Sustatu logoa Teknologia albisteak

Plateruena Kafe Antzokia zabaldu digute Durangon

P. Gaztelumendi - Larrabetzu
2004-10-29 13:10
Eta Igor Elortza taula ganean. Arratsaldeon! eta ez da bertsotan hasi. Berbaz hasi da, irakurten hasi da, Plateruen gainean batez be, eta aitatu ditu glamourra, toreroak eta futbolistak. Aipatu ditu musika, bertsoak, zilarra eta Durango.
Plateruak aitatu ditu, bi anai -bi anaia-, ez dakigu baina jendeak adi adi jarraitu du bertsolariaren jarduna, hizlariarena.

Beltzez jantzitako abesbatz bateko gizon emakumeak solemnitatea eman diote ekitaldiari. Eta bertsolariak Amuriza eta Iturriaga -Plateruen plantak eginez- eta dantzariak ostean, eta musika elektroniko ederra kitarra doinuz lagunduta. Eta fanfarrea bat, eta Gari bi kantu eginez, eta Ander Lipus maisu indiarragaz batera, eta Sei Urteko Jokin, eta Alain Martxoak 31koa.

Durangoko Kafe Antzokia handia da, orain arteko handiena. Eta Bilbokoak gora begira zeuden, hemen ere zenbat diru gastatu eta egin daitekeen pentsatuz. Eta musikazaleak kontzertuak buruan, eta poesiazaleak Peru Magdalenaren liburu zaharra irakurri gura du....

Eta halako batean hara non agertzen den Joseba Sarrionandia. Eta Garaizar izeneko testu bat irakurtzen hasten da. Bere umetako irudiak, bere aitite-amaman auzoa, eta baserria. Eta autopistako irudiak, eta gu -zelan ez- 120 kilometro/orduko abiaduran igaro gara. Eta Joseba Sarrionandiak berbaz jarraitu du. Eta berari so geratu gara, entzuten duguna entzun gurean, ulertzen, konprenitzen, baina antza ez da egundo itzuliko. Gu hemen izango gaitu itxaroten, zilarra eta urregorria baino, alegrantzia ederragoa delako.

Eta gero Beñat Gaztelurrutiaren diskurtsoa entzuteko prest geundela, hara non jausi den, eta Fidelek bezala 8 hazur apurtu dituen: eskerrik asko Komandante! hik bai, balio dokela.

Azken kantua, eta pintxoak. Bideo proiekzioa. Eta urte luzeotako irudiak, eraikuntza, auzolana, diru bilketa.... baina bai, Durangok badu Kafe Antzoki bat. Plateruena.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu