Teknologia albisteak

Victor Alexandre: Euskaldunek eta katalanek elkarren antzeko gauza bera dugu: etsaia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2005-04-22 : 15:04

"Yo no soy español" liburua idatzi zuen 1999an, Kataluniako hainbat pertsonai ezagunekin izandako elkarrizketak batuz; bere buruari ere egin zion elkarrizketa bera, liburuaren amaiera. 30.000 ale saldu ditu eta filma egitekotan dira. Arrasaten emango du hitzaldia. Asteleheneko Goienkaria egon da berarekin. Elkarrizketa egin dio Marijo Deogracias-ek.

Espainian ez, baina Katalunian izugarrizko arrakasta izan du; 9. edizioa kaleratu berri dute, 30.000 bat ale saldu ditu eta orain, filma egin nahi dute. Eguenean Arrasaten izango da hitzaldia ematen: "Euskal Herria bidegurutzea. Ikuspegi suspergarri bat Kataluniatik"; 19:00etan Monterronen.

Espainiarra zara?

Ez, ez naiz espainiarra; ez naiz inoiz izan eta ez daukat identitatez aldatzeko intentziorik.

Ni ez naiz espainiarra ez dut uste denik lau haizetara zabaltzeko baieztapena; hala gaur egun aldartea dago?

Munduko edozein lekutan espainiarra ez naizela ezin esan izateak, munduko leku hori ez dela normala erakusten du. Espainian espainiarra ez zarela esateak beste herrialde baten jaio zarela esan nahi du. Euskal Herria eta Kataluniako Herrialdeak ez direnez Espainia, erabat normala da herri horietan espainiarra ez zarela esatea. Dena dela, Aznar eta Zapateroren arteko aldea Kerry eta Bushen artean dagoen bera dela esango nuke, esaterako.

Aldartez ari garela, Katalunian badago nahikoa espainiar denak aitortzeko?

Espainiarrak ez direnek onartzen dute badirela Katalunian ere –mendeetako garun-garbiketaren ondorioz– beste herrialde baten parte direla sinistuta dauden espainiar sentimendua garatu dutenak. Hala ere, espainiar ez direnek izaten dituzte arazoak; besteek babesten dieten estatua daukate.

Kataluniar izaera erabiltzeko eskubidea aldarrikatu duzu. Zer ulertu behar dugu?

Eskubide nazionalak, identitatea, onartzen ez dieten herri guztiak saiatzen dira euren izaera propioa aldarrikatzen.

Esan izan duzu “erasotzailearekiko menpekotasun emozionalarekin apurtu ezean” ez dela independentziarik egongo.

Tratu txarren egoerarekin konparaketa eginez ulertzen da: erasotzailearekiko menpekotasunean tratu txarrak jasan dituzten emakumeek auto-estimua galtzen dute, beren kabuz ezer ezin dutela egin sinisteraino. Erasotzailearekiko dependentzia emozionala garatzen du. Hau bera gertatzen zaie herriei eta kolektiboei. Herri baten menpe hainbeste denbora egiten duen bigarren herri batek, dudan jartzen du bere erabakitzeko ahalmena. Euskaldun eta kataluniar askok duten auto-gorroto edo auto-estimu baxua, dependentzia emozional horren ondorio da.

Carod Rovirak ETArekin izandako elkarrizketak izan zuen eragin mediatikoaz ere idatzi dugu liburua. Rovira indartua atera zela uste duzu?

Rovira kargutik egin kendu zuten eta oso larria da hori. Konplexu bako ikuspuntu nazional batetik, Katalunia nazioa da eta erakutsi egin behar du. Orduan gertatu zen hura horretarako aproposa izan zen, baina bere klase politikoak ez zuen egin; erregio bat legez jardun zuten. Onartezina da erabat, sasoi hartan oraindik politikoki inor ez zen, beste herrialde bateko jaun batek –Zapaterok– beste herri bateko lehendakariari –Maragall– herrialde horretako lehen ministroa –Rovira– kargutik kentzeko eskatu izana. Eta harrigarriena da kasu egin ziola eta agerian geratu zela Kataluniako presidentearen Espainiarekiko menpekotasun absolutua. Egia da Rovirak bere kargua Maragallen eskutan jarri zuela; baina ez dut uste Rovirak uste zuenik kargutik kenduko zuela; batez ere, bere botoekin izendatu zutelako lehendakari Maragall. Alderik onena ERC Espainiako parlamentuko laugarren indar politikoa bihurtu zela da.

Guretzako normala dirudien horrek, ikuspegi espainiar batetik indar independentista bat bere parlamentuan laugarren botere izatea onartezina da; eta 3. tokian CIU badaukate eta 5.ean EAJ, asaldatu egiten dira eta Rodriguez Ibarrak esandako modukoak entzuten dira: nazionalista deituriko alderdiek ez dituztela euren botoak zenbatu behar Espainiako kongresuan, “benetako espainiarrek bakarrik dutelako erabakitzeko ahalmena”.

Zer leporatu zioten Rovirari?

Espainiaren arazoa ez da Carod, baizik eta beraren keinua. ETArekin berba egitean, Kataluniak azkeneko urteetan egin duen subiranotasun keinurik garrantzitsuena izan da. Behingoz Espainiari bizkarra eman eta arazoa bere kabuz, kataluniar erara, hau da, berba eginez, konpontzen saiatu zen. Azken batean, atentatu bat dagoenean parean harrapatzen duen edozein izan daiteke biktima; gainera, biolentziak legitimatu egiten zuen Aznarrek egin nahi zuena, hau da, independentismoa kriminalizatu ahal izatea. Hori zen Roviraren asmoa eta Katalunian tregua lortu egin zuen. Nire ustez garaipen politiko itzela izan zen: herrialde bateko lehen ministroak talde armatu batekin hitz egin ostean herrialde horrentzako tregua lortzea herrialde normal baten garaipen legez ikusten da. Beraz, nire ustez, Rovira politikoki indartuta atera zen.

