Iruñeko Udalak hartutako erabakia guztiz desegokitzat jotzen dugu, euskararen normalizazioaren kontrako norabidean doan aldaketa da, adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iruñeko udaletxean Euskararen Ordenantza aldatzeko erabakia kritikatu du.
Bereziki kezkagarria da zerbitzua euskalduntzeko plangintzen beharraren eta zuzeneko arreta eskaintzen duten lanpostuen zehaztapena desagertzea, adierazi du Mendigurenek.
Bestalde, alderdi politiko guztien artean onartutako ordenantzak ez betetzeko judizializazioa aitzakitzat hartzea guztiz desegokitzat jo du Kontseiluak. Judizializazioa saihesteko ordenantzak bete besterik ez baitzuten egin behar, azaldu du Idazkari Nagusiak.
Kontseiluak eta hamaika eragile politikok eta sindikalek sinatutako Akordio Soziopolitikoaren lehen puntuak legedia egokitu beharra nabarmentzen du: Indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitu behar da, gaur egun indarrean dagoen hori ez baita normalizaziorako egokia. Ildo horretatik, Ordenantza egokia funtsezkoa dela gogorarazi du Mendigurenek.
Beraz, Kontseiluak egoera honen aurrean gogoratu nahi ditu Akordio Soziopolitikoan jasota dauden proposamen nagusi batzuk, horiek baitira, gure aburuz, Iruñeko ordenantzek izan beharko lituzketen aldaketak. Hona proposamenak:
AKORDIO SOZIOPOLITIKOA
· Hizkuntza-politika osoa behar dugu Gobernutik udaletarainokoa, bitarteko egokiz hornitua, sail artekoa, gizarteko sektore guztietara iritsiko dena.
· Langileen kontratazio berri guztiak elebidunak izan daitezen eperik laburrenean plangintza bat sortu beharra dago
· Udala euskalduntzeko plangintza eraginkorra eta epeduna behar da.. Langileei erraztasunak eman behar zaizkie ikasteko.
· Herritarrekiko arreta bermatzeko lehentasun osoko plangintza abiatu behar da.
· Azpikontratatutako zerbitzuek eta enpresek euskarazko eskaintza bermatzea ziurtatu beharko luke Udalak.
· Udalak ematen dituen diru laguntzetan euskara baliozkotu behar da.
Udalak hartutako erabakiarekin euskararen normalizazioaren beharretatik urrundu egin dela aipatu du Xabier Mendigurenek, eta gure kritikarik gogorrena egin nahi dugu. Izan ere, Kontseiluak alderdi politikoei dei egin die Akordio Soziopolitikoan jasotzen diren puntuak aintzat har ditzaten.
Bitartean, Iruñeko euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratuko dira, politika glotozida eta kontziente baten eraginez, adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, bestalde, Iruñeko udalak orain arteko ordenantzak ez zituela betetzen salatu du. UPNk eta CDNk osatutako gehiengo berriak Udalean Euskararen Ordenantza ez betetzea ekarri du, kritikatu du Behatokiko Zuzendariak, Paul Bilbaok.
Orain arte, Behatokian horren gaineko kexa ugari jaso izan dira. Ordenantzen artikulu gehienak urratzeagatik jaso ditugu kexa espedienteak Euskararen Telefonoan, adibidez: udalarekin euskaraz harremanetan jarri ezinagatik, izendegiengatik, argitalpenengatik, lanpostu berrietan euskara ezagutza ez eskatzeagatik, e.a., azaldu du Paul Bilbaok.
Euskararen ordenantza aldatuta, hizkuntza-eskubideak oraindik erraztasun handiagoz urratu ahal izango dira Iruñean, salatu du Behatokiko Zuzendariak.
Erantzun
Sartu