Teknologia albisteak

Kopyleft 2005 Donostian: Sormena elkarbanatzen defendatzen da!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-06-15 : 14:06

Kopyleft 2005 Jardunaldiak, ekainaren 24, 25 eta 26an izango dira Donostian, Artelekun. Sormena elkarbanatzen defendatzen da! Horixe da jardunaldien lema. Creative Commons lizentzien euskaratzearen gaia ere tratatuko da jardunaldietan.

2003tik aurrera, Madrilen, Bartzelonan eta Malagan, Copyleft-aren eta jabetza intelektualari egindako kritikaren inguruan antolaturiko topaketak egin ondoren, datozen ekainaren 24an, 25ean eta 26an KOPYLEFT 2005 JARDUNALDIAK egingo dira Artelekun, Donostian.

Sarrera

Besteak beste, honako ekimenak antolatu dira: SGAErekiko eztabaida, hitzaldiak, tailerrak, mahainguruak eta kontzertua, non azaldutakoek kontzertuaren zuzeneko grabazioa eskuratuko baitute. Bertan, gainera, material Kopyleft elkartrukerako esparrua jarriko da. Azken urteotan egindako lanatik abiatuta helburu hauek planteatu dira: dauden talde-sareak indartzea, euren funtzionamendua ezagutaraztea, eta, guztiok batera, eredu juridikoak eta teknikoak garatzea ekoizpen kulturala eta zirkulazio librea defendatzeko eta bultzatzeko asmoz. Horretarako, partaidetza-tailerrak gauzatzea izango da metodologia nagusia, non sormenaren hainbat alorretako zalantzak eta arazoak bidera daitezkeen, softwarrean, musikan, ikus-artean, bideosormenean eta argitaletxetan, hain zuzen ere. Jakintzen, zalantzen eta proiektuen bateratze-lan hau, geroago, copyleft gidaliburu praktikoan jasoko da. Honek edozeini bere sormena askatzeko eta komunaren elkartrukerako sareetan zirkulazioan jartzeko baliabideak emango dizkio.

KOPYLEFT 2005 ekitaldi irekia eta doakoa da, non edonork parte har dezakeen. Gonbidatuen artean, Jimbo Wales ( Wikipediaren, munduko alegiazko entziklopediarik handienaren sortzailea), Pedro Farré (SGAEren kidea), Carlos Sánchez Almeida, (jabetza intelektualean eta ziber-eskubideetan aditua), Nacho Escolar ( musikaria eta kazetaria) eta Mireia Garreta ( Creative Commons ) izango dira. Garretak CC lintzentzien garapena aurkeztuko du eta, aldi berean, euskarazko bertsioaren egoera ere nola dagoen aztertuko da. Halaber, sormena librearekin, kopyleft sareekin, aktibismo digitalarekin, autogestio kulturalarekin edota software librearekin erlazionaturiko hainbat lagun ere hurbilduko dira jardunaldietara.

Programa

OSTEGUNA, EKAINAK 23

  • 12:00 Prentsaurrekoa Artelekun. "Copyleft, abian dagoen iraultza"

OSTIRALA, EKAINAK 24

  • 10:30 Ekoizpen musikalean, artistikoan edota literarioan aplikatutako Kopyleft-a zer den adierazteko dibulgaziozko hainbat hitzaldi
  • 11:15 X-evian sistema eragilearen v.0.6 Kopyleft edizioaren aurkezpena.
  • 12:00 "Wikipedia, copyleft ekoizpen arrakastatsuaren adibide gisa". Jimmy Wales-ek, Wikipedairen sortzaileak, emandako hitzaldia 17:00 Mireia Garretaren eskutik, Creative Commons-aren eta CC euskarazko proiektuaren aurkezpena.
  • 18:00 Procomun delakoaren sarrera. Miquel Vidal.
  • 19:00 Jabetza intelektualari buruzko mahai ingurua. Partehartzaileak: Carlos Sánchez Almeida (abokatua), Nacho Escolar (musikaria), Miquel Vidal (Barrapunto-ren administratzailea) eta Pedro Farré (Sgae)
  • 21:30 Talde-afaria

LARUNBATA, EKAINAK 25

  • 10:30 Tailerrak: Hacklaben koordinazioa (3 ordu), Musika (3 ordu), Lan editoriala eta liburutegiak (3 ordu)
  • 13:30 Talde bazkaria
  • 16:30 Tailerrak: Ikusentzunezkoak (3 ordu), Artea eta diseinu grafikoa (3 ordu), Software (3 ordu)
  • 21:00 Afaria
  • 22:00 Kontzertu Kopyleft: Defunkind, R13, Izate, Mattin (Kontzertu ondoren talde partehartzaileen musikarekin osaturiko CD-ak banatuko dira)

IGANDEA, EKAINAK 26

  • 11:00 Tailerren bateratze-lana
  • 12:00 Lan bilketa eta "Kopyleft gidaliburua"ren idazketa. Dena web-ean argitaratuko da.
  • 15:00 Talde-bazkaria eta agurra finala.

