Sustatu logoa Teknologia albisteak

25 urte igaro eta gero... Euskal Herrian Euskaraz

EHE
EHE
2004-12-16 09:12
1979tik hona

1979tik hona

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak 25 urte bete ditu. 1979an sortu zenetik hona hamaika izan dira aitzinera eramandako borrokak, hausnarketak, dinamikak, protestak, ekintzak eta mobilizazioak. Hamaika, eragile eta herritarrekiko egindako harreman eta elkarlanak.

Euskara eta Euskal Herria

EHEk bere sorreratik argi izan du euskara eta Euskal Herria eskutik helduta doazela. Ez dago Euskal Herria eraikitzerik euskararik gabe. Baina ez dago euskara normalizatzerik Euskal Herria aintzat hartzen ez bada. Hizkuntza eta herria, herria eta hizkuntza, txanpon beraren bi aurpegiak ditugu. Bata gabe bestea hilik da, bata bestearekin biak bizi bizirik!

Euskaraz bizitzeko eskubidea

Urte hauetan guztietan urratsak eman direla diogu eta horren jabe gara. Euskal Herriak bere hizkuntza defendatu ez ezik, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde borroka ugari egin ditu. Ez pentsa hori oztoporik gabe egin dugunik, ez horixe! Espainiar eta frantziar estatuak gure lurraldea, nortasuna eta hizkuntza desagertzeko ahalegin etengabean baitabiltza.

Baina 25 urteren ondoren, harro esan dezakegu: Euskal Herria bizirik da! Euskara bizirik da! Eta hori batik bat euskaltzaleok, herri erakunde eta mugimenduak eta herritarrok lortu dugu. Gure lanak ekarri gaitu honaino. Zenbat kanpaina, zenbat ekintza, zenbat eskaera. Guzti horrek bere uzta eman du, baina oraindik badugu bidea. Euskaraz biziko den herritik urrun gaudelako. Iparra ordea argi dugu Euskal Herri euskalduna eta librea!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu