Laxaro Azkunek utzi egin du Herri Irratia
Gaur iluntzean entzun diogu azken aldiz Laxaro Azkuneri esatari lanetan Herri Irratian. Iturritik izeneko irratsaioan garbi esan du gaurkoa izango dela bere azken irratsaioa Herri Irratian. Azkenerako utzi ditu azalpenak, baina saioaren azkena iritsi denean, eten egin dute emisioa, 22:00etako albistegia sartzeko. Beraz, entzuleak geratu dira jakin ezinik zergatik joan den Laxaro irratitik.
Zergatik irratia utzi
Sustaturi azaldu dionez, niri Irrati honetara sartzeko aukera eman zitzaidanean, bide zabala eman zidaten, hau da, euskara, euskal kultura lantzeko, gehiago zehaztu gabe. Euskal Herria proiektu bezala hartu nuen bere izaera propio eta nortasunetik, eta bide horretan eskuak libre izan ditut 21 urte hauetan.
Orain, berriz, irratiko gaur egungo zuzendaritzak nahiago izan du zeregin horiek beste norbaitzuekin eta beste modu baten lantzea. Bestetik, irratia bera, diru arazoak bide, berrantolaketa batean sarturik dago azken urteetan.
Urte emankorrak
Laxaro Azkune 1983an hasi zen lanean Herri Irratian. Aldi horretan saio askotan parte hartu izan du Bidez Bide, Kale Kantoian, Txinpartak eta Iturritik, besteak beste, baina denetan euskara eta euskal kultura landu izan ditu, nahiz eta bestelako gaiak ere jorratu: herri kirolak, bertsolaritza, baserria, ikastolak, literatura, abesbatzak, etab.
Nire aldetik, urte emankorrak eta pozgarriak izan dira, oro har, urte hauek, esan digu Laxarok atzera begiratuta. Jende asko eta ona ezagutu dut, eta beti borondate oneko jendez inguraturik izan naizen irudipena izan dut.
Aurrerantzean, Laxaro Azkune itzultzaile lanetan hasiko da, Jesusen Lagundiaren enpresan: garai eder bat bukatu da, eta beste bati ekingo diot, baina beti ere euskara, euskal kultura eta Euskal Herria buru eta bihotzetan ditudala, eta nire eguneko orduak berari eskaintzeko asmoz. Eskerrona besterik ez dut guztiontzat.
Erantzunak kargatzen...