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, jo helbide honetara: Kopyleft.net

Parte hartzeko gonbidapena PDF formatuan

Copyright murriztailetik haratago bizitza dago...

Naiz eta SGAE, BSA eta RIAA bezalakoek etengabe botatzen dituzten meatzuak eta mezu apokaliptikoak. Erakunde hauek gizakiaren burutazioak merkatugai biurtzen dituzte eta guztionak diren ondasun oparoekin etekin zikinak ateratzen dabiltza. Era horretan pentsamenduen lehortea eragiten dute, baina hala ere, ugaritasun printzak badira ekoizpen intelektualaren alorrean behintzat. Eta behar den indarra egin ezkero, lortuko dugu arrakala digitala apurtzea, ezagutza elkarbanatzea, etsa baita kultura eta arte ere; egun daukagun industria eraldatuz. Eta guzti hori, biztanleriaren oinarrizko eskubideak zapaldu gabe, kode penala gogortu gabe eta jakintza elkartrukatzea zigortu gabe noski.

Kopia-eskubidea murriztearekin mozkinak ateratzen dituztenak egia estali nahian badabiltza ere, jabego amankomunaren esparruan, beti izan dira sormen adierazpenak herriko kulturan. Eta kultura mota hau bizi-bizi dago gaur egun kultura digital eran. Globalizatuz doan ekonomia hontan, salgaiak gero eta maizago dira ukiezinak, eta hori eztabaida publikoaren lapikora eraman beharra dago hanbat arinen. Izan ere, izaera aldaketa honek kolokan jartzen ditu azken bi mendeetan erabilitako copyright eta patenteen legeak. Orain, trukatzen diren eduki kultural eta artistikoak ukiezinak dira eta ez dituzte ohiko fisikaren arauak jarraitzen. Mundu materialarentzako egindako sistema legala ziberespazioan nola edo hala mantentzea ez da bide zuzena. Zeregin horri burugogor eustea zekulako hankasartzea da, eta itsukeria horren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: enpresen gehiegikeriak, lege bidegabeak, bistanleriaren kriminalizazioa non denok "pirata" potentzialak garen, etab. Patenteak dauzkatenei boterea ematen dien politika murriztaileekin ez da sormena bultzatzen, ezta gutxiago ere, elkarbizitza pozoitu besterik ez da egiten, berrikuntzaren iturriak lehortuz eta berrikuntza bera geldotuz. Baina hori bai, bidegabekeria guzti hauek jasaten ditugun bitartean korporazioek eta beraien abokatuek poltsikoak lasai lasai betetzen dituzte.

"Jabego intelektuala" dituen ezaugarriek besteak salgai arruntetatik desberdintzen dute. Alde batetik, iraunkortasun historikoa ematen dion komunitate baten beharra du, eta horrek ematen dio zentzua eta balioa obrari berari. Eta bestetik, ideiak beste gauzak salgai biurtzen dituen murriztasun printzipiotik at daudelako. Nolatan murriztu daitezke abesti, algoritmo, testu, software programa, etab. bezalako "ondasun mugagabeak" ezin badira "gastatu" ez agortu? copyright-a eta patenteak justifikatzen dituen kontratu soziala apurtu ondoren, lan intelektualen kopiak egiteari murrizketak ezartzea indarrez egiten da, eta lehiatze horrek arazo mordoak dakartza: mehatxuak, auziak, isunak, zigorrak, etab. Liburuen eta disken multinazionalek, eta orokorrean publikoaren eskubideak moztea defendatzen duten guztiek, denbora gelditu ahal izango balitz bezala jokatzen dute, murrizketa fisikoen aroa luzatu beharra egongo balitz bezala egiten dute, orainarteko eredu industrial eta kulturala gordetzeko. Baina gero eta eraginkortasun txikiagoa dauka bizi dugun ereduak; gero eta bidegabeagoa biurtzen ari da. Eta bitartean, orain eskura dauzkagun aukerei uko egin behar diegula suposatzen da, esparru inmaterialean behintzat handitzen doan oparotasunari eta askatasunari muzin eginez. Ugaltze honen primerako adibidea software librea dugu: bost kontinenteetan zehar barreiaturiko burmuin langileek elkarlanean dabiltza eta kalitaterik oneneko puskak askatzen dituzte, sekulako obra moldakor eta mugagabe bat burutuz. Bururik gabeko elkarlan hau eta beste edozein, ezinezkoak izango lirateke lehen aipatutako eredu jabedunak sormenaren lurralde guztietara helduko balira.

Copyleft 2005 Jornadas Kopyleft Jardunaldiak

Textu hau CC-en Atribuzioa-EzKomertziala-BerdinBanatu 2.5 lizentziapean dago.

Erantzun

Sartu