EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ZIO bildumako azken liburua aurkeztu zuten astelehenean Bilbon: "Sagua, eulia eta gizakia" (F. Jacob). Aurkezpen horretan, besteak beste, irakurlearen gogoeta eskaini zuen Juan Garzia Garmendia itzultzaileak, liburuaren gaiaren inguruan.
Eboluzioaren brikolajea eta bizitzaren mekanoa
"Sagua, eulia eta gizkia" (F. Jacob)
ZIO bilduma (EHU)
Zientziaren aztergaien artean hiru sail edo maila bereiz daitezke, unibertsoaren bilakabidearen beste hainbeste urratsi dagozkienak: materia, bizitza eta kultura (adimenaren fruitua, alegia). Jakina, maila bakoitzak aurrekoak ditu oinarri: kulturak bizitza suposatzen du, eta bizitzak, berriz, materia. Adimenak, bestalde, estatus berezia du, bera baita aztertzaile, bere buruarena barne.
Jacoben lan honek, izenburutik ageri denez, bigarren maila horretan jartzen ditu begia eta arreta, bizitzarenean: zehazkiago, egilearen hitzetan, eboluzioaren brikolajea du gai nagusi. Jakina, brikolaje horren oinarrian dauden materialez ere mintzatzen zaigu aldian behin, bizitzaren arkitekturaren adreiluez, baina arkitektura hori da hizpide, eta, bereziki, arkitektura hori eraikitzeko eta garatzeko mekanismoa; hots, egitura bizien barne-dinamika: haien jatorri, sorrera, erabide, iraute, ugaltze eta suntsitzea. Zerk eta nola bideratzen duen, alegia, fenomeno zabaldu bezain harrigarri hori: bizitza.
Landareena ere bada noski bizitza, baina, gizakiok izanik aztertzaile, antzekoen ditugun bizidunak zaizkigu axolago. Hortik liburuaren ibilbidea, biologia eta genetika modernoena jarraituz, organismo sinpleetatik hasi eta ezagutzen dugun konplexueneraino: gizakia bera. Eta zertarako guztia? Hots, zertarako materia, bizitza, kultura eta, buruen buru, guztion ikerkuntza?
Bada, azken zentzu filosofikoaz ari bagara galdezka, garbi diosku Jacobek zientziak ez duela horretarako erantzunik. Galdera zabal-zabalen erantzunak lausoak izaten dira, eta horregatik saihesten ditu halakoak zientziak, eta atalkako galdera txikien erantzun zehatzak bilatzen. Gero, ahal duen heinean, atalok bilduz ateratzen ditu sintesiak.
Zehaztasunean irabazten du, bada, zientziak, eta erantzun batzuk ukatzen bederen laguntzen digu horrenbestez. Ez digu, ordea, edozein galderaren erantzuna ematen. Kasurako, egileak behin eta berriro dioen moduan, ezin dugu jakin gehien axola zaiguna: zer gertatuko da bihar?
Bizidun gisa, hurrengo unean bizirik jarraitzeak markatzen du gure izatea, baina eboluzioak eman dizkigun armek ezin dute deuseztatu zoriaren ziurgabetasuna. Gai gara (horixe da adimenaren ahal berezia) zenbait gertaerari aurrea hartzeko, baina ez etorkizuna iragartzeko. Aurreikuste-ahalmen hori zorroztea da, hain zuzen, adimenaren eta zientziaren helburu funtsezkoa; hots, (gure) bizitzaren iraupenerako lagungarri den ezagueran sakontzea.
Bestalde, ezagueraren aurrerabide horretan, bada abiapuntuzko auzi bat: ea zer den aurrera egitea ikerkuntza bultzatzen duen gizartearentzat. Horra non egiten dugun zuzenean topo ideologiarekin eta politikarekin, gizarte horren antolatzaile diren aldetik. Besteak beste, orain-oraingo auzia aipatzearren, bizitzaren mekanoan bertan eragiteko gai izatera iritsi gara, eta horrek geure buruen (eta bihotzen) egokitzapena eskatzen du, aldez edo moldez. Zezen horri ere adarretatik heltzen dio liburu honek. Horri eta beste hainbati, eta gutariko bakoitzaren erantzukizun eta erabakimena aldezten du: garrantzi handiegiko gaiak dira halakoak, espezialisten eta politikarien esku uzteko.
Jacoben gogoetek, liburu osoan eta kapitulu bakoitzean, ikertzailearen esperientziak alderdi guztiok biltzen baititu, ez du ukitu gabe uzten atomoen soiltasunetik politikaren auzi konplexuenetaraino doan sare horretako korapilo bat bera ere. Abstrakzio filosofikotik abiatu dela dirudienean, aurki eramango gaitu konkreziorik fisikoenera, eta handik gizarte-auzi bizi batera, edo alderantzizko bidea harilduko du, jauziotan sakoneko koherentzia galdu gabe.
Bariazio hori, jakina, irakurlearen gozagarri gertatzen da. Horretaz gainera, esperientzia eta pasadizoen kontaera bizi eta umoretsuak gatz eta piperra eransten dio azalpenen lapikoari, eta literaturako eta artegintzako erreferentziak trebeki uztartzeak, berriz, zientzia gordin-gordinaren zapore inoiz lehorregia leuntzen du. ZIO bilduma honetan bilatzen dugun moduan, elkarren osagarri dira lan honetan letrak eta zientziak. Edo, hobeki, gauza beraren -kulturaren- bi aurpegi.
Irakurle jakingura ororentzako irakurgai atsegina, bada, zer pentsatu ugari eskaintzen diona eboluzioaren brikolaje horrexek pentsatzeko dohaina eman dion edonori. Sagua eta eulia protagonista eta are vedette gisa ageri dira liburuko pasarte askotan, baina, gizakiak ez bezala, ezaguera falta dute haiek, eta, harekin, hitza.
Juan Garzia Garmendia
Erantzun
Sartu