Sustatu logoa Teknologia albisteak

Estreinekoa egin du "Beste Gu" saioak ETB1n

Jone Larrañaga - Beste Gu
2005-02-04 14:02

Estreinekoa egin du bart Beste Gu Euskal Telebistako saioa berriak. 12 urte kale gorrian egin dituen gaztea eta estralurtarrekin komunikatzen dela dioen emakumea ezagutu ditugu lehenengoan, eta izen ezagunik ez baina testigantza haundia duten beste bi lagun aurkeztuko dizkigu Dani Arizalak datorren ostegunean.

Futbolak eraginda bere ohiko ordutegia baino ordubete beranduago hasi zen atzo "Beste Gu" Dani Arizalak zuzendu eta aurkeztutako elkarrizketa saioa. Bixente eta Marianen kontakizunek osatu zuten estreinekoa.

Gaur egungo telebista joerei aurre eginda, elkarrizketa pausatu eta sakonak egin zituen kazetariak, giro intimo batean kokatuta. Paperik batere eskuetan hartu gabe, asmatu zuen kazetariak galdera zuzenak egiten, eta erritmo egokian osatu zuten elkarrizketatuek testigantza indarrezkoa.
Bixente eta Marianen antzera izen haundirik ez baina esateko asko duten pertsonaien kontakizunek hartuko dituzte, hemendik aurrera, ETB1eko ostegun gauak, datorrenetik aurrera, berezko orduan gainera: 10:30etan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu