Atrilaren gehiegia
Bi aktore ari dira taula gainean (Itziar Lamuedra eta Patxi Santamaria) eta horiez gain, egiazko protagonista, Harkaitz Cano bera errezitatzaile lanetan. Atrezzoa, berriz, ezin soilagoa: aulki batzuk, eta atrila. Ez partiturak baizik paperak jartzeko, eta bertatik irakurtzeko. Testuen irakurketa izan baitzen obraren funtsa, azken laurdenean izan ezik, hor aktoreen arteko solasa nagusitu baitzen, estilo beckettar betean ("Barkatu, jauna, ixtera goaz". "Zauriak?").
Argumentu jakinik gabe
Antzerkiaren gaia ez da erraza azaltzen. Aulkia litzateke bizkarrezurra, edo aitzakia, zenbait istorio korapilatzeko. Argumentu jakinik gabe hala ere: giro bat, "atmosfera" esaten zaion hori kutsatzen digu, Canok bere lanetan ohi duen bezalakoa: jostalaria, erdi ironiko erdi onirikoa, irudi harrigarriz eta mikroistorioz betea.
Aurrez aurreko sozializazioa
Poesiaren azken urteetako berrikuntza aipagarriena, euskal munduan, ez da izan halako edo bestelako joeraren indartzea, aurrez aurreko sozializazioa baizik: lehen liburu bidez transmititzen dena errezitaletan ere zabaltzen da gaur, eta dudarik ez dago asko ikasi dutela gure poetek arlo honetan: egoten, esaten, arnasa hartzen... Pauso bat harago emanda, errezitalaren eta antzezpenaren arteko hibridoa proposatzen digu orain Harkaitzek.
Balorazioa
Baloraziorik? Ez dakit zer esan. Niri asko gustatzen zait Cano idazlea: bere asmamen txundigarria, indar poetikoa, sujeritzeko ahalmena... eta horiek denak topatu nituen obra txiki honetan. Hala ere, testuen saturazio bat ote zegoen iruditu zitzaidan, mugimenduaren eta ekintzaren kaltetan. Arazo pertsonala ere izan liteke: belarri hutsezko arreta eskasa daukadala nik; ikuskizunaren ostean bizpahiru lagunekin mintzatu eta denei gustatu baitzitzaien izugarri.
Belarriak belarri, neure oharmen eta sentipenei zor natzaie ni, eta, zintzo jokatzekotan, aholkua emango nioke Harkaitz Canori, obra honi begira ez bada hurrengoetarako, testu poetikoen eta zati dialogatuen proportzioa alderantziz ipin dezan alegia.
Erantzunak kargatzen...