Uztailaren 20, 21 eta 22an blogak hizpide izango dituzteUEUn, Iruñean. Kazetaritza partehartzailea, euskal blogosfera, blog software ezberdinak eta blogak eta euskal prentsa izango dituzte hizpide, besteak beste. Ikastaro honen arduradun da Patxi Gaztelumendi eta ikastaroari buruzko blog bat ere sortu du. Gaztelumendiri egin dizkiogu galdera batzuk ikastaroaren berri izateko.
Zer dela-eta aurten blogen gaineko ikastaroa UEUn? Lehenengo aldia da,ezta?
Bai, lehen aldia da. Baina UEUko Informatika sailak blogen aitzindari diren CMS eta bestelako software sozialei buruz egin izan ditu ikastaroak (dela Zope edo beste batzuk). Interneti eta softwarearen munduari orohar, nahiko arreta jarri dio UEUk azken urteotan. Asteon 5. Informatikari Euskaldunen Bilkura burutuko da Donostian, Software librearen jardunaldiak antolatu izan dire Eibarren... berez, logika baten barruan sortu da ikastaro hau ere.
Blogen eztandaren urtea 2004a izan da mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Orain gogoeta egitea tokatzen zaigu, jardutea, berriak egitea, gehiago sortzea...
Zein da ikastaroaren helburua?
Blogak egin (egiten ikasi) eta blogetaz aritzea. Hausnarketa eta pratika. Oso marxista da finean; teoria eta praxia batera. Tailer bat antolatuko dugu Iruñean, ordenadoreak izango ditugu, hizlariek esaten dutena, pantaila handian ez ezik gure pantailetan ere ikusteko moduan. Hori da helburua. Blogak sortu eta blogile partehartzaileak sortzea. Eztabaida sortzea, gogoetak egitea... blogosferatik Internet astintzea, gure inguruan kezka berdinak konpartitzen ditugun bitartean.
Blog bat ere egin duzu ikastaroaren berri emanez. Zeri buruz arituko zara bertan?
Nolabait bloga sortu dugu, bestela kontraesanean arituko ginatekelako. Barre egiten diegu Interneteko propaganda bestelako medioetan egiten dutenei, Interneten inbertitu barik. Ba guk ere, bloga sortu dugu, blogen ikastaroei buruz aritzeko. Erakusteko, tripak zabaldu eta jendaurrean zuzeneko operazioak egiteko, blogen indarra nabarmentzeko, erraztasuna agerian jartzeko.
Finean ikastaroari buruz arituko gara Ikastaroa iritsi arte. Behin Iruñean, ikasle/partehartzaile bakoitzak blog bat egingo du, edo daukana erakutsiko du, eta hobetu.
Iruñean elkarrekin ikasiko dugu, eta orain arteko irakaskuntza metodo bertikalak irauliko ditugu. Horretan ere esperimentatu behar dugu. Software sozialak hori ekarri duelako: horizontaltasuna. Eta horrela jardun gura genuke guk ere. Ni ez naiz lizentziatua ezertan, eta ikastaroaren arduradun jarri naute... polita izan daiteke hori ere. Interneteko esperientzia hau balekoa da beste edozein esparrutara eroateko.
Euskal blogosfera ondo doala uste duzu?
Badoa eta ez da gutxi. Gutxi batzuen gogoa eta ilusioa ikusten dut hor. Frankotiradoreekin egindako guda da hau, adibidea zilegi bazait. Eta momentuz gudaleku eta frente jakin batzuk ditu gerra honek: Eibarreko frentea, Arrasate ingurukoak, unibertsitatean zenbaitzu , eta beste zenbait satelite. Elkarrekin ari gara, eta Aurki.com gunean topatzen ditugu bataren eta bestearen post-ak. Ez da gutxi, ez horixe. Jauzi berriak emango dira, oso denbora gutxian. Feedak baditugu, jario bat badago... orain gehiago ikasi eta gauza berriak egin beharko ditugu, tendentzia edo joera globalen erritmora. Hor kokatzen dut adibidez podcasting-a. Blogetatik oso hurbil dagoen fenomenoa da, eta gurean Irrati libreek izan duten arrakasta eta bilakaera ikusita funtziona dezakela uste dut.
Euskarazko blog gutxi daude oraindik? Gehiago hazi behar dugu?
Gutxi? Ez dakit, liburuak gutxi ala asko diren. Gutxi al da euskarazko egunkari nazional bat izatea? Eta telebista kateak? Ari gara, eta ez da seinale txarra. Blogak egunero bisitatzen ditugu, baditugu gure faboritoak, gustuko egileak, iritzi sortzaile berriak... eta poztekoa da hori. Gaur egun iritzia ez dute soilik idazle, politikari eta bertsolariek sortzen. Bada jauzi bat euskal prentsa eta pentsamenduarekiko. Hori gogoetenei dagokionez...
Kazetaritza berri bat sortzen ari da, partehartzailea. Eta haziko da, berez. Haziko da jendearen ekinaren podazuz, jendeak partehartzeko gogoa duelako, berdin informazioan, zein politikan zein beste ekimen batzuetan. Euskal Herria esna dago oraindik, eta Interneten orain arte gutxi egin badugu ere, blogintzarena urrats garrantzitsua izango da. Ziur naiz horretaz.
Ikastaroaren egitaraua duzue ikastaroaren beraren blogean: ueu.blogsome.com
Erantzun
Sartu