Teknologia albisteak

II Hizkuntza Eskubideen Eguna igandean Oiartzunen

Erabiltzailearen aurpegia
EHE
2005-04-07 : 11:04

Iaz egin bezala, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak heldu den iganderako, apirilaren 10erako, Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu du Oiartzunen. Bertan gogoeta eta aldarrikapenarekin jaia uztartzea da helburua.

Jakina da Euskal Herrian euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki eta lurralde bereizkeriarik gabe urratzen zaizkigula. Ezinezkoa zaigu, beraz, gure herrian gure hizkuntzan bizitzea. Gainera, azken urteotan euskararen normalizazioaren aurka estatuek darabilten suntsipen estrategia egoera hori larriagotzen ari da. Euskal Herria zatiturik, euskara bera zatiturik egoteak egiturazko muga argiak ezartzen dizkigu; izan ere, euskara ez dago lege bakar batek arautua, ofizialtasun eza eta lurralde osorako hizkuntza politika bakarra ez izateak eragin kaltegarriak dakartza gure hizkuntzaren garapenerako.

Hau guztia dela eta, zuen parte-hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Eragile eta herritarrak Oiartzunera hurbiltzera animatu nahi zaituztegu, euskararen garapen osorako urratsak ematearen garrantziaz jabetu eta konpromisoak hartzearekin batera, elkarrekin egun ederra pasatzeko aukera ezin hobea izanen baitugu.

Gonbitea

Parte-hartzea ahalik eta zabalena izatea nahi dugu; horrexegatik, interesa duten erakunde edota elkarteetako kideen presentzia egon dadin eskatzen dugu. Era berean, nazio bilkuran esango denaren inguruko iritzi edota ekarpenak egiteko aukera izanen da, baita norberaren esperientziatik abiatutako bizipenak kontatzeko ere.

Egitaraua

Egunari dagokionez, aurtengoan ere eskaintza zabala egiten ahalegindu gara. Gure asmoa aldarrikapena, besta, salaketa, dantza... bilduko dituen eguna proposatzea izanik, hauxe duzue egitarau zehatza:

10:30 Diana eta suziriak

11:00-13:00 Hizkuntza Eskubideen Aldeko II. Nazio Bilkura. Udaleko pleno aretoan burutuko dugu.

11:00 "Bizi Euskaraz" Gunea. Euskalgintzaren materiala eta egitasmoez gain, hainbat erakusketa izanen ditugu ikusgai nahiz eskuragarri. Udaletxeko arkupetan izanen da.

13:00 Manifestazioa. "Konpromisoen sokari tira! Ofizialtasuna" lelopean.

13:30 Ekitaldia. Kontsejupe plazan izanen da.

14:30 Herri Bazkaria. Txartelak aurretik hartu behar dira.

16:00 Gartxot taldearen eskutik herri kantak bazkal ostean.

17:00 Haurrentzat aintzinako jolasak. Kontsejupe plazan.

18:00 Erromeria Tapia eta Leturiaren eskutik. Herriko plazan.

20:30 Egunari bukaera emanen diogu.

GORA EUSKAL HERRI EUSKALDUNA!

Euskal Herrian Euskaraz

Erantzun

Sartu