Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aurki eta Berria euskal webgunerik aipatuenak

Sustatu - Sustatu
2004-10-20 10:10
Bilatzaile eta atariak: Google lehena zalantzarik gabe. Aurki 14. postuan.

Bilatzaile eta atariak: Google lehena zalantzarik gabe. Aurki 14. postuan.

Eustat-en datuen arabera hamar internautetatik bederatzik GOOGLE erabiltzen dute bilatzaile gisa. Hurrutira, Yahoo eta Terra datoz.

Aipamenetan, lehen euskal bilatzaile eta atari elebakar moduan Aurki.com ageri da, 14. postuan, duela urtebeteko postuan baina goranzko joera txiki bat erakutsiz.

Webak: El Correo eta Hotmail nagusi dira EAEn. Berria 31. postuan.

Bilatzaile eta atariak aparte, 15 urte eta gehiagoko Interneteko biztanleria erabiltzailearen aipamenen arabera web erabilienak El correo eta Hotmail dira .

Hurrengo postuetan Diario Vasco, Euskadi.Net, EHU, Marca, BBK eta Kutxa ageri dira.

Aipamenetan, lehen web euskal elebakarra bezala Berria.info ageri da, 31. postuan. Lehen aldiz ageri da zerrenda honetan.

Aipamen bitxiak

Dena dela, oso kuriosoa da zerrenda horretan EAE-an gehien aipatzen diren 50 weben artean Cadiz.com bezalako webgune familiarra edo desagertutako beste batzuk (Navegalia.com, esate baterako) aurkitzea.

Informazioaren gizarteari buruzko inkestaren datu eta aipamen gehiago Eustat-en webgunean

Gaztetxoen artean erabilera ludiko asko eta posta elektroniko gutxi.

Eustat-en prentsa oharrak dioenez, 6 urtetik 14ra bitarteko adingabeen hamarretik bederatzik jada ordenagailua erabiltzen du eta %38,2 internautak dira.

Adingabeek gehienbat jolasetarako (%95) erabili dute ordenagailua, baina testu prozesagailua ere askok (%56) erabili dute. %11,4k CD-ROMak edo DVDak kopiatzeko erabili du PCa eta erabilera hau 15 urte edo gehiagokoen artean ehunekoa %42,5era iritsi da.

Azken hiru hiletan, 8 adingabetik 7k (%86,9) ordenagailua ikastetxean erabili du eta zerbait gutxiagok, %77,1ek, etxean.

Internauta adingabeen lautik hiruk liburutegiak eta bestelako dokumentazio-zentroak bisitatu ditu, %59k hedabideak (%68,7k, 15 urte edo gehiagokoen artean) eta %55,8k aisialdirako WEBak.

TXATen erabilera ere nabaria da, ia erdiak erabili du, eta 15 urte eta gehiagoko biztanleriak %34,8.

Alderantziz gertatu da posta elektronikoarekin: %36,7k erabili du eta aztertutako gainerako biztanleriak %80.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu