Liburu berria kaleratu du Fernando Morillok (Azpeitia, 1974): Dragoien orroa, gaurko gazteen abenturak eta aspaldiko borroka mitologikoak uztartzen dituen eleberria; idazlan honen berezitasunik handiena sorrera bera izan da ordea, nahi izan duten irakurleek partehartze zuzena izan baitute kontakizunaren nondik norakoan, Kilometroak 2005ek antolatutako lehiaketa baten bitartez.
Hasteko, Fernando, bitxia izan da liburuaren sorrera-prozesua. Kontaiguzu zerorrek.
Kilometroak 2005eko arduradunen proposamen eroa izan zen: bukatu gabeko testu bat eskegi Interneten, eta jendeari jarraitzeko ideiak eskatu. Baldintza bakarra zegoen: kilometroak 2005 inguruan girotua egotea. Ezohiko proiektua zen, baina agian horrexegatik oso erakargarria. Ez genekien zer atera zitekeen, baina gogotsu ekin genion. Eta merezi izan du.
Enkarguak hartzeko joera izan duzu betidanik. Honek, baina, epe estu samarrak zeuzkan.
Kezka nagusia izan zen epea. Edo, hobeto esanda, epeak: zirriborroa egin, lanak jaso, irabazlea erabaki eta zirriborroa borobildu. Guztia hilabete gutxi batzuetan. Dena dela, zein mendigoizalek igoko luke tontor bat, batere zailtasunik izango ez duela ziurtatuko baliote?
Partehartzaileen maila eta haien ekarpenak zer izan dira: espero zenituenak gutxi gorabehera?
Ez nuen ideiarik jendeak nola erantzungo zuen. Zintzo izanda, zerrenda modukoak espero nituen: pertsonaia honi halakoak gertatuko zaizkio, egoera hura horrela eta horrela garatuko da. Eta ez: zenbaitek narrazioari eutsi zioten, ideia asko eta ezberdinak proposatu zituzten Idazle moduan, oso aberasgarria egin zitzaidan neure testua begi arrotzez ikustea.
Lehiaketaren berezitasunak zu autore bakarra ez izatea dakar. Nola sentitu zara alde horretatik?
Liburu guztietan izaten dira kanpoko eraginak: bizi izandakoak, irakurritakoak, kontatutakoak Kasu honetan modu bereziagoan jaso ditut ideiak, eta horrek apur bat ezberdin egiten du. Ni neu oso gustura gelditu naiz. Espero dut lehiaketan parte hartu zutenekin ere beste hainbeste gertatzea!
Nobelak bi plano ditu: bata gaur egungoa, bestea garai urrun eta zehaztugabe batekoa, pertsonaia mitologikoekin gainera. Lehenengo aldia duzu: gustura ibili zara basajaun eta herensugeekin?
Oso. Betidanik erakarri izan nau mitoaren munduak. Jakinduria gisa, narrazio gisa. Mitoak agertzen ditu, gordinean, geure ametsen ezaugarrietariko asko. Eta idazlea, neurri handi batean, ametsez elikatzen da.
Pentsatzekoa da, beraz, istorio mitologiko gehiago irakurriko dizugula aurrerantzean?
Zalantzarik gabe. Gainera, eta zorionez, euskal mundua oso aberatsa da mitoetan, geure literaturan nahi baino gutxiago erabili bada ere unibertso hori. Badugu nondik heldu eta zertaz jardun.
Liburuaren beste berezitasun bat, Debagoieneko bazterrak agertzea izan da: kokaleku lokalak mugatu egin zaitu, edo lagundu edo...?
Kilometroak 2005eko arduradunen baldintza bakarra izan zen hor inguruan kokatzea. Bertaratu nintzenean, zertaz idatzi erabakitzeko, inguru haien mitologia-usainaz konturatu nintzen: Herensugea, Anboto, Ehiztari Beltza Gogoko gaia nuenez, haritik tira egin eta baneukan nondik abiatu. Lekua, beraz, ez da muga izan, baizik eta pizgarri.
Gaztetxoen abenturak eta amodio-minak, thriller ukitu bat, fantasiazko elementuak... nola definituko zenuke obra hau?
Gaxtea nintzenean, horiek guztiak aurkitzen saiatzen nintzen irakurtzean: abentura, bihotza, ekintza, fantasia Eta horiexek sartzen ahalegintzen naiz. Ahalik eta koktel erakargarriena egitea dut helburu. Nola? Gaztetxoek bere sentituko dituzten bizipenekin: egunerokoak eta ametsen mundukoak; hurbilenak eta urrunenak.
Obra oparoa eskaini diguzu dagoeneko, gazteentzat egina batik bat: hortik jarraitzeko asmoa duzu aurrerantzean ala...?
Neurri handi batean, seguruenez. Gaztetxoen munduak bi altxor eskaintzen dizkit: barne-gatazka itzelen abiapuntua eta amets egiteko zilegitasuna (zilegitasun handiagoa, uler bedi). Nerabezaroa helduok gogoratzen duguna baino gogorragoa zen; ametsak ereiten zuen itxaropena, indartsuagoa. Ezin aproposagoa idazle batentzat!
Fernando Morilloren literaturtasun teknofiloa ezagutzeko, irakur Kepa Sarasolak duela aste batzuk Sustatun argitaratu zuen artikulua.
Bestalde, Xabier Mendigurenek euskal idazle gazteei egiten dien errepasoetan, irakurtzekoa da halaber gaur Ander Izagirrenen gainean dioena, bere blogean.