Kazetaritza kongresutik bueltan
Antolakuntza
Lau egun asko da eta, astegunak izanda, zaila zaio profesionalari parte hartze jarraitua. Kongresuan nagusi izan dira unibertsitate ikasleak. Sektoreko eragileak txostengile izan dira, apenas entzule. Eta hala ere, eskertu egin behar zaie antolatzaileei egindako lana. Argazkia atera dute eta denon bistan jarri. Areago eskertuko baldin eta, merezitako atsedena hartu aurretik, lekukoa ematen badiote jarraipeneko foro edo bilguneari. Horretara animatzen ditut hemendik.
Entzundakoak
Kongresua zerbait izan bada izan da desfile antzeko bat. Honela ikusi ditut nik top modelak:
- EITB: konforme egiten duenarekin, baita ETB1en ere. Sektorea ez du aipatu ere egin.
- EKT: presentzia aktiboa izan du, pulpituan eta entzuten. Sasoiko dago Berria eta kementsu Hitza egitasmoa. Sektorearekin elkarlanerako prest.
- Topagunea: ez du agertu toki hedabideen garai bateko indar eta freskotasunik. Aukera ona galdu du sektoreko eragile moduan tokia hartzeko.
- Argia: etxe barruan ari da serio, egitasmoa sendotzen eta apur bat dibertsifikatzen. Zurrun dago sektorearekiko.
- Zabalik: Gordin aritu zen urkoaren akatsez, baina ezin izan zituen parean jarri lorpen propioak eta otzan amaitu zuen.
- Irratiak: iparraldekoak gogotsu, Iruñekoa kinka zaharrean eta Arrosa eusten.
- Unibertsitatea: erakutsi du eragile indartsu izan daitekeela sektorean. Antolaketan aritzeaz gain, ekarpen interesgarriak egin ditu: bikaina Bea Narbaizarena toki telebisten legediari buruz eta estrategikoa errektoreordearena, baldin eta hark proposatutako Institutuari sektoreak ematen badio mamia.
- Internet: oraindik bigarren mailako euskarria da ia guztientzat. Beti bezain zorrotz eta zakar aritu zen Luistxo bisionarioa bidea markatzen. Kasu egingo zaio, baina gutxi eta berandu.
Administrazioaz
Euskararen normalkuntzako ordezkariak izan dira Kongresuan, pulpituan nahiz entzuten. Haiek baitira euskarazko hedabideekin harremana dutenak, diru laguntzen banaketa dela-eta. Ez du nonbait sektorearen pisu ekonomikoak edo interes estrategikoak beste sail batzuen arreta merezi.
Hizkuntza normalkuntzakoei tokatu zaie dirua banatzea, eta irizpideak jartzea sektorearen garapenerako ildo egokienen arabera. Eta, borondaterik onena aitortuta, euskara gaietan aditu denak ez du zertan izanik aditu hedabideetan, nola-eta ez zaion eskura jartzen mapa bat hedabideen sistema diseinatzen duena, erreferentziak hartzeko. Lehentasunezko lana litzateke hauxe: sektoreko eragile guztiek, administrazioa barne, lantzea eta adostea zer nolako egitura mediatiko behar duen euskararen komunitateak, bizirauteko eta zentralago izateko erdaretakoen ondoan. Horren faltan, dena bihurtzen da susmo eta errezelo sektorea eta administrazioen artean: honi gehiago hari gutxiago, sakabanatuta nahi gaituzte, akziodun nagusi izan arren egurra besterik ez dugu jasotzen eta antzekoak.
Bide batez. Kontuan hartuta administrazioei tokatzen zaiela irrati/telebista publikoen kudeaketa, sektore osoarekiko harremana eta orain toki telebisten araudia garatzea, noizko Hedabideen Saila edo azpisaila erakundeetan, noizko adituak sektorea arautzen?
Komunikazio-inkomunikazio
Harrigarria egin zait ikustea gaitasun komunikatibo txikia komunikazioa langai dutenen artean ere. Txostengile zenbait etorri da etxeko lanak egin gabe. Denbora eta gaia emanda, etxean egin beharrekoa da norberak dakienetik ideia nagusia atera, honen azalpena prestatu eta ispilu aurrean entsaiatu. Bai, entsaiatu ea zenbat denbora hartzen duen prestatutakoaren azalpenak. Baina batzuen jakinduria hain da itzela, ezin dutela sintesirik egin. Nik behintzat argi daukat: edukazio txarra ez da luzatzen ari denari hitza kentzea, edukazio txarra da ordu erdi izan eta ordu bete hartu nahi izatea, eta izorra daitezela atzetik datozenak.
Apala izan da, era berean, bataz bestekoa azalpenen estiloan. Asko hobetu daiteke Powerpoint-en erabileran, hitz jarioan, erregistro aukeraketan Euskara komunikatiboa behar da, baita euskaldun komunikatiboak.
Elkarlana
Sarri aipatu da ideia hau, forma ezberdinetan: artikulazio, koordinazio, bateratze Sektorearen garapen mailak permititzen du etorkizunaz kezkatzen hastea. Eta orduan ikusten dira barruko gabeziak eta kanpoko mehatxuak. Neronek aurkeztu nuen honetaz komunikazio bat, erantsita doana. Nire ustez, mehatxu nagusia da, hizkuntza komunitate edo giza multzo txikientzat, mundializazioak dakarren uniformetasuna. Eta mehatxu hori gauzatzen ari da bereziki hedabideen bidez. Beraz, iraun nahi duen komunitateak behar ditu lehentasunez hedabide propioak egitura sendoan bilduta. Horrek jartzen ditu euskarazko hedabideak bidegurutzean.
Intentsitate ezberdinekin, baina eragile ia guztiek onartu dute elkarlanaren premia, eta horrela jaso da kongresuko ondorioetan. Nola hasi izango da orain kontua. Ez da aukera txarra EHUko Euskarazko Hedabideen Institutuarena foro ofizial gisa, eta horrez gain eztabaida prozesua arlo eta eragile ezberdinen artean.
Ea lortzen ditugun tresna egokiak aurrekoengandik jaso duguna geroratzeko.
Erantzunak kargatzen...