euskal Herriko herritarren eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, bermatzera zuzentzen du bere jarduera, azaldu du Merkapidek.
Erantzun
Sartu