Berriaren webgunean irakurri dugu, gaur goizaldean hil da Martin Ugalde. Euskaldunon Egunkariako sortzaile eta Ohorezko Lehendakari zen.
Koldo Izagirrek honela idazten zuen Martin Ugalderen gainean:
Bizimodua ateratzeko egin behar izan zituen lanbide desberdinei gaineratu behar genizkieke 1936-37ko gerrak ekarritako jazarpena, ihesa, erbestea eta familiaren sakabanaketa. Deserrian, kulturgabetua da Ugalde. Baina herriminean edo diruketan babestu ordez, Amerikan sustraitu nahi izan zuen euskaldun gazte hark, hartan aurkitu Europan ukatzen zitzaion aberria. Venezuelak, gisa guztietako errefuxiatuen topaleku, errealitate anitz eta aberatsa eskaintzen zion. Saltzaile, ordezkari, erreportari... batetik bestera zebilela, Martin Ugaldek herritarrak eta etorkinak, egoerak eta hizketak ikasiko zituen. Maisuki idatzitako kroniken bitartez Caracas-eko etxe-orratzez landa dagoen errealitate gordina ageri du, eta aldi berean ageri du, gero eta bertakoago duen idazkeran, bere venezuelatartasuna. Kazetagintza ikasbide ona baldin badu ipuinerako, euskalduntasuna ukatua duen euskalduna izateak minbera bihurtzen baitu hizkuntzaganako: idazle bezala agiri delarik 1955ean Un real de sueño sobre un andamio ipuinarekin, osoro da Ugalde idazle latinamerikarra. Venezuelatartasunez izan ere, bertakotasunez.
Literaturaren historia betea dago fikziozko obra garatzeko berea ez beste hizkuntza hartu zuten idazlez, baina oso bakanak dira ostera hizkuntza nazionalera itzuli zirenak. Martin Ugalde bere burua bi aldiz egin dutenetakoa da.
Venezuelan sustraitua, egonkortua, obra saritu eta laudatu baten jabe zelarik, Ugaldek, euskaldun kontzientziatu eta ekintzale bezala, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hainbat arrazoi zeuzkan etortzeko: seme-alabak, lan politikoa... eta baita konpromisoa osotasunean ulertzeko gaitasun berezi bat ere, alegia, politikagintzak nor beraren liberazioa ekarri behar duelako uste sendoa; hots, eta bere belaunaldirako bereziki, euskalduntzea. Hirurogeita hamarreko urteetan bertaratzen denerako Ugalde idazle osoa eta egina zen, eta horixe eman nahi izan zion euskal kulturari, bere kazetari gaitasuna, bere idazle sena. Horrela hasi zen Martin Ugalde bere hizkuntza literario berriaz jabetzen, garai hartan euskara batuari buruz zebilen zurrunbiloaren erdian eta gure kulturari zetozkion molde berrien zaletasunean: kazetari, ipuinlari, nobelagile, konpromisoaren eredu, idazle profesionalaren adibide, euskarazko eta Latinamerikako narrazio laburraren maisu, Martin Ugalde ezinbesteko erreferentzia dugu egungo euskal literaturan.
Martin Ugalde Andoainen jaio zen (Gipuzkoa) 1921ean, eta bertako seme kutuna da. Ohorezko Euskaltzaina ere bada, eta Honoris Causa doktorea UPV-EHUn.
Goian bego
Egokia iruditu zaigu Koldo Izagirreren testu hau,gipuzkoakultura.net webgunetik ateratakoa. Tamalez, 83 urte zituela joan zaigu Martin Ugalde gaurko egunez. Goian bego.
Euskadi Irratian elkarrizketatu dituzte Miren Azkarate eta Martxelo Otamendi. Martin Ugalderen gainean berba egin dute.
Miren Azkarate:
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuak Martin Ugalde bizitza guztian egin duen lana goraipatu du. Euskaltzain, idazle eta euskaltzale bezala, euskalgintzan hainbat alor landu zituela azpimarratu du sailburuak.
Euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa "hainbat lekutara eta hainbat zereginetara" eraman zituela aipatu du. Bizitza osoan herrigintzaren alde egin duela adierazi du.
Martxelo Otamendi:
Martin Ugaldek euskararen alde egindako lana azpimarratu du Martxelo Otamendik. "Euskaldunon Egunkaria-ko ohorezko lehendakari baino gehiago, ohore bat izan zen guretzat horrelako lehendakari bat izatea", adierazi du.
Otamendiren iritziz, "Kulturan eta gizartean "mende honetako gizonetako bat" izan da Ugalde.
Martin Ugalde Orradre Andoainen jaio zen 1921garrenean. Gerrak, ordea, hirutan zatitu zuen familia. Venezuelara ihesi joana zen aita, anaia gaztea Moskura eramana zuten bitartean. Martin eta ama geratu ziren Euskal Herrian eta 1947a arte ez ziren guztiak bilduko Caracasen. Hantxe bilatu zuen Ugaldek bere ametsa abiatzeko aukera: Kazetaritza eta literatura uztartu zituen. EL FAROL aldizkaria zuzentzeaz gain, maila goreneko narratiba idatzi zuen gaztelania kriolloz: "Un real sueño sobre un andamio" eta "La Semilla vieja" liburuak dira argitaratutako batzuk. Ekintzaile politikoa, Jose Antonio Agirrerekin ezagutuko zituen Euzko Gaztediko buruzagitza eta Caracaseko Centro Vascoaren zuzendaritza bezalako lanak. 1969garrenean, familia guztiarekin itzuli zen Euskal Herrira baina berriz ere alde egin behar izan zuen Iparraldera. Euskara eta euskal kultura izan ziren Ugalderen kezka betierekoak eta aldi batez, Sailburu-orde ere izan zen Garaikoetxearen lehen agintaldian. Euskal Politikari abertzaleen arteko zubi, Francoren garaian eraginkorrak izan ziren zeharo hark idatzitako SINTESIS DE LA HISTORIA DEL PAIS VASCO eta HABLANDO CON LOS VASCOS liburuak. Literaturaren alorrean, aitzindaria eta berritzailea izan zen euskal narratiban: "Iltzaileak" edo "Mantal Urdina" dira horrexen adibide.
Ekintzaile bezala, belaunaldi gazteagoekin bat egin eta Euskaldunon Egunkaria sortzen jo zituen ahaleginak. Hedabide horren aurkako sumarioan sartu izanez, harrotasunez bizi izan du Ugaldek. Sari eta ohore handiak aitortu zaizkio bere bizitzaren amaiera aldera: Honoris Causa Doktorea EHUtik, Lan Onari Lehendakariak emandako saria...Gaur bere izena daukan kultur parkea dago eraikita Andoainen. Berak esaten zuen bezala, azken hatsera arte jardun du idazten. Gero begiak itxi eta akabo.
(H. Etxeberria)
Susa eta Erein argitaletxeen ekimenez, Martin Ugalderen Hiltzaileak lana osorik dago Interneten.
Martin Ugalderen lehen narrazio liburua da Interneten jarritakoa, 1985ean Erein argitaletxeak plazaratutakoa (lehenik 1961ean kaleratu zuen, Iltzalleak, Venezuelako Cromotip argitaletxearekin) bere lehen liburua da, eta agian enblematikoena literaturaren alorrean.
1993, Sendoa
* Antzerkia
1964, Cromotip
1990, Elkar
1966, Itxaropena
1990, Elkar
1961, Cromotip
1984, Erein
1990, Erein
1997, Erein
1973, Gero
1990, Elkar
1994, Euskaltzaindia BBK
2000, Elkar
www.armiarma.com-etik hartua