Anoetan jokatuko du Miarritzek Europako koparen finala. Serge Blancok esan zuen Bordelen baino nahiago zutela Donostian jokatu. Baina... nola tratatzen ditugu lurraldetasun kontzientzi minimo bat eskatzen diguten albisteak?
Miarritzek Anoetan jokatuko du Europako Kopako finala. Berri ona da, sarri ahaztuxeak ditugun zenabit har berriro ere barruan bueltaka hasteko bada ere. Hala eman ziguten berria besteak beste Berrian , eta pertsonalki ETBko albistegien bidez jakin nuen neuk. Nire burua Rugbyzaletzat definitu ezin dudan arren, ikustera joateko moduko partida iruditzen zait.
Ez naiz Rugbyari buruz idazten hasiko ordea, izango baita ni baino jakitunagorik horretan. Albistea ematean oso abertzale sentituko ziren kazetariei buruz idatzi nahi dut. Iparraldeko talde bat Anoetan, ze euskaldunak garen, nola gogoratzen garen Iparraldearekin... etab. Miarritzeko taldeko presidentea hizketan agertu zen arte. Agian normalagoa iruditzen zaie ETBkoei hura gazteleraz hizketan jartzea gutxienez frantsesez elakrrizketa egiteko gai den norbait bidaltzea baino. Edo agian gai zen kazetaria baina gazteleraz egitea hobetsi zuten. Eta bigarren hau oraindik larriagoa da.
Ez al lukete ETB2n frantsesez egindako elkarrizketa frantsesez eman behar? Eta ETB1en (jadanik ohituta gaude inongo azpititulu nahiz itzulpenik gabe gaztelerazko deklarazioak entzuten, eta ez da ezer gertatzen) ere gaztelerazko bertsioa entzun behar al dugu? Hau da, euskaraz bikoiztuta bada ere elkarrizketa gazteleraz egina dela entzutea normala al da?
Ez dakit, gure postaleko lurraldetasun guzti honen barruan zipriztin bat besterik ez da izango, baina adibide egokia iruditzen zait komunikabideetan lurraldetasunaren kontzeptua zein erraz ahazten dugun pentsatzen hasteko bada ere.
Erantzun
Sartu