Pololoak (1). Poxpoliñen lurriña, Xabinator euskal super-heroiaren lehenengo abentura-liburua plazaratu du Patxi Gallegok. Haurrentzat ez den komiki-liburua, euskaraz eta euskaldunentzat sortua. Aukera egokia, egileari bere lanaz galdetzeko.
Patxi Gallego 31 urteko Errenteriar bat da, eta oso gustura bizi da ezezagun izanda, baina orain beldur da anonimatotik atera beharko duela bere Xabinaitor super-heroi eskas hori ezaguna izatea nahi badu. Zertan ibili naizen orain arte? A ze galdera kuxkuxeroa. Besteak beste, Marko bezala, mendian gora eta behera, nire amaren bila baino gehiago nire poxpolin kuttunaren bila. Eta, batez ere, lanean! Liburu hau egiteko behar nuen urtebeteko subentzioa parotik kobratu ahal izateko lanean, Euskal Herriko hamaika ikastetxetan DBHko basapiztia horiek aguantatzen.
Beno, nik beti izan dut horrelako zerbait egiteko gogoa, eta 30 urte ingurura iristerakoan, batzuei behintzat, bizitza honetan fundamentuzko zerbait egiteko garaia dela iruditzen zaigu; ba, nonbait, liburu hau da egin dezakedan gauzarik fundamentuzkoena. Barkatu, ama, badakit zerbait hobea espero zenuela. Liburua lauzpabost obsesio pertsonal, zenbait kezka kultural eta momentuko zirkunstantzia politikoen isla bat da, nolabait, baina, batez ere, euskaldun batek euskaldunentzako egindako helduentzako komiki-liburua da, fikziozko istorio bat geure buruaz barre pixka bat egiteko. Norbaiti grazia egiten badio behintzat, ze ez dakit ba...
Bihurtzen ari? Jakina topiko bat dela, aspaldikoa gainera. En Euskadi follar no es pecado, es un milagro zioen esaldia Garaikoetxearen garaikoa edo izango da, gutxienez, eta niri, egia esan, mirari bat iruditu zitzaidan lehenengo aldiz egin nuenean. Dena den, ez dakit ze puntutaraino jarraitzen duten belaunaldi berriek topikoari eusten, badirudi horretan liberalagoak edo direla, nahiz eta, nire ustez, eta ikastetxeetan ikusten dudanagatik, beste zentzu askotan erreakzionarioagoak izan. Hala ere, liburuko pertsonaia ez da sexualki frustratuta dagoen euskaldun tipikoa, nire ustez, askoz konplexuagoa da. Horrek behintzat iraganean izan zuen bizitza sexualik, gerora etorri zitzaizkion arazoak, euskal zerak sortutako disfuntzio neurologiko bategatik edo...
Ez, ez, mesedez, ez dezala inork Xabinaitor eredu bezala hartu, lehenengo hegaldi ahaleginean bereak egingo du eta!
Kultura folklorearen sinonimo?
Ez, portzierto. Ni berez banaiz atzera asko begiratzen duten horietakoa, ez diot horri beldurrik, etengabe ari naiz haurtzarora itzultzen, eta, gainera, ez ditut joandakoak ahaztu nahi, ez gertaerak ez eta pertsonak ere, baina aurrera begiratzen ere badakit. Edonola ere, ez dut uste nostalgikoa naizenik, eta are gutxiago institutu garaiekiko (Nik BUP eta COU ikastolan egin nituela esan behar da, ikastolero peto-petua naiz, beraz, terrorista bat potentzialki): jarraitxuek lilura nire pertsonaiari sortzen zioten, ez nahastu egilea eta pertsonaia; eta guraso peneuveroak ere ez nituen izan, zorionez. Ez, ez daukat eskolako garaiekiko nostalgiarik, garai latzak ziren haiek, kiroletako klasean (egun soinketa), adibidez, gogoan dut neska denak txandalarekin joaten zirela, eta ni frustratuta, haien zango luzeak pantaloneta ttipi baten azpitik nola agertzen ziren ametsetan. Oso tristea, eta gogorra. Eskola sofrikario txiki bat zen, bizitza haren ondoren zetorren, oporretan, udan... Bainu-jantziak, ura eta eguzkiaren distirak, beroa, izerdia... Aiii, ez naiz ba nostalgiko jarri!
Neurri batean bai, ezta? Denok gara nahiko folklorikoak, baita ni ere, zoaz bestela nire disko bildumara eta botaiozu begirada bat euskal musikaren sailari. Nik ez daukat ezer folklorearen aurka, baina herri honetan askotan badirudi kultura folklorearen sinonimo dela, eta ni horren aurka nago. Hemen gauza berritzaileak sortzen dituen jende gazte eta ez hain gazte asko dago, baina ez zaio behar adinako babesa eta oihartzuna ematen, eta askotan jende horren ahalegina antzua suertatzen da. Euskal telebistaren programazio kulturalari begiratzea besterik ez dago, edo euskal zinemagintzaren panorama penagarriari. Ez al dago hemen zinea egin nahi duenik? Laburmetraiak egiten dituztenak badira behintzat, atzerrian sariak jasotakoak gainera, baina nik ez dut film horietako bakar bat ere telebistan ikusi, eta antzerkiari edo, esaterako, dantza garaikideari dagokionez, beste hainbeste. Hori bai, trikitixa, bertsolari eta aurresku txapelketak noiznahi. Uda honetan jota navarrico-en txapelketa bat ematen ari zirela ere ikusi nuen, pentsa! Eta ez dut Euskadi Gazteari buruz hitz egiten hasi nahi...
Metrosexualaren txorrada yanki hori aipatzen duzunez esango dizut, termino hori asmatu aurretik ere, nik sarritan aipatu izan dudala lagunartean, txantxetan edo, ni hetero-gay-a nintzela, banuela nire alderdi femeninoa ere. Gainera metrosexualak Beckham eta konpainia dira, ez ni zaku horretan sartu, mesedez. Dena den, eta gatozen harira, Kariñe, emakumezko pertsonaia, beharrezkoa zen istorio honetan: poxpolin batek protagonista behar zuen izan, Xabinaitorrekin batera, eta poxpolin nagusi hori Kariñe da, kontakizunari dramatismo punttu bat eta kritika sozialaren osagaia gehitzen dizkiona. Gainera, bada beste topiko bat, komikiak batez ere mutilei gustatzen zaizkiela esaten duena, eta hori bai nahiko nukeela gainditu. Berez, liburuaren zirriborroa erakutsi izan diet zenbait neskari, heterosexualei nahiz lesbianei, eta, gaizki dago nik esatea baina, asko gustatu zaie eta barre ere gustura egin dute nire pozerako. Kexatu behintzat ez zaizkit kexatu.
Nik ez dut liburua inor moskeatzeko intentzioarekin egin, baina ezta lagunak egiteko intentzioarekin ere. EHko zenbait topikoren inguruan irribarre ironiko bat egiten besterik ez naiz saiatu. Gainera, ni ere EHkoa naiz eta ez naiz nire etxearen aurka harrika dabilen zoro bat, baina, akaso, gure etxeak oraindik ere leiho batzuk zabaldu behar ditu haize freskoa sar dadin, eta ironia izan daiteke leiho horietako bat. Joño, a ze metafora atera zaidan! Dena den, jakin badakit ironiarena oso arriskutsua dala zenbaitekin, niri maiz gertatzen zait pertsona batzuekin, modu ironikoan hitz egiten hasi eta ez didatela ezer ulertzen konturatzea, eta halakoetan inkomunikazio egoera xelebre bat ematen da; espero dut liburuarekin horrelakorik ez gertatzea.
Komiki honek mugarri bat jartzen du euskal komikigintzan. Xabier Mendigurenek aurkezpenean esan bezala, "komikigintza oso gutxi landu da Euskal Herrian, are eta gutxiago euskaraz, are eta gutxiago helduentzako". Nik gehituko nuke "are eta gutxiago euskal gaiei edo Euskal Herriari buruzkoa, are eta gutxiago ikuspegi kritiko, ironiko, politikoki ez zuzen batetik". Alde horretatik, lehenengoa dela esango nuke. Gainera Koldo Mitxelenan aurkeztuta, prentsan agertuta, Sustatun... Ea azkena ez den!
Edonola ere, egindako apustuak, aurkezpen ponposoak eta beste guztiak, seguru merezi duela, Patxi eta bere aurreko lana ezagututa... oraingo hau ez baitut oraino ezagutzen. Gaur Bilintxen oraindik ez zuten, eta ez zekiten ezer berari buruz. Normala al da aurkezpena egitea oraindik atera ez den liburu batekin? Bat baino gehiagok agian prentsan irakurrita berotu da eta erostera joan, baina dendan aurkitu ez eta gero ahaztu...
Igorrek esan legez, Patxi Gallegok aurrez oso lan txukunak egin ditu. Oarsoaldeko "Lau Haizetara" aldizkarian argitaratzen ebazan komiki tirak barregarriak ziran oso. Ganera bertoko hizkera guztiz kontuan hartuta eta beti umore zentzua (eta ironia, sarkasmoa,...) erabilita.
Atzo "Berria"n egindako alkarrizketan, mendebaleko euskararen goraipatzen eban Bilbon bizi izandako errenderiar honek:
Liburua eduki bezain laster aurkeztea erabaki genuen, nahiz eta banatzeko egun batzuk behar izan, geroxeago nobedadeen zaparrada zetorrela jakinda. Editorea da horren erantzule.Zabaltzenekoek ahal bezain txukun egin dute lana, bai Elkar-eko liburuekin bai banatzen dituzten beste argitaletxeetakoekin, eta ni naiz testigu bestelako esamesak ez direla egiazkoak.
Gallegorena dagoeneko banatuta dago; beraz, interesa duenak eskura dauka.
...ta liburua non lortzerik dago jakin baleike?