Legegintzaldi berri honetan hizkuntza-politikak lehentasunekoa izan behar duela uste du Kontseiluak. Alderdiek erantzukizunez joka dezaten eta normalizazioari beharrezko bultzada eman diezaioten dei egiten dugu, adierazi du Kontseiluko Lehendakariak, Joanmari Larrartek.
Kontseilua euskararen normalizazioa suspertzeko alderdi politikoekin batzartu da, aurrera egiteko proposamena zabalduz. Orain dugu normalizazioan aurrerapausoak lortzeko aukera, aditzera eman du Lehendakariak.
Gobernua osatu baino lehen, alderdiekin egon da Kontseilua hizkuntza-politika eraginkorra eskatzeko. Orokorrean politikarien jarrera positiboa izan da, baloratu du Joanmari Larrartek, normalizazioaren bizkortzearekin alderdiak bat etorri direla argudiatuz.
Kontseilukoak EAJ, PSE, EHAK, EA, EB, Aralar eta Batasunarekin izan dira. Hizkuntzaren egoera hobetzearen premiarekin ados agertu dira, esan du Kontseiluko Lehendakariak.
Bilera horietan, Kontseiluak hamaika eragileekin sinatutako Akordio Soziopolitikoaren zutabeak azaldu ditu. Joan den urtean zenbait alderdi politiko eta sindikalek euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten Kontseiluak proposatutako
Akordio Soziopolitikoaren bidez. Oraingoan eragile politikoekin hitz egiteko akordioa oinarritzat hartu dugu, azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Alde batetik, Legegintzaldiari begira, indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitzearen beharra adierazi du eragile politikoen aurrean. Hezkuntza, unibertsitatea, lan-mundua, komunikabideak eta kultura-jarduna euskalduntzeko ahaleginak eskatu ditu.
Bestetik, normalizazio politikorako euskararen inguruan jaso beharrekoak jakinarazi zituen, euskara berezko, lehentasuneko eta ezagun beharreko hizkuntza dela azpimarratuz. Era berean, hizkuntza-politika egokia, epeak eta helburuak dituena eskatu du. Helburuak markatu ez ezik, epeak zehaztea beharrezkoa da aurrera egiteko, azpimarratu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Horrekin guztiarekin, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hasiko den Legegintzaldi honetan euskararen normalizazioa indar berriz ekiteko deia egin die alderdiei. Abagunea aprobetxatu behar dugu, berretsi du Joanmari Larrartek.
Bukatzeko, Kontseiluak alderdiei azaldutako asmoak betetzeko eskatu die. Haiekin lan egiteko prest gaude, baina aurrerapauso nabari eta eraginkorrak egin behar dituzte, esan du Ildo Politiko-Instituzionaleko Arduradunak, Iñaki Lasak.
Erantzun
Sartu