Sustatu logoa Teknologia albisteak

EGAko atariko probak on-line

Sustatu
2005-02-15 12:02

Internet&Euskadi elkarteak Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko gainditu behar diren atariko frogak http://www.interneteuskadi.org/euskara/ega helbidean zintzilikatu ditu. Guztira zazpi urtetako azterketak kontsultatu daitezke gune horretan, urte bakoitzeko bi edo hiru froga.

Internet&Euskadi elkarteak garatutako aplikazioak galderen erantzun zuzenak zein diren jakitea ahalbidetzen du eta azterketetan jarri ohi diren zenbait audio zati ere entzun daiteke.

Edozein nabigatzailerekin egiteko modukoa

Aplikazioa XML eta HTML formatu irekiak erabiliz programatuta dago, eta edozein nabigatzailetan ikus daiteke. Hala, javascripta aktibaturik izanik aipaturiko atariko frogak egin daitezke, inolako programa berezirik instalatu gabe. Bestalde, ariketa bakoitzak ez du 100 KB baino gehiago betetzen.

Jarraipena izango du lan honek

Internet&Euskadi elkartea proiektu honi jarraipena emango dion beste hainbat lan egiten ari da eta beste zenbait egitea ere aurreikusten du. Esaterako, 2003 eta 2004ko testak sartzen ari da; material horrekin CD bat osatu nahi du; proiektu horri ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi dio; idatzizko azterketak ere gehitu nahi ditu eta falta diren audio pistak bilatu eta MP3 formatura pasatzea aurreikusten du. Lan horiek guztiak ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak EGA azterketak erabiltzeko eskubidea eman dio elkarteari.

Aplikazioa doan erabili daiteke aipatutako webgunean. Proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, Fidenet enpresak proiektuaren zati bat egin du, baina lanaren zati handiena boluntarioek egin dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu