Teknologia albisteak

Euskara planentzako dirulaguntzak EAEn

Erabiltzailearen aurpegia
Sustraituz - Eusko Jaurlaritza
2005-05-26 : 11:05

EAEko entitate pribatuetan eta zuzenbide publikoko korporazioetan euskara-planak garatzeko edota koordinazio-jarduerak aurrera eramateko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen 2005eko maiatzaren 25eko Agindua ekainaren 3an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Aginduaren izenburuan bertan irakur daitekeenez aurtengo deialdiak baditu zenbait berrikuntza.

Eskabideak aurkezteko epea: ekainaren 4tik uztailaren 7ra

2005eko deialdian helburua zabaldu egiten da; hiru jarduera mota laguntzen dira diruz:

  1. Euskara-planaren 2005eko kudeaketa plana
  2. Entitateak lehenbiziko aldiz euskara-plana egitea
  3. Koordinazio-jarduerak

2005eko deialdirako diru-partida 1.118.522 eurokoa da, 2004ekoa baino %16 gehiago. Diru-kopuru horretatik %10 koordinazio-jardueretarako gordeko da.

Onuradunen esparrua ere zabaldu da, elkarte eta fundazio guztiek aurkezteko aukera baitute.

Diru-laguntzagai ondoko eremuak izango dira:

a) Lehen euskara plana (berria) (Gehienez 6.000 €) Deialdi honetan lehenengoz parte hartzen duen entitateek hiru urterako plana egiteko diru-laguntza

b) Itzulpenak (Gehienez 6.000 €) Idatziz egindako testuak (web-orriak barne) euskaratu, euskarazkoak egokitu eta entitatearen jarduerarekin zerikusi zuzena duten terminologia lanak garatzea.

c) Batzarretako aldi bereko itzulpen-zerbitzua eta horretarako baliabideak erostea. (berria) (Gehienez 3.000 €)

d) Trebakuntza (Gehienez 13.000 €) Langile euskaldunen hizkuntza-trebakuntza. Aurten entitatearen euskara-planaren koordinatzailearen euskararen normalkuntzaren inguruko trebakuntza ere diruz lagunduko da.

e) Softwarea (Gehienez 13.000 €) Lana euskaraz egin ahal izateko aplikazio informatikoak erosi, garatu, edota erositako edota entitatean bertan garatutakoen euskaraz lan egiteko egokitzapen edo moldaketa.

f) Plangintzaren jarraipena (Gehienez 13.000 €) Euskara batzordearen jarduna

g) Plangintzaren ebaluazioa (Gehienez 2.000 €) Plangintzaren ebaluazioa burutzeko txostenak egitea edota Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak banatzen duen aplikazioaren ebaluazioa atala betetzea.

h) Koordinazio-jarduerak (berria) (Gehienez 13.000 €) Entitate desberdinen arteko koordinazio-jardueren mamikuntza. Entitate desberdinetako euskara-koordinatzaileen, euskara-teknikarien edota gainerako lankideen arteko jarduerak eta bilerak antolatzea. Trebakuntza eta Plangintzaren jarraipena eremuen gehienezko diru-muga lantokian 500 langile edo gehiago duten entitateetan 2.000 euroz igotzen da eta 1.000 langile edo gehiago duten entitateetan 4.000 euroz.

Goiko zerrenda horretan ikus daitekeenez euskalduntze eta alfabetatze eremuak ez dira diru-laguntzagai, izan ere, aurten HABEk matrikularen %100 arte lagun ditzake ikastarook.

2005eko deialdiaren beste berrikuntzetariko bat da aurten hiru urteko planak eta kudeaketa planak ez direla Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ereduaren arabera zertan aurkeztu, hau da, entitateek beraiek aukeratzen duten ereduan aurkez ditzakete planak, beti ere planek deialdian zehazten diren gutxieneko batzuk jasotzen badituzte. Bide hori aukeratzen duten entitateek aurreko urteko kudeaketa-planaren ebaluazio-txostena aurkeztu beharko dute.

Azkenik, eskabideen aurkezpena erraztu nahian bete beharreko eranskinak errazten ahalegindu gara.

Erantzun

Sartu