Gazte hizkera jardunaldiak abian dira Azpeitian. Ehundik gora pertsona ari gara parte hartzen jardunaldietan eta giro ezin hobean joan da lehenengo eguna. Helduak Enparan dorretxean bildu dira, gazteak Azpeitiko Euskara Patronatuaren egoitzan. Talde bakoitzak bere aldetik aztertu ditu gazte hizkerak dituen hutsuneak zein diren eta jarraitu beharreko bidea zein den; helduek hitzaldi eta mahai inguruen bidez, gazteek elkarren arteko eztabaidak bultzatuz.
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak zabaldu ditu jardunaldiak bere hitzaldarekin, "Gazte hizkeraren egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldiarekin, aurkezpen ofizialaren ostean. Umorez beri ere, baina kritika egin du hasteko, batere orijinalak ez garela esanaz, behin eta berriro gai berarekin bueltaka gabiltzalako. Azken bost edo sei urtetan gazte hizkera sortu dela uste du berak, ez soilik kontzeptua, baita hizkera bera ere. Fenomeno berria da gazte hizkerarena Amonarrizek esan duenez eta bada hori erabiltzen duen gazte multzo handi bat, soilik hori erabiltzen duena. Berezko ezaugarriak dituen hizkera da; euskara nahasia da, Euskal Herri osoa hartzen duen fenomenoa da, bere helburu nagusia komunikazioan adierazkortasuna irabaztea da eta hau guztia egoera soziolinguistiko baten ondorio da, baina faktore ekonomiko, kultural eta politikoek ere zerikusia dute horretan.
Normalean pentsatzen dugunaren kontra interferentziak eta erdarakadak une jakin batzuetan positiboak izan litezkeela ere esan digu. Zergatik? Askotan erdararen makulua baliagarri izan litekeelako euskararen erabilerara salto egiteko.
Euskaraz edozer gauza esan daiteke, baina ez da edozer gauza esaten. Hori izan da bota duen beste ideietako bat; esate baterako, ligatzerako orduan ez dugula horrela jokatzen. Aukera egongo litzateke, baina askotan frexkotasuna galduko luke edo jasoegia izan liteke, adibide gisa "maiteminez biziki atsegin zatzaizkit" esaldia jarri du, horrelakoak esanez gero, parean dugunarengandik ostikoa jaso dezakegula esanaz, benetan jaso nahiko genukeena jaso beharrean.
Gazte hizkera sortzeko ikuspegi nazionala ezinbestekoa dela esan du Amonarrizek produktu euskaldunen eskaintza zabaldu eta bermatu beharra dagoela. Hau guztia lortzeko ezinbestekoa da bere ustez hizkuntzaz disfrutatzeko mentalitatea transmititzea.
Gazte hizkeraren eremuan ezer gutxi aurreratu dela uste du Imanol Esnaolak. Halaxe esan du gazte hizkeraren ikertzaile den honek "Gazte hizkeraren ezaugarriak" izeneko hitzaldiaren baitan. Bere ustez, ez dugu ulertu gazte hizkera zer den, euskara batuaren sindromearekin jarraitzen dugu eta ezin zaie gazteei hizkera berezia zainetatik sartu, berezko prozesua izan behar du horrek. Hori bultzatzeko, gazte hizkera propioa bultzatzeko, gazte talde izaeraren kontzientzia piztu behar da eta beharrezkoa litzateke gainera, gazte hizkeraren inguruan kezka duten eragileak biltzeko gunea sortzea; Euskal Komunikatzaileen Elkartea, hain zuzen ere.
Bestelako aurkezpena egin digu Asisko Urmenetak gazte hizkeraren ingurukoak azaltzeko. Irudigilea izanik, marrazkiek lagunduta egin du bere azalpena. Bere ustez diagnosia egin behar da lehenik, hutsuneak non diren ikusi eta ondoren hizkera hedatu behar da komunikabideen bidez. Erabilera bultzatu behar da batez ere ezagutza eta motibazioaren aldean. Gazte hizkera nazionala falta da bere ustetan eta euskara kolokiala estandarra eraiki behar da, gaur egun euskara kolokiala euskara koloniala ere badelako, gaztelera eta frantsesaren eragina nabaria baita.
Bazkaldu ostean, mahai ingurua izan da; Juan Manuel Etxeberria (irakasle eta idazlea), Erramun Osa (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa), Haritz Salaberria (Urtxintxa eskolako kidea) eta Iñaki Eizmendi (Ttakun elkartekoa) izan ditugu hizketan. "Gazte hizkera eskolan eta aisialdian" izenburuak mahai gainean ideia ezberdinak jartzeko aitzakia eman du; askatzeko korapilo ugari dagoela ikusi dugu beste behin ere. Lehenik ikusi dugu, aisialdia ingurune egokia dela hizkera kolokiala sustatzeko, baina eragozpenak egon, badaudela. Dena den, helburua hizkuntzarekin jolastu eta gazteek euskaraz ongi pasa daitekeela ikustea da, euskararen arima zaindu beharra dago, bere bizitasuna, hizkuntzak erabiltzen diren neurrian ezagutzen direlako eta erabiltzen diren neurrian ezagutzen direlako. Eskolan erabilera eremu ezberdinak daudela eta horiek sistematikoki antolatu behar direla, hori ere mahai gainean jarri duten beste ideia bat izan da.
Bihar amaituko dira jardunaldiak. Asier Larrinaga ETBko euskara saileko arduradunak "Euskarazko gazte hizkera telebistan" izeneko hitzaldia eskainiko du goizeko 9:30etan hasita eta ondoren mahai ingurua izango da "Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan" izenburupean. Bertan Goizeder Taberna (Xirika gazteen kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekaria), Alberto Irazu (Gaztetxulo aldizkaria) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria) izango dira. Amaieran, ondorioak komunean jarriko dituzte gazte eta helduek, egindako azterketa zein den ikusi eta aurrera begira eman beharreko pausoak eta segi beharreko bidea zein diren ikusteko. Horrelaxe amaituko dira Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Ttakun Elkarteak antolatutako Gazte Hizkera Jardunaldiak.
Erantzun
Sartu