Teknologia albisteak

Jimbo Wales Wikipediaren sortzailea Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Kopyleft Jardunaldiak - Donostia
2005-06-23 : 14:06

Jimmy Jimbo Wales Wikipedia doaneko entziklopediaren fundatzaileak copyleftari buruz hitz egingo du Donostian, ekainaren 24an, ostiralarekin, Kopyleft jardunaldien irekieran.

Munduko handiena den Wikipedia doaneko entziklopediaren fundatzaileak, Jimmy Walesek, irekiko ditu ekainaren 24an, ostiralean, Donostiako Artelekun, III. Copyleft Jardunaldiak. Hiru egunetan, aditu eta eragileek copyright (egilearen eskubideak) tradizionalaren alternatibei buruz eztabaidatuko dute eta musika, bideo, kazetaritza eta sofwarearen produkzio libreari buruzko lantegi praktikoetan hartuko dute parte.

Pedro Farré (Sgae), Carlos Sánchez Almeida (abokatua), Nacho Escolar (musikari eta kazetaria) eta Creative Commonseko Mireia Garretak ere parte hartuko dute. Lizentzia horren bidez egileek Humanitateari uzten dizkiote beren obrak era nahiko zabal batean, eta Mireia Garretak “Creative Commons” eko lizentzien euskarazko bertsioa aurkeztuko du, .

Copyleft ezagutzak, teknikak eta kultura produzitzeko eredua da, informazioaren fluxuan eta horrek uzten duen lankidetza horizontalean oinarritutakoa. Software librea, wikipedia, musika librea eta liburu, bideo eta proiektu sozial, ekonomiko eta kultural multzo bat eredu horren fruitu da. Horrek copyrigta irauli egiten du, sortze intelektualak kopiatu, aldatu eta banatzen uzten baitu.

Eredu horren eta sortzen dituen komunitate laguntzaileen gaitasun produktiboa eta berritzailearen arrakasta argi eta garbi geratu da frogatuta proiektu eta obra ugaritan: GNU/Linux sistema eragilean, copyleft obrekin bakarrik lan egiten duten argitaletxeen eredu ekonomikoetan, munduan ezinbesteko erreferentzia diren entziklopedietan (Wikipedia), testuinguru juridiko bakoitzari egokitutako lege lizentzietan, zientzi ikerketako proiektuetan, kultura kontsumitu eta produzitzen duten komunitate lokal eta globaletan, etab.

Jardunaldiek, aurretik Madril, Bartzelona eta Malagan egin direnen antzera, copyleften sortzaileen sare eta komunitateak indartzeko aukera izan nahi dute, eta era berean haren erabilera sendotu eta zabaltzeko tresna teknikoak, komunikaziokoak eta juridikoak definitzeko ere. "Copyleftean oinarritutako produkzio eta berrikuntza ereduen bideragarritasuna jada soberan frogatuta badago ere, oraindik ere oztopo handiak daude gainditzeko eta beste espazio batzuk arakatzeko" adierazi du antolaketa taldekoa den Xabier Barandiaranek.

Jardunaldiak batez ere Interneten eta posta zerrenden bidez prestatu dira. Euskal geografia osoan banatutako boluntario talde zabal batek prestatu ditu: Getxo, Leioa, Iruñea eta Donostiako hacklabetako (hackerren laborategietako), internet&euskadi elkarteko eta Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateetako software libreetako komunitateetako boluntarioek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Arteleku eta Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatea (UNIA arte eta pentsamendua) dira jardunaldien babesle.

Argibide gehiago: Kopyleft.net

Erantzun

Sartu