Botila hautsi eta nahasmena isuri
Aurrekoan idatzi nuen artikuluak Botila bat ardo ala ardo botila bat? erantzun asko izan zituen, tartean Joseanena:
- > Joxek gaur egungo idazleen testuetan arakatu du, baina hori bezain garrantzitsua litzateke euskarazko testu klasikoetan ere arakatzea. Horrek erakutsiko baitigu euskararen tradizioan zein erabilera eta bilakaera izan dituen "ardo botilak".
Bat nator Joseanekin: beharko genuke datu base bat, non jasoko liratekeen gure idazle klasikoen lan guztiak. Horrela, askoz ere errazagoa egingo litzaiguke kontsultak egitea. Hala ere, ez dugu itxaron beharrik datu base hori egin arte, jakiteko gure klasikoek nola erabili zuten ardo botila edo botila ardoa.
Tradizioaren bidetik
Euskarazko lehen liburuak inprimatu zirenetik behintzat bai, euskal idazleek modu batean adierazi dute eztabaidatzen ari garen hori. Hona hemen zenbait adibide:
Agirre, Txomin. Iru librako besigua, lauko ogiaren erdia ta pitxar bat ardao berialaxe iruntsi ta txipillau eizituan, jardunari itxibarik. Kresala.
Anabitarte, Agustin. Botilla txiki bat koñak asi-berria neukana. Aprika-ko Basamortuan. (80. or.)
Aresti, Gabriel. Ni hemen nagoen bitartean, botila bete kazalla edan du. Ipuinak. (81. or.)
Axular, Pedro. Korinthioek bere erregearen izendatzea eta koroatzea usatzen zuten zirimonietarik bat zen, ekhartzea bere aitzinera beira bat ur. Gero.
Bilintx. Zer afariya! Ogiya, / botilla bat ardo eder. Bertso ta lan guziak. (92. or.)
Constantin, J.B. Zunbat itzikiz edan zian botilla ardua eta ezarri zian ohe pian botilla erdi-kalaxe beterik bere huretik. Aipamen llabur bat Haritchabalet Jaun apezaren gainean. (21. or.)
Duvoisin, Jean Erregu bat ogi gisuztatu nahi bada, ezartzen da bertz batean berotzen hamar laurden ur. Laborantzako Liburua.
Erauskin, Jose Ramon. Lan gogorra izaten zen benetan, baña izaten ziran tarteka-tarteka beatz txakarra ederki jiratzen zutenak ere; zurruta egin eta otzak ederki ateratzen zituztenak, alegia. Oiek an eramango zuten beren botilla ardoa arropa tartean. Aien Garaia. (32. or.)
Etxepare, Jean. Bi botoila Rioja hautak hustuak ditugula azken xortaraino. Beribilez. (26. or.)
Leizarraga, Joanes. Zenbat zor draukak ene nabusiari? Ehun barril olio ( ) Eta hik zenbat zor duk? Eta hark erran zezan: ehun neurri ogi. (Luk. 16, 6-7)
Mitxelena, Koldo. Eseriko dira ( ) kai-ondoan dauden mahai luzeetan, nork bere botila ardoa aurrean, eta zintzurra urratu beharrean ekingo diote kantuari. Mitxelenaren Idazlan Hautatuak. (310. or.)
Mogel, Juan Antonio. Nesca, atera eguin azumbre bat ardao, ta esaijon ugazaba andriari ipiñi daigula cerbait bazcaitaco. Peru Abarka.
Salaberry, Jean Dominique. Hemen bagirade orai zenbait lagun, / Botoila bana arno edan dezagun. Chants populaires du Pays Basque. (264. or.)
Soroa, Marcelino. Arkitu zuben ( ) mai baten aurrian txiki erdiko botilla arduarekin. Baratean. (57. or.)
Urruzuno, Pedro Migel. Agertu zen lehioan Mari-Andres eta lehendabizi ikaratu zen zerbait Anton-Zurrut, baina pitxer bat ardo edan eta haize batzuk bota zituenean, honela kantatu zion Mari-Andresi. Umorezko Ipuin Hautatuak. (100. or.)
Txirrita. Botilla bat Jerez. Txirritaren Bertsoak. (136. or.)
Uztapide. Gustora! guk erantzun oi genion. Lan-toki ederra dago-ta! Zu etorri maiz samar olakoxe zatokada ardoarekin, da arreglatuko gera!. Lengo Egunak Gogoan. (124. or.)
Adibide sorta honek erakusten digu botila ardoa erabili dela barra-barra, XX. mendeko bigarren laurdena arte ia. Hortik aurrera etorri da beste erabilera bat, ardo botilarena.
Gaur egungo idazleak ere tradizioaren ildotik
Hala ere, gure aurrekoen arrastoa sakona da oso, eta gaur egun ere, garbi antzeman daiteke gure garaiko idazleen artean.
Alberdi, Pedro. Halako batean, botila ardo eta lau edontzi eskuratu, eta Esterrek esandako mahairantz abiatu zen Mikel. Kafka Bilbon. (125. or.)
Alonso, Jon. Hirurak desagertu ziren tranpatxotik, azkar demonio, eta atea doi beren atzetik itxi zenean, nik kalamar-latek, hautsontzi beteek, tabako paketeek eta botila metal-urek osatutako paisaje kaotiko samarraz doi-doi une batez konturatzeko denbora eduki nuenean, gizon saldo burrunbatsu bat barneratu zen etxolan. Euskal Karma. (21. or.)
Cano, Harkaitz. Makurtu eta ohe azpian bere botikin partikularra xerkatu zuen: ohepetik sei botila Cutty Shark atera zituen, hasi gabe zeudenak, eta zazpigarren bat, azken hau erdiraino beteta. Pasaia Blues. (37. or.)
Cillero, Javi. Besterik gabe, sukaldera joan, eta botila bat esnerekin itzuli zen baratzera, xorta bat platerean ipintzera. Hollywood Eta Biok. (198. or.)
Epalza, Aingeru. Haren bigarren botila vodka eskuetan berotzen ari nintzen; lehenbizikoa, nire izterren artean zetzan, hutsik. Rock-n-Roll. (22. or.)
Etxeberria, Hasier. Botila urarekin itzuli nintzenerako, izarapean zegoen egokituta. Arrainak Ura Baino. (85. or.)
Gartzia, Juan. 1941eko apirilaren 30ean, ohiko opilari botila bat koñak, bertakoa, gehitzera ausartu nintzen. Ipuin Hautatuak. (157. or.)
Iturralde, Joxemari. Eta edateko pare bat botila garagardo. Euliak Ez Dira Argazkietan Azaltzen. (191. or.)
Iturriaga, Unai. Sukaldeko atean agertu zen ardo botila bat esku batean eta botila ardoa bestean. Berandu Da Gelditzeko. (29. or.)
Linazasoro, Karlos. Beraz, etxeak behea jo zezanean, lurrarekin bat egin eta bere habeak hondakin bihur zitezenean, Brown jaunak pentsatuta zeukan botila bat xanpaina zarataz irekitzea -frantsesa jakina-, eta mozkortzea ere bai akaso, aspaldiko partez. Ez Balego Beste Mundurik. (61. or.)
Mendiguren Elizegi, Xabier. Makina bat botila sagardo hustu genian han garai batean. Errautsen Distira. (82. or.)
Montoia, Xabier. Botila bat ardo eraman eta laster batean suspertuko da. Baina Bihotzak Dio. (30. or.)
Mujika Iraola, Inazio. Bilera bukatu berria eta botila bat ardo beltzen inguruan denok eserita. Gerezi Denbora. (13. or.)
Saizarbitoria, Ramon. Hoteleko gela batean gertatzen den eszena arrunta, zeinean bera zetazko izaretan zegokeen eta ni botila hotz bat xanpain eta sakeletan kristalezko kopa bi nituela azalduko nintzen. Gorde Nazazu Lurpean. (93. or.)
Sarrionaindia, Joseba. Eta botila ardoaren inguruan kartetan hasi ziren, errime solasean. Lagun Izoztua. (155. or.)
Zabala, Juan Luis. Pizza zatiren bat edota beheko tabernan erositako ogitartekoa jango nuen, edo lardaskatu askotan hura ere, osorik sabeleratu gabe, hiru laurdeneko botila ardoa lagun. Agur, Euzkadi. (15. or.)
Zubizarreta, Patxi. Afaldu ere han egin dut, baina hotelera itzuli naizenean, futxo!, Tom ohe gainean luze-luze etzanda topatu dut, eskuan botila bat whisky zeukala. Jeans-ak Hozkailuan. (291. or.)
Baita itzultzaileak ere
Irene Aldasoro. -Ekarri plater bat ilar -esan zuen-, eta botila bat garagardo gorri. Dublindarrak. (83. or.)
Lopez Arana. Azken botila xanpainari zerbitzu-mahaiaren gainean zegoen nikelezko izotz-ontzi batean eragiten ari zitzaion. Manhattan Transfer. (50. or.)
Iñaki Mendiguren. Izeba Petuniak aparteko afaria prestatu zuen, eta osaba Vernonek hainbat botila ardo zabaldu zituen. Harry Potter eta Azkabango Presoa. (27. or.)
Morales, Jose. Sinetsiko didak bazkaritan hamazazpi botila xanpaina edan nituela nik bakarrik? Arima Hilak. (101. or.)
Olano, Antton. Zure kontu-liburuan idatzita ikusi dut, ostegun gauean, Lord Shoremanek eta Mr Worthingek nirekin afaldu zutenean, zortzi botila xanpain hustu zirela. Fidel Izan Beharraz. (22. or.)
Rey, Fernando. Abieri bi botila bourbon eta sei botila ginger ale nahi nituela esan nionean aho zabalik gelditu zen, harrituta. Hobe Nuen Etxean Gelditu. (209. or.)
Josu Zabaleta. Berehalaxe itzuli zen, botila bat ardo gorrirekin, eta eskuan karta joko bat zekarren, auzoko bati eskatua. Gauza Baten Ametsa. (157. or.)
Erantzunak kargatzen...