Sustatu logoa Teknologia albisteak

Auzitegi Nazionalean dira "Egunkaria"-ko zazpi auzipetuak

Sustatu
2004-12-03 12:12

Auzipetuen sarrerak komunikabideen artean ikusmin handia sortu du, batik bat, Xabier Arzalluzek Martxelo Otamendi besarkatu duenean. Adierazpenak egin ditu Arzalluzek, eta salatu du Espainian demokraziaren kalitatea oso eskasa dela eta Auzitegi Nazionala frankismo garaiko TOP Ordena Publikoko Tribunalen parekoa dela. PSOEri esan dio behingoz horrelako jazarpena bertan behera uzteko, eta "Egin"-en itxiera ere ekarri du gogora.

Martxelo Otamendi, lehena

10:00etan hasi behar zuten agerraldi hori Juan del Olmo "Egunkaria" itxi zuen epailearen aurrean. Epaile horrek auzipetze autoaren xehetasunak ematen hasi zaie banan banan zazpi auzipetuei. Del Olmo epailearen bulegora sartzen lehena Martxelo Otamendi itxitako egunkariaren zuzendari ohia izan da.

Elkarretaratzea, Andoainen

Ordu honetan, elkarretaratzea egiten ari dira Egunkariaren Alde Kultur Taldeak deituta, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Egunkaria aurrera, epaiketarik ez lelopean. "Euskaldunon Egunkaria"-n aritutako langileak eta herritarrak ari dira parte hartzen bertan; AEK eta Kontseiluko kideak, Joxean Lizarribar (Euskarazko Komunikazio Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria) eta Ramon Agirre aktorea, besteak beste. Egunkaria auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak hartutako neurriak salatu eta eipaiketa ez egiteko eskatu dute.

Madrilera elkartasuna adieraztera joan direnak

  • Xabier Arzalluz, EBB-ren lehendakari ohia
  • Jone Goirizelaia, SA-ko legebiltzarkidea
  • Martin Aranburu, EA-ko parlamentaria
  • Begoña Lasagabaster , EA-ko diputatua
  • Juan Jose Pujana , Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohia
  • Antton Karrera , EB-ko legebiltzarkidea
  • Patxi Zabaleta , Aralarreko koordinatzaile nagusia
  • Iñaki Irazabalbeitia , Aralarreko kidea
  • Mertxe Kolina , AB-ko kidea
  • Leire Ereño , Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.
  • Imanol Murua , Gipuzkoako diputatu nagusi ohia
  • Jose Elorrieta , ELA-eko idazkari nagusia
  • Rafa Diez , LAB-eko idazkari nagusia
  • Jesus Uzkudun , CCOO sindikatuko EAE-ko batzorde eragileko kidea
  • Josu Juaristi , Gara-ko zuzendaria
  • Xabier Mendiguren Bereziartu , Kontseiluko idazkari nagusia
  • Koldo Tellitu , Partaideko lehendakaria
  • Antonio Campos , Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia
  • Jesus Garmendia, Mondragon Unibertsitateko ordezkaria
  • Jonan Fernandez , Elkarri-ko koordinatzailea
  • Tere Irastorza , EIE-ko lehendakaria
  • Laura Mintegi , Euskal Pen Klubeko lehendakaria
  • Bernardo Atxaga , idazlea (1989-ko Espainiako Literatur sari Nazionala)
  • Joan Mari Irigoien , idazlea
  • Mariano Ferrer, kazetaria
  • Patxi Meabe , Donostiako Gotzaitegiko ordezkaria
  • Paulo Agirrebaltzategi, Justitia et pac-eko kidea
  • Manolo Pagola , Justitia et pac-eko kidea
  • Juan Miguel Arregi , Gipuzkoako josulagunen probintziburua
  • Vicent Partal (Vilaweb-eko zuzendaria)
  • Mònica Sabata (CIEMEN)
  • Gabriela Serra (membre del mov. antiglobalitzacio, Plataforma per Egunkaria)
  • David Fernandez (Euskal Etxea)

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu