Teknologia albisteak

11 eragile politiko eta sindikal aurrera konpromisoaren bidetik

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - kontseilua
2005-06-15 : 10:06

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua hamaika alderdi politiko eta sindikalekin aurrera doa euskararekiko konpromisoaren bidetik, oraingoan konpromiso zehatzak hartuz. Kontseilua ‘Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitiko’-aren sinatzaileekin agertu da hitzarmenaren balantzea egiteko.

Akordio Soziopolitikoa osatzen duten erakundeak hauek dira: ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergentzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

Akordio Soziopolitikoa 2004ko azaroan sinatu zuten euskararen normalizazioa bultzatzeko xedearekin. “Hitzarmena sinatu genuenetik 12 sinatzaileok datozen urteotarako funtzionamenduaren oinarriak jartzen ahalegindu gara”, azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

“Orain arte egin ditugun lanak positiboki baloratzen ditugu, eta gure arteko harremanak sendotzeaz gain, aurrera begira elkarrekin egin dezakegunak itxaropen handia piztu digu”, gaineratu du Mendigurenek.

Euskararen egoera gainditzeko lehentasunak adostu dituzte, arlo garrantzitsuenak kontutan izanik:



- Indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitzea Udal ordenantzei arreta berezia jarriz.
- Hezkuntza eta Unibertsitatea euskalduntzea ereduak gainditzeko helburua ardatzatzat hartuta.
- Lan mundua euskalduntzeko pausoak ematea eragile nagusiak fundazio baten inguruan biltzeko.
- Komunikabideak eta kultur jarduna euskalduntzeko diskriminazio positiborako neurriak ezartzea telebista lokalaren auzian arreta berezia jarriz.
- Euskalgintzaren kontra izandako erasoek egindako kalteak arintzea.
- Erasoek eragindako egoeraren berri nazioartean ematea.

“Helburuak betetzeko proposamen politiko eta sozialak sortuko ditugu”, azaldu du Kontseiluko ordezkariak. Honakoak adierazi dituzte, besteak beste:

- Ordenantza eredugarriak adostu eta Udaletan aurkeztea eztabaida daitezen.
- Euskalduntzea lortuko duen ereduaren ezaugarri pedagogikoak zehaztea.
- Lan munduaren euskalduntzea ahalbidetuko duen fundazioa sortzeko beharrezko lanak egitea.
- Hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko kuota sistema baten proposamen politikoa osatzea.
- Euskalgintzak pairatutako kalteak kuantifikatzea
- Euskalgintzarekin gertatutakoa nazioartera zabaltzeko plangintza garatzea.

Hamabi eragile horiek aurrerantzean egin beharrekoa zehazteaz gain, falta diren alderdi politiko eta sindikatuei dei egin diete “gurekin bat egin eta bidea elkarrekin egin dezagun”.

Erantzun

Sartu