Teknologia albisteak

LAUAXETA!!

Erabiltzailearen aurpegia
Ana I. Morales
2005-06-24 : 15:06

"Erri zintzo onenak zaindu dagiala il gintzanen atsa, il gintzanen ala" eskatu zuen Lauaxetak bere azken poemetako batean, eta Mungiako herriak jator bete du haren nahia. Ekainak 26, domeka, Bilboko Arriaga Antzokian, arratsaldeko 7:30etan "Lauaxeta: herri antzerki(j)a" taularatuko dute 150 bat mungiarrek, antzerki musikal zinez ikusgarria.

Ikuskizunak Estepan Urkiaga "Lauaxeta"-ren biografia eta lanari (literatur, kazetaritza nahiz politika jarduerari) ematen die begiratua, 1929tik hasita eta 1937ra arte, Gernika bonbardatu ostean faxistek poeta afusilatu zutenean. Antzerkilan musikatua da, hainbat arlotako profesionalen talde batek elkarlanean diseinatua herriak antzezteko.

Zuzendaritza eta dramaturgia: Karlos Panera;

Argiztapena, Javi Ulla;

Musika zuzendaritza: Rafa Rueda

Ikus-entzunezkoak: Eneko Lorente

Testua: Karlos Panera eta Ana I. Morales, Koldo J. Garairen ekarpenarekin.

Dokumentazio prozesua zorrotza izan da, eta ahalegin horretan aditu, kertzaile, historiagile, eta Lauaxetaren adiskide eta senideen testigantza eta informazioak bildu dira. Testuak jasotzen ditu, zuzenean edo erreferentziaz, Lauaxetak argitaratutako artikulu eta poemak, benetako anekdota eta pasadizuak, eta idazlearen bizitzako pasarte erabakigarriak eta sasoi historiko horretako zenbait gertaera giltzarrizko.

Ikuskizunean Mungiako eta inguruetako 150 lagunek hartzen dute parte (antzezle, kantari eta bestelako zereginetan) eta, horren barruan, aipamen berezia behar du J. M. Arregi Mungiako Abesbatzaren esku hartzeak. Abesbatza ikuskizun osoan dago antzeztokian, musika zuzenean jotzen duten musikariekin batera.

Proiektu honen helburua herri antzerkiaren formulan sakontzea da, eta bultzatzaileen nahia litzateke ekimen hau Euskal Herriko beste leku batzuetarako erreferentzia ere izatea. Herri antzerkia izanik, bestalde, Zuberoako pastoralaren oihartzuna ere jaso nahi izan du, forma horren osagai esanguratsuenetako batzuk jasoz. Bide horretatik omenaldia egin nahi dio izan dio, halaber, Etxahun Iruri-ren lanari, eta bertsonalari bikain haren zenbait doinu entzun daitezke obran barrena.

Lana Mungiako Olalde aretoan antzeztu zen ekainaren 17, 18 eta 19an, antzokia bete-beterik eta izugarrizko arrakastaz. Ikusi dutenek miresgarritzat jo dute Mungialdeko herritarrek erakutsitako profesionaltasun eta gaitasuna. Obra zinez ederra, bizia eta hunkigarria. Ez ezazue galdu (sarrerarik geratzen baldin bada oraindik!)

Erantzun

Sartu