"Nasdrovia Txekhov!" antzezlana estreinatu zen atzo Donostiako Antzoki Zaharrean euskaraz. Gaur eta bihar gaztelaniaz emango dute, eta igandean izango da berriz euskaraz ikusteko aukera. Anton Txekhov idazle errusiar handiaren ipuinak eta idazlea bera hartzen ditu oinarritzat Vaiven etxearen ekoizpenaz Fernando Bernuesek zuzendu duen ikuskizun honek.
Ipuingintza modernoaren aitatzat daukagu Anton Txekhov, eta XIX. mendeko beste idazle batzuekin ez bezala ondo portatu da berarekin denbora, alegia, bere istorioek, sortu ziren garaiaren espiritua eta tokiaren usaina gorde arren, badute betierekotasun-ukitu bat, nonahiko eta noiznahiko ikusle-irakurleak hunkitzeko gaitasuna, idazle handien pribilegioa dena. Ipuinak ez ezik, antzerkia ere idatzi zuen, eta horregatik maite dute antzerkilariek; dena dela, obra honetan Txekhoven antzezlanetara jo ordez haren ipuin batzuk bihurtu dituzte antzerkigai, ondo jositako trama baten bitartez.
Idazlea bera da protagonista; obraren hasieran, antzezlan baterako aktoreak hautatzeko probetan ari da, bere laguntzaileekin; egunkari batetik mandatari bat dator, agindutako ipuinen bila; Txekhov ahaztuta zegoen, baina orduantxe hasiko da istorioak asmatzen, eta asmatu ahala idazten dituen istorio horiek dira ikuskizuna osatzen dutenak.
Esan dugun bezala, Fernando Bernuesena da (gure artean ikuskizun potenteenen asmatzailea, aspaldi honetan); dramaturgia Alberto Iglesiasek egin du, euskal bertsioa Ritxi Lizartzak idatzi, eta musika Iñaki Salvador-ek asmatu (oso egoki, bide batez esanda). Jantzi, dekoratu, argi eta abarreko guztiak, aitzakiarik gabeak. Obraren taxu klasikoagatik, baina, aktoreak nabarmentzen dira. Sei dira guztira, hiru beterano eta beste hiru gazte. Gazteak (Eriz Alberdi, Naiara Arnedo eta Dorleta Urretabizkaia) oso txukun ari dira beren roletan, baina pisurik handiena beteranoek hartzen dute: Teresa Calo, Isidoro Fernandez eta Joxe Ramon Soroizek, batez ere azken biek.
Tarteka barregarri eta tarteka maitagarriak dira Txekhoven pertsonaiak; koitadu antza hartzen diegu aldika eta ergelak deritzegu besteetan. Bere inguruko errealitatearen soegile zorrotz eta aldi berean errukitsua izan baitzen idazlea, bizitzari nostalgia-tanta batez eta umore gazi-gozoz begiratzen jakin zuena. Spasiva, Txekhov; mila esker, Vaiven.
Erantzun
Sartu