Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskadi.net berritu dute

Sustatu
2004-12-21 12:12

Eusko Jaurlaritzaren Euskadi.net webgunea berritu egin dute. Oraindik ere lanean dihardute, baina itxura berria agerian dago. Oraingoa webgune intuitiboagoa, eskuragarriagoa eta eleaniztuna dela diote. Zenbait web garatzaileri euren iritzia eskatu diegu, eta ideia hauek jaso ditugu.

Alderdi onak

Alderdi onak

  • Lan handia egin da XHTML-aren bidean, maketazioa taularik gabe. Pauso handia da, instituzio handien artean Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidea jarraituz. Letra tamaina erlatiboa dela gehituz, irisgarritasunean pauso garrantzitsua egin da.
  • Antolaketan ere asko irabazi dute. Oraindik zaila da gauzak aurkitzea, baina normala ere bada horrenbeste informazio duen webgune batean. Lehen baino askoz hobeto, behintzat, badago.
  • Entzun dugunez sistema berria Interwoven CMS-arekin sortu da. Kanpotik esan daitekeen gauza bakarra, azkarra dela eta URL estatiko itxurakoak ematen dituela. Barruan jakingo dute gustura dabiltzan ala ez.
  • Itxura aldetik ere asko irabazi du. Garbiagoa, argiagoa... Erabilera aldetik ere errazagoa, eta eskertzekoa da euskal administrazioaren baliabide eta informazio guztia bateratzeko egindako ahalegina.
  • Eleanitza da. Gehiena elebidun, baina zenbait sail baita bost hizkuntzatan ere.

Zuzentzekoak

  • Hasiera batean nahiko nahasmena sortzen zaio heldu berriari, baina gero joaten dira gauzak argiago gelditzen orriaren egitura ulertu ahala. Hor lana pixka bat findu beharko litzateke, elementu bakoitzaren garrantzia eta hierarkia ez baitago argi. Definitzen lagunduko luke letra tamaina eta kolore desberdinagoak erabiltzeak. Goiko lerro urdin ilunean adibidez, sail nagusiak ez, baizik eta lagungarriak (utilitateak) azaltzen dira, baina daukaten fondoagatik oso deigarri suertatzen dira eta garrantzi gehiago duten batzuk (pertsonak, enpresak, administrazioak, adibidez) maila bisual apalagoan gelditzen dira.
  • Microsoft Explorerrentzat dago diseinatuta, eta Firefoxen gauza dezente ez dira ondo-ondo ikusten. Ibili badabil, hala ere.
  • Logo berria. Gauza jakina da bereizmen baxuko sistemetan (pantailetan...) armarriek arazoak sortzen dituztela. Detaile gehiegi eta txikitzean oso zikinak gelditzen dira. Arazoa izaten da identitatea mantentzea modak joan eta etorrian dabiltzanean. Ea oraingoak pixka bat irauten duen.
  • Sarrerako aurkezpen pop-up hori oso arrotza gelditzen da. Zaila da non klikatu asmatzea.
  • Gehiegi erabiltzen da, han edo hemen klik egin eta leiho berrian zabaltzearena. Erabiltzaile arrunt askori nahasgarria egiten zaio leiho bat baino gehiago izatea nabigatzeko, eta nahiago izaten dute "BACK" botoiari klik egitea.
  • Loturek PDFetara bidaltzen dutenean ez da abisatzen, gutxiago zein tamaina daukaten. Sarritan astunak izan daitezke etxeko modem-etik ibili ezkero. Batzuetan PDFetarako loturak ezkerreko menuan bertan daude. Esate baterako, Euskara atalean, ezkerreko menuko Atarikoak / Euskararen ezaugarriak PDF bat da. Eta 4,1 Mb eko pisua du.
  • Behin atal batera sartu ondoren, sarrera nagusira joateko bidea galdu egiten da. Ezkerreko logotipoa eskumara mugitzen da, eta "Inicio" izeneko botoi bat badago, baina "off" dagoela dio. Nahasgarri samarra da hori.
  • Kanporako loturen kolorea ez dago asmatzerik. Lotura batzuk beltzak dira, beste batzuk urdinak, beste batzuk gorriak... Ez dago bateratasunik.
  • Ezkerreko menuko "erabileremuak" ataleko loturak nahasgarriak dira:
    • Batzuetan barruko orrialdeetarako loturak dira (Euskara)
    • Beste batzuetan barruko orrialde baterako lotura dela diosku, baina gero beste webgune batera bidaltzen gaitu (eta beste leiho batean): Etengabeko Ikaskuntza
    • Beste batzuetan, kanporako linka dela dakigu argi eta garbi: Justizia
  • URL-ak oso kriptikoak dira. Euskara, adibidez, www.euskadi.net/euskara izan zitekeen, baina horren ordez hauxe da: http://www.euskadi.net/r46-734/eu Beharbada behin-behineko URLak izango dira.

Euskara

  • Euskaraz nabigatzen egon arren, atal batetik besterako bidean hizkuntza-profila galdu egiten da eta gaztelaniara salto egiten du batzuetan.
  • Toki guztietan gaztelaniazko esalditxoak, nahiz eta euskaraz ibili: "Euskadi.net Página Principal", "Página no encontrada", bilaketetako atalen deiturak eta abar...
  • Euskarazko testu asko itzuli gabe daude, eta euskaraz daudenetan ere akats dezente. Batez ere menu nagusietan eta nabigazio testuetan. Esate baterako, Erabileremuak azpiatalean: Enplegua, Turismo, Euskera, Informazioaren gizarte. Eta bilaketa emaitzetan azaltzen den euskarazko testua ez dago ulertzerik.
  • URL-ak gaztelaniaz sortu dira. Euskarazko albiste honen helbidea, adibidez, hauxe da:
    /contenidos/noticia/premio_ertzaintza/eu_6234/premio_ertzaintza.html
    Hori zaindu egin beharko luke Jaurlaritzak, eta helbideak gutxienez euskaraz sortu.


Laburtuz, lan handia, eta bide eta ideia onekin, baina oraindik badago zer findu eta txukundu.

Ongi etorri Euskadi.net berritua.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu