Gero eta egunkari gehiago RSSrekin
eCuaderno blogean irakurri dugu nola The Media Drop hedabideko lagunek osatu duten zerrenda bat, zenbat egunkarik eskaintzen duten aukera beraien edukiak RSS bidez irakurtzeko. Han 142 dira.
Edukiak RSS bidez eskaintzeak aukera ematen dio munduan edozeini, baldin eta feed irakurgailu bat baldin badu adibidez Newsgator edo BottomFeeder, edo kontu bat badauka Bloglines edo Feedmania zerbitzuetan, harpidetza egin, eta aldiro-aldiro albisteak jasotzeko (bera iturrira joan barik) egunkari horiek atera ahala. Kasu horietan RSSk morroi lanak egiten ditu, zabaltzeko hedabide horien informazioa mundu zabalean.
Espainian eta Frantzian
RSS izugarri agudo ari da zabaltzen sarean, baina badirudi Espainiako eta Frantziako egunkariei kosta egiten zaiela haren onurak onartzea. Espainian José Luis Orihuelak hiru baino ez ditu aipatzen. Frantzian, ostera, sei egunkarik erabiltzen dute RSS. Pointblog-en duzue zerrenda osoa.
Zerk atzeratzen ditu hainbeste Europako egunkariak? Auskalo, baina ez litzateke harritzekoa izango pentsatzen ariko balira nola kobratu harpidetza horiek, feed irakurgailuek era automatikoan egiten dituztenak.
Eta Euskal Herrian?
Euskal Herrian hainbat egunkari argitaratzen dira, hala Iparraldean nola Hegoaldean, gehienak gaztelaniaz eta frantsesez, eta bat euskaraz. Kontua da horietako inork ez duela oraindik eskaintzen aukerarik edukiak RSS bidez harpidetzeko, Consumer ez baita egunkaria.
Hala ere, horrek ez du esan nahi Berria, esate baterako, ezin daitekeenik RSS bidez irakurri. Beti dago trikimailuren bat egitea... Jakina, errazagoa litzateke hedabideak berak emango balu horretarako aukera; gainera, erabiltzaile gehiago izango lituzke.
Gertatu behar zena, beraz, gertatu da: zenbait irakurle moldatu dira Berria egunkaria jasotzeko bere feed irakurgailuan. Baita DV Correo egunkarietako zenbait edizio lokalen informazioak, eta Cibereuskadi, nahiz eta azken hau ez izan egunkari tipikoa.
Sustatuko editoreak, esaterako, irakurtzen ditu Berria eta Diario Vascoren Debagoieneko atala, Bloglines feed irakurgailuaren bitartez. "Bestela, seguru ez nukeela bisitatuko Diario Vascorem atal hori egunero, ez nuke egunero klik egingo DV-ren webgunean. Orain, feed-en bidez, webgune gehiago bisitatzen ditut, bistazo batean ditut denak-eta". Horixe esan digu Iban Arantzabalek.
Nola egin den trikimailua
Baina zer egin dute irakurle hauek Berriaren feedak lortzeko? Horrela azaldu digute: "robot bat joaten da ekis minuturo berria.info webgunera, eta aztertzen du orri horren iturburua (orri horren HTMLa, alegia). Iturburu hori interpretatzen du, eta automatikoki RSS batek duen formatura pasatzen du.
Noski, horrek badu arriskurik: orrialde horren HTMLa sortzeko modua aldatzen bada, robot horrek gaizki interpretatuko ditu albisteak, eta RSS okerra sor dezake; albisteren batek ihes egin diezaioke eta abar. Zenbat eta HTML garbiagoa eta egoki egituratutakoa izan, orduan eta errazago sortuko da RSSa".
Eman da zabal zazu
Egunkariak atzeratuta dabiltza kontu horretan, baina euskarazko hedabide askok badute dagoeneko RSS feeda, astelehenean Gari Araolazak Sustatun bertan adierazi zuen bezala. Izan ere, euskarazko 120 hedabide ari dira erabiltzen RSS beraien albisteak zabaltzeko. Ikusi besterik ez duzue Bloglines-en, denak baitaude hor txukun-txukun sailkatuta.
Erantzunak kargatzen...