Duela egun batzuk eman genuen Sustatun udal liburutegien on-line katalogo bateratuaren berri. Joan den astean, berriz, katalogo bateratuarekin batera beste bi katalogoren OPAC-ak (Online Public Access Catalog) aurkeztu zituen Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak hainbat liburuzain eta profesionalen aurrean: Bilgunea (Euskadiko katalogo kolektiboa) eta AUBI (Autoritatea eta gai-sarreren katalogoa).
Itxura batera, nahiko berdintsuak dirudite bi katalogo horiek; udal liburutegien katalogo bateratuak eta Euskadiko katalogo kolektiboak, baina ezberdinak dira. Roberto Kerexeta, Liburutegi Zerbitzuko teknikariak Joana Albret posta zerrendan aipatu ditu ezberdintasunak:
Katalogoen OPAC -ak oso antzekoak diren arren -biak AbsysNET programarekin eginak daude-, bi katalogoen artean hiru desberdintasun nabarmenduko nituzke:
1.- Katalogo bateratuko katalogoak etengabe eguneratzen diren bitartean - gaur katalogatzen den dokumentua bihar Interneten ikus daiteke-; Bilguneko katalogoak, ostera, urtean zehazteke dauden karga kopuru baten bidez eguneratuko dira, ziurrenik urtean 4 karga izango dira.
2.- Katalogo bateratuan batez ere udal liburutegien katalogoak daude, egun 45 udalerritako liburutegiek parte hartzen dute eta 2005. urtearen amaierarako EAEko liburutegi gehienak bertan egotea aurreikusia dago. Bestetik, Bilgunean goiko erakundeetako katalogoez gain -orain soilik 6 udal liburutegiren katalogoak daude-, beste erakunde publiko eta pribatu batzuetako liburutegien katalogoak ere kontsulta daitezke, besteak beste, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Sancho el Sabio Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen liburutegiak, Labayru Ikastegia...
3.- Hizkuntza: Katalogo bateratuko liburutegien (2004tik aurrera) katalogazio hizkuntza dokumentuaren hizkuntzaren araberakoa da, hots, dokumentua euskaraz badago euskaraz katalogatuko da baina autoritateak eta gaien sarrerak bi hizkuntzetan, euskaraz eta gaztelaniaz, jasoko dira erabiltzaileek nahi duten hizkuntzan kontsultatu ahal izateko helburuarekin. Aitzitik, Bilguneko katalogoak jatorrian gehienak elebakarrak, gaztelaniaz, dira eta euskaraz kontsultatu ahal izateko, autoritateak eta gai-sarrerak "elebidun bihurtzeko" prozesu informatiko bat igaro behar dute -horrek dituen mugekin-. Bestalde, deskribapen bibliografikoa kasu gehienetan soilik gaztelaniaz dago.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako autoritate eta gai-sarreren katalogo elebiduna da, euskaraz eta gaztelaniaz. AUBIren xedea da euskal eremuko autoritateak sortzeari dagokionean EAEko liburutegintzako erreferentzia izatea; eta, aldi berean, baita gainerako kultur eragileentzako baliagarri ere. Katalogo honekin lortu nahi da euskal autore guztiak identifikatzaile bakarrarekin agertzea edozein liburutegitako katalogotan.
Joana Albret posta zerrendan izan genuen joan den astean aurkezpen horien berri.
Erantzun
Sartu