Teknologia albisteak

Euskal Herriko Eskolarteko XVII. Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia
Aitor - Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa
2005-06-14 : 10:06

Datorren Larunbatean, hilak 18, Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko da Euskal Herriko Eskolarteko XVII. Bertsolari Txapelketaren finala. Urtero bezala, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatu du txapelketa eta bertan bi mailatan banatuta ariko dira Euskal Herri osoko bertsolari gaztetxo eta gazteak.

Eguna: 2005eko ekainaren 18a
Tokia: Altsasuko Burunda Pilotalekua
Ordua:
- Goizeko 11:00etan (Txikien saioa)
- Arratsaldeko 16:00etan. (Handien saioa)

FINALISTAK

TXIKIEN MAILA
ARABA XABI IGOA (Aramaio) 13 urte, MIKEL SERRATO (Aramaio) 12 urte

BIZKAIA XABIER ITURRASPE (Lekeitio) 14 urte, NAGORE BEITIA (Bermeo) 13 urte

GIPUZKOA MIKEL OLAIZOLA (Elgoibar) 14 urte, AMAIA ITURROZ (Urretxu) 12 urte

NAFARROA JOSU SANJURJO (Lesaka) 12 urte IOAR TAINTA (Lesaka) 13 urte

IPARRALDEA MATTIN LUKU (Garazi) 13 urte, BIXENTE LUKU (Garazi) 13 urte, XIMUN CAZAUBON (Jatsu) 12 urte, TXOMIN ELOSEGI (Hazparne) 13 urte

HANDIEN MAILA

ARABA IZAR MENDIGUREN (Laudio) 16 urte, HODEI LOPEZ DE ARKAUTE (Gopegi) 17 urte
BIZKAIA ITXASO PAIA (Getxo) 16 urte, MIREN AMURIZA (Berriz) 15 urte
GIPUZKOA BEÑAT GAZTELUMENDI (Añorga) 18 urte, UNAI GAZTELUMENDI (Añorga) 16 urte
NAFARROA JULIO SOTO (Gorriti) 17 urte, XABI SALBADOR (Barañain) 17 urte
IPARRALDEA MIZEL MATEO (Bidarrai) 17 urte, PATXI IRIART (Hiriburu) 17 urte, MADDALEN ARZALLUS (Hendaia) 15 urte

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak aurten ere Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatu du, aurtengoa XVII.a izango da. Azken urteotan Mungian izan da, baina Altsasun jokatuko da aurten finala. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak euskal lurraldeetan bertsolaritzaren ezagutza zabaltzeko eta jardun hori bultzatzeko duen xedea dela eta, Nafarroako udalerri honetako udalarekin hiru urterako akordioa izenpetu du. Orain arteko bidean lurraldeetako txapelketak jokatu dira, eta arestian aipatutako bi taldeak izan dira horren emaitza. Lurraldeetako txapelketetan izan den maila onak Altsasuko finalerako ikusmina areagotu du.

Arabatik Xabi Igoa eta Mikel Serrato aramaioarrek kantatuko dute txikietan eta Izar Mendiguren eta Hodei Lopez de Arkautek handietan, horiek salikatu baitziren maiatzaren 21ean, Gasteizko Armentia aretoan jokatutako finalean. Bizkaitik, Xabier Iturraspe eta Nagore Beitia sailkatu ziren txikienen artean, eta handiei zegokien saioan Itsaso Paia eta Miren Amuriza izan ziren sarituak hurrenez hurren, Bilboko Indautxu plazako El Carmen aretoan, ekainaren 3an egin zen saioan. Gipuzkoan, berriz, maiatzaren 28an jokatu zen finala Donostiako Kursaalean, eta bertan Mikel Olaizola eta Amaia Iturriotz sailkatu ziren txikietan. Handietan, Añorgako Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak sailkatu ziren. Josu Sanjurjo eta Ioar Taintak kantatuko dute Nafarroaren izenean txikietan, eta handietan Julio Sotok eta Xabi Salvadorrek. Azkenik, Iparraldetik Mattin eta Bixente Luku anaia donibanegaraztarrak, Ximun Cazaubon eta Txomin Elosegi izango dira txikietan Altsasun, eta handietan, berriz, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart eta Mizel Mateo.

Finala Estitxu Fernandez aurkezle ezagunak aurkeztuko du eta berak emango dizkie bertsolariei Gasteizko taldeak jarritako gaiak. Epai-lanetan, aldiz, Eneko Bidegain eta Iñaki Etxeleku Iparraldetik, Joseba Santxo Bizkaitik, Mikel Aizpurua Gipuzkoatik, Ekaitz Elorriaga Arabatik eta Jon Abril Nafarroatik ariko dira. Idazkari lanak Xabier Paiak egingo ditu. Ekitaldirako bereziki egindako kartela Felix Garridok diseinatu du.

Goizeko zein arratsaldeko saioek egitura piramidala izango dute. Goizeko saioan txikiek kantatuko dute, eta ondorengo lanak bete beharko dituzte: agurra gai baten inguruan (bi talde egingo dira, beraz, bi gai), lau oinak emanda bertso bana eta binaka ofiziotan bina bertso zortziko txikian. Hortik aurrera sei puntuatuenek jarraituko dute eta hitza emanda bertso bana kantatu beharko dute zortziko handian nahiz txikian. Bukatzeko, sei puntuatuenek bina bertso kantatu beharko dituzte ofiziotan zortziko handian. Honenbestez bukatuko da goizeko saioa, eta sarituen izenak emango diren arren, arratsaldeko saioaren ostean banatuko dira sari guztiak.

Arratsaldean, handienen saioari ekingo zaio. Agur bana kantatu ondoren, lehenik zortziko handian egin beharko dute ofiziotan, bakoitzak bina bertso. Ondoren, zortziko txikian hiruna bertso kantatuko dituzte ofiziotan eta honenbestez aurrera egingo duen boskotea aukeratuko da. Bost hauek kartzelako lana izango dute zain, eta bertan puntu bati erantzun eta gai baten inguruan bina bertso kantatu beharko dituzte (gehienez ere bost puntuko neurrian).

Sariei dagokienez, txikien nahiz handien mailako txapeldun eta txapeldunordeek jasoko dituzten sariez gain, bada finalista guztientzat sari berezi bat ere. Txikien zein handien mailako finalistek astebeteko ibilaldi baterako txartel bana jasoko dute Ikastolen Konfederazioaren eskutik.

Erantzun

Sartu