Ospakizun ekintzak, nagusiki, informazioa eta analisia lantzen duen astekariaren ildoari jarraiki antolatu dira. Gainera, internetera egokituta, SAREKO ARGIAn bere erreflexua izango du guztiak.
1919. urte hartan jaiotako Zeruko ARGIA, oztopoak eta debekuak ezagutu ondoren, ausardiaz eta indar berriturik kaleratu zen frankismoaren garai ilunetan. 1963an astekari gisa agertu zen berriro 1. zenbakiarekin eta uztailaren 10ean 2000. zenbakira helduko da.
ARGIA Euskal kulturaren berpizkundean aldizkari erreferentziala izan zen eta euskarazko prentsak eta kulturak egin dituzten urrats guztietan protagonista izan da.
Horregatik guztiagatik gertaera hau ospatzea erabaki du ARGIAko lan taldeak eta hainbat ekintza antolatu dituzte.
Zortzi asteko atal berezia aurkituko du irakurleak astekarian eta SAREKO ARGIAn: 40 urteko aktualitatea Zeruko ARGIA eta ARGIAren orrietatik ikusia eta gaur egungo begiekin komentatua. Honakoa da interneteko kanalean aurkitu ahal izango den informazioa:
.- Argiako azalak: 1963. urtetik aurrerako azalik esanguratsuenetakoak.
.- Erreportajeak: Argiak astero argitaratuko dituen erreportaje bereziak aitzakia hartuta, sarerako erreportajeak prestatuko ditu Jon Tornerrek. Erreportaje horiek larunbatetan jarriko dira sarean eta Hari@ ko harpidedunek e-posta bidez jasoko dute.
.- Artikuluak: Ale zaharrak arakatzen egon ondoren, zenbait artikulu berreskuratu eta eskaintzen dituzte.
.- Kronologia: 1960-2000 urteen arteko kronologia laburtua.
Kazetari gazteak ezagutarazi eta saritzeko asmoz, erreportaje lehiaketa ere prestatu dute. 30 urtetik beherako kazetarientzat izango da eta hiru kategoria izango ditu: erreportaje luzea, laburra eta interneterako erreportajea. Sariketaren oinarriak www.argia.com helbidean daude zintzilik.
Gainera, udazkenari begira, Euskal Herria 2005-2025, nora eta nola? izenburupeko topaketak egingo dituzte.
Erantzun
Sartu