Sustatu logoa Teknologia albisteak

AEBetako blogintzari buruzko ikerketa

Sustatu
2005-01-10 09:01

Pew Internet-ek eta American Life Project-ek 2004ko azaroan egindako bi ikerketa biltzen ditu "The state of blogging" dokumentuak.

Ikerketako zenbait datu

  • AEBetako internauta helduen %7ak blog bat sortu duela esan du. 8 milioi pertsona ordezkatzen ditu ehuneko horrek.
  • Internet erabiltzaileen %27ak irakurtzen ditu blogak. Otsailean egin zuten galdeketan %17ak irakurtzen zituen blogak. %58ko igoera izan dute, beraz, blog irakurleek. Horrek esan nahi du, 2004ko amaieran 32 milioi estatubatuarrek irakurtzen zituztela blogak.
  • Internet erabiltzaileen %5ak dio RSS edo XML irakurgailuak erabiltzen dituztela albisteak edo bestelako informazioa jasotzeko blogetatik edo webguneetatik.
  • Internet erabiltzaileen %12ak bota du erantzunen bat edo bestelako materialen bat blog batean.
  • Azken datua ez da hain baikorra: Internet erabiltzaileen %38ak bakarrik daki zer den blog bat. Gainontzekoek ez dakite seguru zer esan nahi duen "blog" hitzak.

Blog sortzailearen profila:

  • Gizonezkoa: %57 dira gizonezkoak.
  • Gaztea: 30 urtetik beherakoak dira %48.
  • Banda zabala dute etxean. %70ak esan du baietz.
  • Internauta beteranoak: %82ak sei urte baino gehiago daramazki Interneten nabigatzen.
  • Nahiko dirudunak. %42ak etxea du eta 50.000 dolar baino gehiago irabazten du urtean.
  • Hezkuntza maila altukoak: %39ak ditu unibertsitateko ikasketak.

Blog irakurleak

Irakurle gehienak blog egileen profilekoak dira. Baina, 2004an zehar, aldaketa txiki bat eman da irakurleen artean: otsailean egin zuten ikerketan baino emakume, minorietako biztanle eta 30-49 urte arteko jende gehiago atzeman dute azaroko ikerketan.

Gehienek ez dute blog hitza ezagutzen

Honakoa izan zen egin zuten galdera: "blog" hitzaren esanahia zein den garbi duzu edo ez zaude oso seguru zer esan nahi duen?

AEBetako internauten %38ak esan zuen garbi zuela "blog" hitzaren esanahia; %62a, aldiz, ez zegoen oso seguru zer esan nahi zuen.

Baietz erantzun zuten %38 horiek internauta beteranoak eta ikasketa maila altukoak ziren. Blog hitzak zer esan nahi duen ez dakiten horiek, berriz, orain hasi dira Interneten nabigatzen eta ikasketa maila baxuagokoak dira.

Ikerketaren dokumentua duzue Pewinternet.org webgunean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu