Sustatu logoa Teknologia albisteak

Plateruena Kafe Antzokia urriaren 28an zabalduko dute

Sustatu
2004-10-20 11:10

Egitasmoaren gaineko xehetasunak ezagutzeko, Asier Iturriagarekin (Kafe Antzokiko programatzailea) izan gara. Asier Iturriaga: "Era guztietako eta adin guztientzako kultura ekitaldiak antolatuko dira"

"Plateruena" izenak esanahi bereziren bat al dauka?

"Plateruena" izenak esanahi bereziren bat al dauka?

Bai. Durangoko Plateruak, Juan Cruz de la Fuente eta Antonio de la Fuente anaiak izan ziren. XVIII. mendearen bukaeran jaio ziren eta lanbidez zidarginak edo plateruak ziren. Hala ere, beraien lanbideagatik baino, benetan famatuak egin ziren beraien kulturzaletasunagatik eta euskalzaletasunagatik.

Kontuan izan behar dugu aita Burgosekoa zela, eta beraz, jatorriz erdaldunak zirela, ama Gasteiztarra izan arren. Bi anaia hauek euskaraz ikasteaz gain, euskal kulturari ekarpen handiak egin zizkioten eta garaiko kronikek diotenez ziderginak ez ezik bertsoegile, musika eresle, dantzari trebe eta bihotz zabalekoak omen ziren. Beraienak dira "Hator, hator...." eta "Kausino" kantu ezagunak, adibidez.

Guk "Plateruena" izena jarri diogu gure antzokiari, gure uste apalean bi anai hauek ezin hobeto irudikatzen dutelako kulturzaletasuna, euskalzaletasuna, umore ona, jairako alegrantzia, gizartean integrazioa, eta beste hainbat balore positibo.

Durangoko Plateruen inguruko datu danak Antton Mari Aldekoa-Otalora idazle iurretarraren "Durangoko Plateruak" (Gerediaga, 1984) liburutik hartuta daude.

Nork (nortzuk), noiz eta nola garatu da Durangoko Kafe Antzokia proiektua?

Berbaro Elkarteak buruan aspalditik izan badu ere, duela bospasei urtetik hona garatutako proiektua da Kafe Antzokiarena. Hasera hartan, beste kokaleku batetan oso aurreratuta geneukan proiektu batek huts egin zuen eta ondoren gaur egun dugun proiektu hau aurrera ateratzea lortu dugu. Eraikuntzarako dirua biltzen duela bi urte pasatxo hasi ginen eta eraikitzen berriz orain dela urtebete.

Zeintzuk dira helburuak?

  • Durangon euskalgintzaren erreferentzia izango den gunea sortzea, baliabide eta gaitasun handiagoz ekingo diona euskararen aldeko elkarlaneko zereginari.
  • Durango eta inguruetako herritar guztiei irekia izango den kultur eta aisialdi proposamen duina plazaratzeko aukera erraztea.
  • Durangaldeko elkarte eta talde ezberdinentzako erabilgarria izango den gune herritarra sortzea, beraien ekintza eta asmoak gauzatu ahal izateko.
  • Urte osoan zehar programazio finko eta kalitatezko bat eskainiko duen gune bizia, kulturala, euskalduna eta integratzailea izatea.
  • Lehenagotik lanean diharduten kulturgune desberdinen eskaintza ordezkatu ordez, berau osatu eta aberasteko asmoz, talde hauekin elkarlanean aritzea.

Nolako da K. Antzokia? Eraikuntzaren ezaugarri fisikoak zeintzuk dira?

Kafe Antzokiak 1000 metro koadro ditu hiru solairu ezberdinetan. Lurpeko solairuan biltegia eta kamerinoak kokatzen dira. Beheko solairuan eskenatokia, jantokia, kafetegia eta barra nagusia daude eta goiko solairuan, anfiteatroa, komunak, musika kabina, barra txikia eta bulegoak. Eskenatokiari dagokionez, 12 x 8 m-ko azalera du eta 6 m-ko altuera. Eskenatokiaren ahoak 10 metro ditu.

Aurreko galderaren haritik, zein azpiegitura ditu soinu eta argi aldetik?

Guztira 8.000 W soinu eta 48.000 W argi dituen ekipoa dago, bere mahai eta bestelako monitore, mikrofonia, .e.a

Zein nolako ekitaldiak izango dira bertan? Zein zerbitzu izango ditu?

Era guztietako eta adin guztientzako kultur ekitaldiak antolatuko dira. Kontzertuak, hitzaldiak, diaporamak, mahai inguruak, nagusi zein umeentzako antzerkia, dantza ikuskizunak, bertso saioak, e.a. Euskal Herriko zein atzerriko kultur ekoizpenak programatuko ditugu, betiere kalitatea eta erakargarritasuna uztartuz.

Noiz irekiko ditu ateak? Nolakoa izango da zabaltzea?

Urriaren 28an, iluntzeko 8etan antolatu dugun irekiera ekitaldiarekin zabalduko ditu ateak. Ordubete eskaseko ikuskizuna izango da eta Euskal Herriko kulturgile eta kultur talde desberdinek parte hartuko dute diziplina desberdinetan: musika, dantza, antzerkia, koplak, proiekzioak, e.a.

Etorkizun motzera, egitaraurik bai?

Bai. Hona urriko eta azaroko egitaraua:

Urria:

  • 28an: Irekiera ekitaldia.
  • 31n: Umeentzako antzerkia: Bertso Magia.

Azaroa:

  • 4an: Mahai Ingurua: "Emakumeak idazle".
  • 5ean: Kontzertua: Rafa Rueda eta Bide Ertzean.
  • 11n: Kontzertua: Igor Arzuaga.
  • 13an: Kontzertua: Betizu Taldea.
  • 15ean: Idazle Presoen Nazioarteko eguna.
  • 16an: Yamaha Master Class.
  • 17an: Diaporama: Jon Abril. "Txina, dragoia ernatzen delarik".
  • 19an: Kontzertua: Gari eta Sei Urte.
  • 25ean: Hitzaldia: Toti Martinez de Lezea.
  • 26an: Kontzertua: GOR Gaua, Kerobia, Stupenda Jones eta Brigada Criminal.
  • 27an: Kontzertua: Alfonso Sastre eta Rogelio Botanz.
  • 28an: Umeentzako antzerkia: Txan Magoa.

Plateruena.com izango da Durangoko Kafe Antzokiaren webgunea eta urriaren 28rako sarean egotea espero dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu