E-posta konfirmazioa ezinbestekoa izango da aurrerantzean Sustatun
Gaurtik aurrera, bidalketetan e-posta konfirmatu egin beharko da, Sustatun mezurik argitaratzeko. Kontrol neurri serioa dirudi, baina serioagoa da motibazioa: irainak, epaitegiko zitazioak, Sustaturen jarduna zapuzteko arriskua...
Hasieratik izan du Sustatuk, mezuak kargatzeko orduan, honako oharra e-posta sartzeko eremuan: (E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik). Gaurtik aurrera, e-posta helbidea ez da publikatuko baina konfirmazio hori efektiboa izango da. Sustatura bidalitako erantzun edo artikulu bakoitza benetako e-posta helbide batekin identifikatuta geratuko da, prozedura automatiko batekin. Honela, alegia:
- Bidaltzaileak e-posta helbide bat emango du alor horretan. E-postarik eman ezean, ezingo da mezurik kargatu.
- Emandako e-posta helbidera mezu bat bidaliko du sistemak automatikoki. Jasotzaileak, mezu horretako instrukzioei jarraituz, bi aukera izango ditu, konfirmatu ala ezeztatu. Normalean, e-posta benetakoa izan bada, bidaltzaileak bere mezu propioa baieztatu ahal izango du. Norbaitek beste pertsona baten e-posta eman badu, tranpa egiteko, jasotzaileak berak idatzi ez duen mezu bat topatuko du, eta hura berea ez dela esateko aukera izango du.
- Konfirmazioaren ondoren, mezu orijinala bada, artikulu orijinalekin orain gertatzen den bezala, edizio-taldeak onartzeko zain geratuko da. Erantzuna baldin bada mezua, automatikoki argitaratuko da.
Zergatik neurri hau?
Sustatun parte hartzen duen gehiengoaren jokaera jatorra eta aportatzailea izan bada ere, zenbaitek, anonimotasunataz baliatuz, mezuak bidaltzeko pertsonalitate faltsuak erabili edo mezu iraingarriak argitaratu dituzte. Azken boladan, Sustaturen bisita kopurua gehitzearekin batera, joera horiek areagotu egin dira.
Erantsitako idatzian ikus dezakezuen bezala Sustatun agertutako mezu jakin baten ondorioz, eta partikular batek jarritako salaketari jarraituz, Durangoko Epaitegiak ikerketa judizial bati ekin dio, eta eskabide bat zuzendu dio Sustaturi, gaztelania hutsez.
Ikusi ditugun mezu iraingarri guztiak ezabatzen saiatu gara, baina Sustatun errespetua eta jardun irekia bermatzeko e-postazko konfirmazioa ezartzea ezinbesteko neurria dela iruditzen zaigu. Kontrol neurri hau bezala, aurrerantzean ere Sustatuk beharrezko irizten dituen beste batzuk ere hartuko ditu, bere jarduna ziurtatzeko.
Kontrol neurri hauek zorrotzak dira. Desegokiak irudituko zaizkie batzuei. Kudeaketa-irizpide hoberik baldin badauka inork, Interneten bertan froga ditzake: foro, weblog, eztabaidagune, posta-zerrenda eta abarren sorkuntza erraza da gaur egunean. Sustaturenak baino irizpide hobeekin sortzen diren foroak ongi etorriak izango dira: Interneteko euskal esparruak toki gehiago behar ditu, ez gutxiago.
Erantzunak kargatzen...