Nola hartu zuen jendeak "Yo no soy español" liburua?

Espainian itzelezko porrota izan da. Ulertzen dut izenburuak espainiarrei enbarazu egitea; nik neuk ez dut ezagutu nazionalista espainiarra ez den espainiarrik. Izenburuak jendea asaldatu egiten du, beraz, ulertzen dut espainiarren jarrera. Katalunian, bestalde, oso-oso ondo joan da. 9. edizioa atera berri da, 30.000 bat ale saldu dira eta gainera, udazkenean, filma egiten hasiko da Francesc Bellmunt zuzendaria (Yo no soy español liburuko elkarrizketatuetako bat). Diru bila gabiltza eta ez dugu baztertzen parte hartze euskalduna. Liburuan baino pertsonaia gehiago agertuko dira, baina ez da La pelota vasca izango. Esan nahi dudana da, La pelota vasca filmean alde bietako iritziak jaso zituela Medemek, baina gurean ez. Jendearen auto-estimari jaten ematea da helburua. Filma erabat partziala izango da eta kontrakoa pentsatzen duenak egin dezala bere filma. Katalunian independentismoaren klasiko bihurtu da liburua; esaldi hori esatea kosta egiten da eta liburu baten idatzita ikusten duzunean… Itzela da, urtero 500 bat liburu saltzen dira!

Euskal Herrian harrera ona izan du. Iñaki Anasagastik dagoeneko eskatu dit nirearen haritik egiten ari den bere liburuan hitzaurrea idaztea –Somos vascos–; jakina light izango da, EAJkoa delako; aldiz, Angel Rekalde egiten ari dena ezkertiarragoa izango da eta hitzaurrea ere nik egingo diot.

Euskal legebiltzarreko hauteskundeak jarraitu zenituen? Zer nolako panorama utzi digutela esango zenuke?

Kataluniatik naturala litzateke EAJ-EHAK hitzarmena, baina ez da kontuan hartzen bien artean alde handia dagoela. Kontuan hartu behar da Ibarretxe asko miresten dela Katalunian, batez ere, Espainiako kongresuan erakutsi zuen duintasunagatik; Maragallek ez zukeen hori inoiz egingo.

Euskal gobernuaren formularik onena zein litzateke?

EAJ eta beste indar abertzale guztien arteko hitzarmena, euren artean alde handiak daudela onartuta ere, herrialdea nazio bat dela argi daukatenen arteko hitzarmena litzateke. EAJ-PSEren arteko paktuak eskubide erregionalen defentsan geratuko litzateke, PSEk ez duelako onartzen Euskadi nazion bat dela, beste nazio baten parte dela uste duelako; Euskal Herrian ez delako existitzen eta, beraz, ezin dela autodeterminatu eta kasua balitz, Espainiako herriak erabaki beharko luke hori, baina Espainiako herrian ez duenez beharrezko ikusten ez dago autodeterminaziorik Euskal Herriarentzako. Ez bazara ezin zara autodeterminatu. Ikuspegi gaiztoa da, baina horrela da. Bitxiena da eta harritzen nauena Euskal Herritik zera da: nazionalismoa bat eta konstituzionalismo bat daudela onartu izana. Ez dut ulertzen alde bateko nazionalistak daudela onartzea eta beste aldekoak daudela ez onartzea; esaten ez duten arren, badaude eta jarrera horrekin onartzen ari zaie PSOE eta PPri beste edozein modutan izendatu dezaketela euren burua. Baina ez, nazionalismoak bi dira; bata bestea baino indartsuagoa boterea duelako. Euskal Herriaren batasuna defendatzea jarrera nazionalista baldin bada, Espainiaren batasuna defendatzea ere jarrera nazionalista da, hortaz, bi nazionalismo daude. Azken batean, euskaldunak ere konstituzionalistak dira, euren konstituzioa defendatzen baitute. Inoiz ez dut ulertu norbaitek bere buruari ‘ez-nazionalista’ deitzea. Ez da horrelakorik onartu behar. Gol psikologiko oso indartsua da. Hau esaten dizutenean ‘normal’ legez definitzen ari dira eta aldi berean zu ‘anormala’ zarela, baina toleratzen zaituztela esaten ari dira.

Kataluniar eta euskaldunek zer daukagu elkarren antzeko?

Hasteko etsai bera daukagula. Gure desagerpena ikustearekin gustura egongo litzatekeen etsaia, hamaika modutara saiatu den arren ez du lortu izan eta orain terreno berri baten saiatzen ari da: demokrazian. Konturatu da demokraziak baduela zirrikitu batzuk lehen lortu ez duena lortzen saiatzeko eta hau jada maltzurkeria da eta sorgin-ehiza izugarria egiten ari dena gainera. Bestalde, desira berdinak ditugu eta bakoitzak bere idiosinkrasia duenez bide desberdinak jarraitu ditugu, baina nire ustez elkarrekin lortu beharko genukeen, zentzudunagoa delako. Elkarrekin ahalmen itzela daukagu.

Erantzun

Sartu