Kixote, Santxo. Beraien urtea da hau, aurtengoa. Eta hora ari dira paperezko egunkariak betetzen, telebistetako minutu garestiak irakurleekin asetzen... eta euskaraz ere asko idatzi eta irakurri dugu On Kixote liburuaz. Ahaztu egin zaigu ordea, 8 kapitulu euskaratu zituela Gabriel Arestik. Ahaztuko zaigun bezala Aresti, laister.
Zedukan izenik gogora ekarri nahi ez dudan Mantxako basa-herri batean, orain denbora asko ez dela, aiton-seme bat bizi zen, harma-tokian lantza gordetzeko, eta ezkutu zaharra, zaldi argala eta galgo-zakur korrikalaria zedukaten hoietatik bat.
Horrela hasten da obra handi hori, Don Kixote. Horrela euskaratzen hasi zen Gabriel Aresti ere. Zortzi kapitulu itzuli zituen 1969an, jatorrizkoan lehen bi kapituluak makinaz jota daude, beste guztiak eskuz idatziak. Eta Susak 1986an plazaratu zituen, Gabriel Arestiren obra konpletoetan.
Eta aurten, Kixote gogoratu eta gogoratzen ari garen honetan, Gabriel Aresti bera ia ia ahaztua dugu. Ez dira ba igande honetan 30 urte hil zela? Auto lehiaketak eta Carlinos Brown horrekin Movistarren iragarkiak egiten dituen hiriak, Bilbok ez du ba liburu azoka egiten. Eta Aresti? Aresti kale bihurtu dute. Aresti instituto da. Aresti euskaltegia. Baina Aresti idazlea ez dugu erraz topatuko Bilbon.
Idazle konpletoa izan zen Gabriel Aresti. Asko idatzi eta asko itzuli zuelako. Euskarara ekarri zituen horrenbeste obra, egile eta lan. Cervantesen obra aipatu dugu, baina baita Shakespeare, Baudelaire, Verlaine, Juan Ramon Jimenez, Goethe, Mistral, Machado. Galegotik ekarritako Manuel Curros Enriquez, Valentin Paz-Andrade, Frai Marcos de Portela, Lorcaren Sei poema galego edo Alfonso R. Castelao.
Euskarara ekarri zituen halaber, Thomas S. Elioten Lau Quarteto eta Nazim Hikmeten Lau Gartzelak, Pablo Nerudaren Amoriozko poemak eta Dante Alighieriren Komedia poesia liburuak.
Erantzun
Sartu