Teknologia albisteak

Euskalgintza: “Alderdiek ezin dute hizkuntza-politikan huts egin"

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2005-06-20 : 15:06

“Oso une garrantzitsuan gaude”, Kontseiluak Euskal Autonomi Erkidegoko Gobernua osatu baino lehen euskarak behar duen bultzadaren ardura hartzeko eskatu die alderdiei. “Euskararen normalizazioan denbora faktorea garrantzitsua da eta orain hartu behar dira neurri eraginkorrak”, azaldu du Kontseiluko Lehendakariak, Joanmari Larrartek.

Hori dela eta, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Zuzendaritzakideekin agertu da. Euskalgintzaren eragin-eremuan dauden 200.000 bat pertsona ordezkatuz Aek, Artez, Berria, EHE, Elkarlanean-Zabaltzen, Ilazki, Oinarriak, Plazagunea eta Sortzen-Ikasbatuazeko buruak agertu dira. “Giza mugimendu honen eskaera kontuan hartu behar dute, Euskal Herriko berezko hizkuntza defendatzen baitugu”, adierazi du Lehendakariak.

Euskalgintzak une politiko honetan normalizazioak behar duen indarra lortu behar dela aldarrikatu du. “Alderdi politikoek erantzukizunez jokatu behar dute eta haien akordioetan euskarak lehentasuna eskuratu behar du”, adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Kontseiluak orain arte alderdi politikoek izandako jarrera salatu du. “Egun hauetako eztabaida politikoan alderdiek, oro har, ez dituzte beren eskariak argi agertu”, kritikatu du Mendigurenek. “Ez Kontseiluak, ezta gure herritarrek ere, ez dute onartuko gai honekin berriro huts egitea”, gaineratu du.

Agerraldi honekin euskalgintzaren helburua alderdi politikoek ‘arduraz’ joka dezaten eta euskararen normalizazioak behar dituen neurriak hartzeko eskatzea da. “Neurriak nahi ditugu epe motzean ”.

Kontseiluak EAEko hauteskundeak izan baino lehen eragite-kanpaina bat abiatu zuen, hizkuntzaren normalizazioak behar duen indarra aldarrikatzeko. Joan den Legegintzaldiko hizkuntza-politikaren azterketa plazaratu zuen, “eraginkortasun eza” salatuz; gero alderdi politikoen hauteskunde egitarauak aztertu zituen, berriro ere “aurrerapauso garrantzitsurik ematen ez duen politika” kritikatuz.

Oraingoan, ordea, inbestiduran lehendakaria zein izango den eta Gobernua osatuko duten taldeak zeintzuk izango diren erabaki aurretik, eztabaidan euskara lehentasunen artean kokatzea ‘exigitu’ nahi du Kontseiluak. “Euskal Herritarron hizkuntza aintzakotzat hartu behar dute”.

KONTSEILUAREN ESKAERA

Normalizazio politikoan

· Euskara berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharreko hizkuntza izatea.
· Normalizazioa arautzen duen corpus juridikoa aldatzea, arestikoak kontuan hartuz.
· Hizkuntza-politika egokia ezartzea, epe eta helburuak dituena, bitarteko egokiz hornitua, sailartekoa eta gizarte arlo guztietara iritsiko dena, Administrazio Nagusitik Toki administrazioraino.

Legegintzaldiko lehentasunak

· Indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitzea.
· Hezkuntza eta unibertsitatea euskalduntzea.
· Lan-munduaren euskalduntzea bizkortzeko egitasmoak bultzatzea.
· Komunikabideak eta kultura-jarduna euskalduntzeko diskriminazio positiboko neurriak ezartzea, tokiko telebistaren auzian bereziki.

Erantzun

Sartu