Teknologia albisteak

Hugo Schuchardt hizkuntzalari eta euskalariaren lanak online

Erabiltzailearen aurpegia
Ricardo Gómez - Filoblogia
2005-06-23 : 08:06

Grazeko Unibertsitateko Arte eta Giza Zientzien Fakultateak eskura jarri du hizkuntzalari ororentzat ikaragarrizko interesa duen webgune bat: Hugo Schuchardt Archiv.

Non dago artxiboa?

Non dago artxiboa?

Graz-eko unibertsitateko webgune honetan: http://schuchardt.uni-graz.at

Artxiboan ez dago euskarari buruzko sail berezirik, ez beste ezeri buruzkorik. Lanak urteka daude antolatuak eta, lagungarri gisa, bilatzailea dago. "Bask" bilatuta, 54 lan. Gainera, baten batean izenburuan ez da "Bask" duen ezer agertzen; beraz, susma dezaket artxibogileek "keyword" sistemaren bat-edo jarri dutela, baina ez dago agerian. "Basq" bilatuz gero, beste zazpi agertzen dira; "Vasc"-ekin, sei. Baina batzuk gurutzatu egiten dira; ez dut konprobaziorik egin guztira zenbat izango diren, baina hirurogei inguru.

Hugo Schuchardt

Hugo Schuchardt (Gotha 1842-Graz 1927) hizkuntzalari eta filologo ospetsua izan zen. Filologia Erromanikoan leku handia lortu zuen; hala ere, XIX. mende bukaeran neogramatikariek proposatu zituzten lege fonetikoen etsai amorratu bilakatu zen, eztabaida sutsuak sorraraziz. Euskalaritzara iritsi zen hizkuntza erromantzeen aztarnak miatu nahi zituelako. 1887an Saran izan zen eta bertan euskara ikasi zuen (horren emaitza zuzena dugu 1922an Sarako euskarari buruz argitaratutako lana). Euskal Herrian lege fonetikoek ezarritako estutasunetatik aske zegoen paradisua aurkitu uste zuen; hortaz, ez zen gehiegi kezkatu proposatzen zituen etimologietan hots korrespondentzia sistematikoak aurkitzeaz.

Euskara konparatu zuen iberiera, hizkuntza kamitiko eta, neurri txikiagoan, kaukasikoekin. Hala, euskara-iberiera-kamitiko familia zabal bat defendatu zuen, bereziki deklinabidean aurkitu zituen antzekotasunetan oinarrituta . Baina laster hipotesi guztia bertan behera jauzi zen, garai hartan testu iberikoak oker irakurtzen zirelako (Gómez Morenok 1920ko hamarkadan aurkituko zuen inskripzio iberikoak zuzen irakurtzeko bidea).

Euskalaritzaren barruan ezaguna da, orobat, euskal aditza pasiboa delako ideia aldeztu zuelako. Teoria pasibista egun morfologia ergatiboa deritzaguna azaltzeko saio bat izan zen, XIX. mende hondarrean hizkuntza kaukasiko batzuk deskribatzeko sortu zena, eta berehala euskal gramatikara iritsi zena. Labur esanda, pasibistek ikusten zuten euskara bezalako hizkuntzetan perpaus iragankorrek bazutela osagai bat perpaus iragangaitzetako subjektuaren forma bera zuena (gaur absolutibo deitzen duguna alegia); gauzak horrela, osagai hori subjektuarekin identifikatu zuten, nolabait forma eta funtzioa lotuz (latinezko nominatiboan bezala, esaterako). Hortaz, iragankorretan subjektua “pasiboa” zen eta guk “ergatibo” deitzen duguna haientzat egile-osagarritzat jo zuten , erdarazko pasiboetako por edo par preposizioen bitartez osatzen direnen modukoa. Euskal Herriko hizkuntzalari gehienek gogor kritikatu zuten pasibismoaren teoria, baita atzerritar bakan batzuek ere. Hor dugu, adibidez, Schuchardtek Vinsonekin izandako eztabaida. Hala eta guztiz ere, joan den mendearen lehen erdian gutxienez pasibismoa oso hedatuta egon zen euskalaritzaren esparruan.

Schuchardt f ilologoari dagokionez, aipagarria da Linschmann-ekin batera burutu zuen Leizarragaren lanen edizio kritikoa (1900), Euskaltzaindiak 1988an berrargitaratua.

Guztira, Schuchardtek berrogeita hamar lan baino gehiago idatzi zuen euskarari buruz; batzuk etimologia ohar laburrak, beste batzuk euskal gramatikari buruzko lan trinko eta luzeak (adibidez, 1893an euskal aditzaren egituraz ondutakoa).

Mitxelenak Schuchardten jarrera Luchaire frantsesarenarekin kontrajarri zituen, bigarrenaren alde egiteko: izan ere, bere etimologiak eta proposamenak eratzeko, Schuchardtek arreta gutxi jarri zuen euskal testu zaharrek utzitako lekukotasunetan.

Informazio online gehigarria aurkitu ahalko duzue, esaterako, Auñamendi Entziklopedian eta Filoblogian

Erantzun

Sartu