Teknologia albisteak

Hezkuntza-sistemen ereduen azterketarekin amaitu da hizkuntz eskubideen sinposioa

Erabiltzailearen aurpegia
Nerea Pikabea Amundarain - Hizkuntz Eskubideen Behatokia
2004-11-08 : 10:11

Hezkuntzan hizkuntza eskubideak bermatzen ote diren aztertzea izan da Hizkuntz Eskubideen Behatokiak antolatutako sinposioaren helburua. "Hizkuntz Eskubideak Hezkuntzan" izenburupean nazioarteko zein bertako hainbat adituk parte hartu du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian bi egunetan zehar egin den sinposio honetan.

Irekiera saioan izan dira Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburua, Xabier Mendiguren Behatokiko lehendakaria eta Paul Bilbao Behatokiko zuzendaria.

Anjeles Iztuetak hezkuntzak alor horretan egin duen ahalegin garrantzitsua azpimarratu du, baina adierazi du "oraindik ahalegin handiagoak egin behar direla gure gazteak etorkizunean euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzera iritsi daitezen 16 urte betetzean".

Xabier Mendigurenek, berriz, esan du "instituzioek eta gizarte erakundeek elkar harturik lan egitea garrantzitsua dela, hezkuntzan azken 25 urteotan egin den lana nabarmena izan dela, baina oraindik ez duela lortu hizkuntza eskubideak bermatzea, eta gizarte osoak ahalegin berezia egin behar duela hezkuntzak egingo duena osatu eta orekatzeko".

Bukatzeko, Paul Bilbaok Behatokiaren sorrerari buruz hitz egin du, ze helbururekin sortu zen, eta bide batez, “Hizkuntza Eskubideak Hezkuntzan“ izeneko sinposio honen helburuak zein diren azaldu du. Baita ere, eskerrak eman dizkie sinposioa babestu eta lagundu duten erakunde guztiei.

Skutnabb-Kangas irakaslearen hitzaldia

Tove Skutnabb-Kangas Roskilde Unibertsitateko irakasle finlandiarra da. Aholkulari lana egiten du Europako hainbat erakundetan. Bere ponentzian azaldu duenez, "hizkuntz eskubideak giza eskubideak dira, beraz, giza hizkuntza eskubideei buruz hitz egin behar da. Horiek bizimodu duinarekin erlazionatuta daude, eta badituzte bi alde: eskubide pertsonalak eta kolektiboak".

Finlandiarrak azpimarratu duenez, "hizkuntz eskubideen kontzeptua dagokie pertsonei, taldeei, eta hizkuntzei. Lendabiziko 8 urteetan garatzeko aukera gutxien duenak izan behar du irakas hizkuntza". Eta gainera bere hitzetan "irakasle guztiek izan beharko lukete izaera elebiduna, irakasle elebakarrek ezin baitiete eredu egokirik eskaini".

Bukatzeko, Tove Skutnabb-Kangas adituak etorkinen gaiaren inguruan esan du "ikasle horientzat talderik egokiena irakas hizkuntza ezagutzen ez duena dela, horrek egoera berean jartzen dituelako. Talde berean ama hizkuntza euskara eta gaztelania duten neska-mutikoak sartzea ez da egokia; egokiagoa litzateke bi talde egitea".

Hizkuntz eskubideak eta hezkuntzak Euskal Herrian

Bigarren egunean, berriz, Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hizkuntz eskubideek eta hezkuntzak Euskal Herrian zer nolako harremana duten azaldu du berak eta egoeraren diagnosia egin du.

Hezkuntza-sistemen ereduen gaineko hausnarketa

Sinposio honetan jorratu den beste gai garrantzitsu bat Euskal Herriko Hezkuntza-sistemen ereduak dira; horien inguruko hausnarketa egin da. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Iparraldeko hezkuntza-sistemak izan dira aztergai. Hezkuntza ereduen jatorria eta ebaluazioari buruzko iritzia eman dute.

"Irakasleen ahozko kalitatea hobetu beharra dago"

Lontxo Oihartzabal Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria izan da sinposioak izan duen beste hizlarietako bat. Bere hitzetan "irakasleen ahozko kalitatea hobetu beharra dago, azken aldian kalitatean aurkitu baitira gabeziak". Oihartzabalen arabera, "euskaraz ez dakiten irakasleentzat ez dago lekurik hezkuntza sisteman". Bera, gainera, kexu agertu da "aurten arlo pribatuan euskaraz ez dakiten irakasleak kontratatu dituztelako". Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakariak adierazitakoaren arabera, "ez da inoiz ebaluatu ikasleen euskara maila; kontuan hartu behar dugu 1979an hasi zela ereduen sistema planteatzen, eta aitortu behar da orain arte ez dela inoiz ebaluatu eredu horiek izan dituzten emaitzak".

Euskal Herritik kanpoko esperientziak: Kataluniakoa

Carme Forcadell kataluniarrak eskaini ditu bigarren egunean Euskal Herritik kanpoko esperientziak. Observatori de la Llenguako ordezkariak hizkuntz eskubideak bermatzeko Katalunian erabili duten bidez, ereduaz hitz egin du. Forcadellen hitzetan, "murgiltzea ez da metodo bat besterik; ereduak ez dira metodoak besterik. Benetan garrantzitsuena dena da zertarako erabiltzen den metodo hori". Kataluniarrak esan duenez, "Kataluniak aukera politiko bat egin zuen eredu bakarraren alde, integrazioa eta katalanaren etorkizuna bermatzen duen ereduaren alde". Forcadellek adierazi du Katalunian gaur egun hizkuntz eskubideak ez daudela bermatuta: "badago hizkuntza bat aukera guztiak dituena, gaztelania, eta bestea ez dituena. Beraz, ezin da katalanez bizi Katalunian".

Erantzun

Sartu