Teknologia albisteak

Euskara elkarteetan parte hartzeko kanpaina abiatu dute 13 elkartek

Erabiltzailearen aurpegia
Maria González Gorosarri - Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2005-02-14 : 09:02

Euskara elkarteek bazkide egiteko gonbitea egin dute. Estitxu Fernandez telebistako aurkezleak eta Kirmen Uribe idazleak babestu dute kanpaina hori.

Kanpaina honek hamahiru euskara elkarte batu ditu: Axola (Abanto), Barriketan (Elorrio), Berbaizu (Deustua), Bierrik (Sakana), Bizarra Lepoan (Getxo), Dobera (Hernani), Euskal Birusa (Ermua), Geu (Gasteiz), Irun Iruten (Irun), Karrikaluze (Atarrabia), Noaua! (Usurbil), Pilpilean (Soraluze), eta Zorrizketan (Lezama).

Zein da hizkuntza eta zapaten arteko ezberdintasuna? izenburupean, hizkuntzaren erabilera azpimarratu dute. Erantzuna: "Zapatak erabiliaz gastatu egiten dira eta hizkuntza erabiliaz aberastu egiten da!". Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hainbat jarduera prestatzen dute.

Estitxu Fernandez eta Kirmen Uribe dira kanpaina honetako jendaurreko bultzatzaileak. Biek ala biek eguneroko bizitzan euren herriko euskara elkarteak duen eragina aipatu zuten. Fernandezek, alde batetik, Baztan eta Bidasoa eskualde osoan ikusten den Ttipi-Ttapa telebistan hasi zuen lanbide karrera oparoa. Uriberi, bestetik, Geu euskara elkarteak Gasteizen euskaraz bizitzeko eremua eman zion.

Guztira, Euskal Herrian 9.000tik gora lagun dabiltza euskara elkarteen jarduera sustatzen. Herritarrentzako bilgune eta zerbitzuak eskaini, euskarazko jarduerak antolatu eta, azken batean, hizkuntzari gero eta leku handiagoa ematea lortu dute. Lagunarteko giroan, kolore eta pentsamolde askotako jendea elkartzen asmatu dute euskara elkarteek. Euskararen erabilerak baino ez duelako hizkuntzaren beraren biziraupena bermatzen, euskara elkarteei babesa ematea guztiz funtsezkoa suertatzen da.

Gaur egun, euskara elkarteek zenbait arlotara zabaldu dituzte euren zerbitzu eta jarduerak. Haur eta gazteak, kultura, hedabideak etab. Herrietan duten presentzia gero eta nabarmenagoa da eta euskararen erabileran duten eragina ere. Horregatik, herriko euskara elkarteetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi izan dute.

Egitaraua

Hona hemen kanpainan aurreikusitako ekitaldi batzuk:

Pilpilean (Soraluze): Otsail osoko ostiral eta larunbat iluntzeetan bazkide egite mahaiak jarriko dituzte. Ostiraletan, gainera, zuzeneko musika egongo da.

Dobera (Hernani): Hernaniko historia laburra DVDa oparituko zaio bazkide berri bakoitzari. Otsailaren 15ean, Biteri Kultur Etxean DVDaren proiekzioa egingo dute.

Zorrizketan (Lezama): Otsailaren 25ean, Mikel Zarateren dokumentala aurkeztuko dute.

Irun Iruten (Irun): Martxoan, Irun Irunen elkartearen aurkezpena egingo dute.

Noaua! (Usurbil): Martxoaren 12an, Noaua! aldizkariaren 200 aleko festarekin batera, Korrika dator ospatuko dute.

Erantzun

Sartu