Anton Abbadia saria, Tinko Euskara Elkarteari
Euskarazko filmak sustatzen
Aurtengo Anton Abbadia sariaren bederatzigarren edizioak zinemaren munduan euskararen erabilera bultzatu duen aitzindari bat sarituko du, Tinko Euskara Elkartea, hain zuzen ere. Tinko Euskara Elkartea 1993an hasi zen, areto komertzialetan eta ordutegi arruntean euskaraz bikoiztutako filmak erakusteko lanetan. Horrez gain, lan handia egiten du baita ere eskola umeen artean, euskarazko filmak sustatzen.
Interes ekonomikoak, globalizazioa...
Lan esparru zaila da Tinko Euskara Elkarteak lantzen duena. Interes ekonomiko oso errotuak daude zinemaren munduan, eta hor agintzen dutenak ez dira, hain zuzen ere, oso sentibera kultura edo hizkuntza nortasun berezien aurrean.
Globalizazioaren eragina ikaragarria da zinemaren eta ikus-entzunezkoen munduan, Europako zinemagintza bera kinka larrian jartzerainokoa.
Kultura eta hizkuntza
Gure kultura eta hizkuntza txikiak langintza zaila du, beraz, esparru horretan aurrera ateratzeko. Ekoizpen etxe transnazionalak daude, merkatua ia osorik kontrolatzen duten banatzaileak daude, zinema aretoen jabeak daude, erdaraz urte luzez hezitako ikusleak daude... katea luze bezain korapilatsua euskarak bere lekua izan dezan zinemaren esparruan.
Horregatik, 2004ko Anton Abbadia sariak Tinko Euskara Elkartearen lanari aitorpen egin nahi izan dio. Aurkezpenean, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu Fernando Tapiak azaldu duenez, Aldundiak nahi luke saria aukera on bat izatea euskal zinemagintza mundua, hemengo banatzaileak, ikus-entzunezko esparruko enpresa publikoak, herri erakundeak eta gainerako eragile guztiak pentsatzera jar daitezen, zer egin daitekeen denon artean euskarari bere lekua aurkitzeko zinemaren esparru honetan.
Sari-ematea
Sari-ematea abenduaren 1ean egingo da, 19:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko areto nagusian. Aurtengo Abbadia saria abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan kokatu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurtengo ospakizun ofizialak abenduaren 2an egingo dira, 19:30ean hasitan, Gasteizko Azucarera eraikinean.
Informazio gehiago Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean.
Erantzunak kargatzen...